Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

KonMari metodoa bizitzako etapak ixteko lagungarri

Gertatu zaizu inoiz etxean dekorazioa edo antolamendua aldatzeko berebiziko premia sentitu izana? Altzariak etxearen punta batetik bestera mugitu, paretak margotu, txukunketa sakon bat egin… Horrelako beharren bat sortu zaizu bizitzako momenturen batean? Aldaketa bat egin ezean ezingo duzula beste ezertan aurrera jarraitu sentitu duzu?

Ziur nago etxean horrelako zerbait sentitu duzunean, zure bizitzako beste arloren batean ere mugituta zeundelako izan dela. Buruak ordena, aldaketa, antolaketa eta horrelakoak eskatzen dizkizu etxeko beste gune batzuetan bizitzako inflexio puntu batean zaudenean.

KonMari® metodoak milaka onura eta abantaila ditu. Etxea antolatzeko ezagutzen dudan modurik eraginkorrena izateaz gain, interesgarria zait zeure burua sakonki ezagutzeko aukera ematen dizula. Horri lotuta, bigarren onura nagusi bat aukeratu beharko banu, hau izango litzateke: bizitzako etapak modu erraz eta goxoan ixteko aukera ematearena. Pentsatu duzu inoiz horretan?

Bidean lagundu izan diedan pertsona gehienak (guztiak ez esatearren) behar praktikoetatik abiatuta hasi ziren nirekin lanean: ondasunak gutxitzeko beharra, denbora aurreztu nahia, antolaketa sistema egoki bat lortu nahia, armairu txukun eta bateratua izatea… Baina esango nuke guztiek eraman duten sorpresarik handiena izan dela beren ondasunak berrikusi eta aukeratzen zituzten bitartean bizipenak eta emozioak birkokatzeko aukera. Uste dut hori izan dela gehien eskertu eta baloratu izan duten aldaketa.

Gai zara irudikatzeko zer den aukera izatea zure armairua ordenatu ahala bizitzako momentu batzuei merezi duten lekua emateko eta beste garai batzuk betirako ixteko? Izugarrizko lana dirudi, baina benetan oso modu arin eta errazean egiten da. Are gehiago, esango nuke ia nahi gabe ateratzen dela.

Zer iruditzen zaizu kategoriaz kategoria ematen diren ondorio batzuk ikusten baditugu?

ARROPA BIZITZAKO GARAI EZBERDINEI LOTUTA

Gordeta dituzun arropa guztiak berrikusi eta antolatzen dituzun bitartean, esango nuke egingo duzun itxierarik handiena dela garaian-garaian izan zaren horri agur esan eta gaur egun zarenari ongietorria egitea.

Hemendik aurrera, femeninoan hitz egingo dut, nire kasuan, KonMari® metodoan interesa erakutsi duten pertsona gehien-gehienak (denak ez esatearren) emakumeak izan direlako.

Arropari lotuta, beraz, ziur aski, agur esango diozu haur zinela izan zinen neskatxa horri edo gaztaroko emakumeari. Nire esperientzian, aldaketa beharrik handiena 30 urteen inguruan edo/eta 40-50 urteen bueltan izaten da. 30 urteen bueltan gaztea izanik ere helduago sentitzen zarelako, zure estilo pertsonalean aldaketa beharra izango duzu (askorentzat, gainera, amatasunarekin egiten du bat eta hori beste barne iraultza bat da). 40-50 urteen inguruan, berriz, heldutasun berri bat senti dezakezu, zaharragoa beharbada bai baina inoiz baino kokatuagoa, arroagoa eta seguruagoa sentituko zara zeure buruarekin.

Gainera, emakumeok zailtasun estra bati egin behar diogu aurre. Askok sentitzen baitute (dugu) sistemak ezarri duen edertasunaren irudi idealizatuak egin duen mina eta min hori gainditu eta heldutasuna modu berrietan irudikatzeko beharra.

Hori dela eta, esango nuke estilo propioa bilatzea, hau da, ahaldunduta eta zu zeu sentiaraziko zaituen arropa aukeratu eta horren arabera armairua antolatzea ekintza hutsala baino gehiago iraultzailea izan daitekeela.

LIBURUEN BITARTEZ ZINTZOTASUNA BILATU

Badakit puntu honetan beharbada ez zarela ados egongo edo erresistentzia guztiak piztuko zaizkizula. Baina, ikusi izan dudanagatik, zure liburuak aztertu, aukeratu eta sobera dituzunak joaten uztea aukera handi bat da zeure buruarekin zintzoagoa izateko.

Zergatik diot zintzoagoa, egiazkoagoa ere, zergatik ez? Liburuek beste edozein kategoriak baino ugariago sortzen dituztelako aurreiritziak eta ideia eztabaidaezinak: “Liburuak ezin dira bota”, “liburuak edukitzea pertsona kultu edo landuaren seinale dira” (eduki, ez irakurri gainera),libururik gabeko etxea, etxe pobrea, ezjakinez betetakoa da”,Feminista, iraultzailea, ekologista edo dena delakoa bazara, ezinbestekoa da gaiaren inguruko x liburu izatea”…

Baina benetan zara feministagoa, kultuagoa, jakintsuagoa, landuagoa liburuak apalategian pilatuta edukitzeagatik? Zeren, izan gaitezen zintzoak, zenbat eta zer irakurtzen duzu zure egunero? Irakurzaletasunaren militanteek izan ezik, erritmo eta bizimodu hiperestimulatu honetan, gehiengoarentzat ia luxua da egunero irakurtzeko hamar minutu ateratzea. Gaur egun, irakurtzen dugun apurra online irakurtzen dugu, sare sozialetan eta blogetan.

