Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ura, 2. atala (Bizitzaren jarioaren inguruko zenbait erantzun eta gogoeta)

Azken artikuluan (hemen duzu irakurgai), uraren inguruko zenbait galdera azaldu genizkizun. Espero dugu irakurtzen jarraitu aurretik tartea hartu izana galderei (gorputzetik eta ikerketatik) erantzunak/gogoetak bilatzeko. Horrela da? Ederki! Jarrai dezagun uraren bideak arakatzen!

Agian bazenekien noiztik dagoen edateko ura zure etxean, edo agian galdetu behar izan duzu… Ziur gaude erantzunak ez zaituela epel utzi. Gure lurraldeko hainbat puntutan oraindik 70eko hamarkadan ura ez zen etxeetara iristen, eta familiako kideak (gehienetan emakumeak eta haur txikiak izaten ziren) plazako iturrira joaten ziren bila. Gogorarazi behar dugu gainera, gaur egun oraindik, munduan badirela hainbat lurralde edateko urik eskura ez dutenak1.

Uraren kudeaketari dagokionez, kontu pare bat. Agian, aurreko artikulua irakurri zenuenetik, ikertu duzu apur bat gaia; horrela, ziurrenik, deskubrituko zenuen uraren kudeaketa, kasu gehietan, azpikontratatuko enpresek eramaten dutela. Baina badakizu non dauden zure inguruko araztegiak? Nolako lanak egiten dituzten? Eta nola kudeatzen den azpikontratatutako zerbitzu hori? Noizbait aukera baduzu (batzuetan ateak irekitzen baitituzte), joan eta zeure begiekin ikusi.

Uraren jatorriari dagokionez, garrantzitsua da, ahal izanez gero, zure etxera iristen den ura non pilatzen den ikustea. Iturburu, urtegi edo urmael horretara (edo horietara) joatea. Ziur pentsatzen duzuna baino gertuago dagoela, eta agian, aurretik ez zara inoiz joan bizitzaren likido horren jatorri puntura. Urtegia nola dagoen behatzera ere gonbidatzen zaitugu, eta sortzen zaizkizun kezkei edo galderei erantzunak topatzera, dagokion erakundeari galdetuta. Bide batez, eskertza ariketa bat egitea gauza ederra da. Azken batean, jaio zinenetik, hor egondako likidoaz baliatu eta elikatu zara.

Honaino iritsi bazara, batuko zenituen jada zure etxeko ur txorrotak, ezta? Zer diozu? Harritu egin zara? Zenbat dira? 3, 4… 7!? Ez ahaztu kanilez gain arropa garbigailua izango duzula, eta agian

ontzi-garbigailua ere bai. Gogoratu ere komuneko bonba edateko urari lotuta dagoela (pentsatu duzu noizbait pisa ur garbiaren gainean egiten dugula?).

Agian, denboralditxo honetan, arreta (gehiago) jarri diozu uraren erabilerari. Horrela bada, konturatuko zinen zenbat aldiz eta zenbat gauzatarako irekitzen ditugun etxeko iturriak. Ura, kasu batzuetan, higienearekin lotuta dago, eta horrekin batera desinfekzioarekin. Hori bere momentuan gure gizarte ereduaren konkista izugarria izan zen, baina gaur egun, ziurrenik, ura beste gehiegikeria batzuetarako erabiltzen dugu, izan golf zelaiak ureztatzeko eta izan gure autoak garbitzeko.

Eta, azkenik, garrantzi handiko galderari erantzungo diogu: zenbat ur dago zeure barruan? Zein da ehunekoa? %70, hain zuzen ere. Guri izugarri pila iruditzen zaigu, eta datu horrek agerian uzten du zein garrantzitsua eta ezinbestekoa den ura gu bizirik jarraitzeko. Ur hori edateaz gain, elikagaietatik ere hartzen dugu. Eta datu horrekin argi geratzen da ur gabe ez ginatekeela ezer ere izango.

Zuhaitzekin esan bezala, oraindik ez dugu ezagutzen (ulertzen) uraren hizkuntza, baina jakin badakigu humanitatea bezalaxe ez dagoela bere momenturik onenean. Beraz, bizitzaren jarioak jarrai dezan uraren bidez, ezinbestekoa da besteak beste gu ere izatea likido itzel horren zaindariak. Ez dezagun ahaztu: “Urak dakarrena, urak daroa” eta gu geu ura gara.

 

Ilustrazioa: Ohiane Beñaran

1.https://www.fundacionaquae.org/wiki/cantidad-de-agua-potable-fuente-de-vida/

 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?