Horregatik, liburuak aztertu eta benetan betetzen/mugitzen dizuten horiek bakarrik aukeratzen dituzunean, urteetan izan dituzun aurreiritzi, ideia eta irudi asko eroriko zaizkizu. Kasu askotan, ohartuko zara jakintza eta gogoeta asko jada barneratu dituzula. Uste duzuna baino jakintza eta iritzi kritiko handiagoa duzu, ziur nago. Bestalde, maskarak alde batera utzi eta libreago sentitu eta bizitzeko aukera emango dizu.

DOKUMENTUAK AZTERTZEAK ASKE EGINGO ZAITU

Etxea txukuntzeko garaian, badago beldurra ematen duen kategoria bat, paperen edo agirien kategoria. Hizkuntza administratiboa ulertzea zaila delako, askotan diru kontuekin zerikusia dutelako eta horrek oro har beldurra ematen duelako, ordena sistema konplikatuekin korapilatzeko joera dagoelako, paperak izugarrizko abiaduran pilatzen direlako… Mila arrazoirengatik, dokumentuak aztertu eta antolatzea askorentzat ez da batere lan sexya; alderantziz, ahalko balute, askok paperak alfonbra azpian gorde eta ez liekete inoiz gehiago begiratuko.

Baina egiaz alderantziz gertatzen da; zure dokumentuak errepasatu eta behar dituzunak sistema sinple batekin antolatzea lortzen duzunean, sekulako zama kentzen duzu gainetik. Gainera, ez duzu zertan bakarrik egin, bagaude lanketa hori egitea atsegin dugunak.

Gainera, dokumentu asko bizitzako momentu indartsuekin (zentzu onean) edo traumatikoekin lotuta daude: lan aldaketak, osasun arazoak, salerosketa handiak (etxea, kotxea…), jaiotza eta heriotzak, banaketak, herentziak… Horregatik, paper horiek guztiak ordenan jartzen dituzunean, bizipen horiek ere nolabait antolatuko bazenitu bezala da. Argia ematen diezu, batzuetan balioan jartzeko eta besteetan garai hori behar bezala ixteko.

‘KOMONO’-A ANTOLATUZ OHITURA BERRIAK SORTU

Komono-aren kasua salbuespena da. Hemen askotariko gaiak sartuko lirateke; aurreko kategorietan sartzen ez den guztia, alegia (sukaldea, bainugela, aparatu elektronikoak, zaletasunak, lanabesak, dekorazioa…). Eta esango nuke azpikategoria horiek berrikusi eta antolatzeak etapak ixteko baino gehiago ohitura zaharrak atzean utzi eta berriak barneratzeko aukera paregabea emango dizula.

KonMari® prozesuaren bidez, agian elikadura ohitura osasuntsuekin hasteko garaia dela ohartuko zara, edo horrenbeste desio duzun autozaintza ohiturak barneratzeko unea izan daiteke; agian, aspaldi alboratu zenuen zaletasunen bat berreskuratuko duzu, edo berri bati aukera emango diozu, lagunekin harremanak berreskuratu, eta abar.

Hori guztia egiteko denbora, indarra eta ilusioa berreskuratzen lagunduko dizu prozesu honek.

ZEURE BURUAREKIN ETA INGURUKOEKIN DUZUN HARREMANARI OHORE EGIN

Objektu sentimentalak berrikusi, aukeratu eta antolatzeko momentua biziki zirraragarria da. Argazkien, oroitzapenen, egunerokoen eta abarren bitartez zure bizitzaren film bat ikusiko bazenu bezala da. Niretzat, hori da KonMari® prozesuaren momenturik hunkigarriena, ez zaitu axolagabe utziko.

Une, esperientzia eta harreman horiek guztiak berrikusten ari zarela zure bizitzaren ikuspegi orokorragoa eta errealistagoa lortuko duzu. Ezer ez da gogoratzen duzuna bezain ona/txarra izango.

Eta aldi berean, oroitzapen edo bizipen onak harrotasunez gogoratu eta toki goxoago batean kokatuko dituzu. Momentu latzekin, berriz, duten garrantzia kendu gabe, egoera erlatibizatu eta maitasunez behin betiko ixteko aukera izango duzu.

Kontatu dizkizudan adibide guztiak egiazko esperientzietan oinarritzen dira, baina, hala ere, milioika aukeren artean topa ditzakezun kasuak dira, ez besterik. Bihotzez gomendatzen dizut KonMari® prozesua egitera animatu eta zure esperientzia propioa izatera. Nahi baduzu, pausoz pauso alboan izango nauzu, ibilbide osoan lagun egiteko.

Besarkada bat

Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?