Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Hirugarren bidea

Ez erosketa, ez alokairua: erabilera lagatzeko kooperatiba. Etxebizitzaz ari gara noski, eta, zehazki, bizitza komunitarioa bultzatu nahi duen ereduaz, baina baita jabetza pribatuaren alternatiba bilatzen duen ereduaz ere.

Seguru asko, izen bat baino gehiago entzuten ari zara: cohousing, coliving, etxebizitza komunitarioa, eta abar. Etiketa berritzailea du, baina, kontuak kontu, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du Danimarkan, Uruguain, Holandan eta Alemanian. Eta, gaur egun, milioika pertsona bizi dira eredu horretan.
Gertuago, Sants auzoko La Borda eta Madrilgo Entrepatios eraikinak ditugu, eta Euskal Herrian Koobizitza da eredu hori bultzatzen duen sarea.

 

Gai horri lotuta, urtarrilean bertan, Bilbon, Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategian, gaiaren inguruko hitzaldi batean, entzuleen artean egoteko aukera izan genuen. Benetan interesgarria izan zen dauden proiektuak ezagutzeko eta erabilera lagatzen duten etxeen ereduak dituen zirrikituak ikasteko.

Baina zer esan nahi du erabilera lagatzeak? Funtsean, etxea bizitza osoan erabiltzeko eskubidea. Kooperatibak laga egiten dizun erabiltzeko eskubidea; horregatik da jabetza beti kolektiboa.

Inbertitzen duzun dirua kooperatibara bideratzen da, eta, kooperatiba utzi nahi baduzu, zure zatia berreskura dezakezu, baina ezingo duzu inoiz etxea saldu edo egin duzun inbertsioarekin espekulatu.

Beraz, erabilera lagatzen duten etxeek erabiltzea balioesten dute, kontsumo ondasunaren edo kanbio balioaren ordez. Horrela, etxea izateko eskubidea berrasmatu dute, etxebizitza eskuratzeko eta komunitatean kudeatzeko formula berriak aurkitu baititu.

Beste modu batera esanda, eraikin bat etxe modura partekatzeko, denok jartzen dute dirua elkarrekin, euskaldunok lagun arteko poteoan eta afarietan egiten dugun moduan. Eta hori da, beharbada, ideiaren alderdirik interesgarriena, zure bizitza nahi duzun lagunekin partekatzeko aukera ematen dizula.

Familia hedatua edota familia zabala izatea. Ilusioak, desilusioak, ikaskuntzak, zaintzak eta abar partekatzeko aukera ematen du. Zure beharrak, haurren hezkidetza nahiz zahartzaroa beste lagun batzuekin partekatzea, kezka, motibazio eta interes antzekoak dituzten pertsonekin.

Eredu horrek beti proposatzen du espazio komunak partekatzea komunitatearen bizitza bultzatzeko, eta askotan auzotarrei irekitako guneak izatea ere bai. Imajinatuko duzuen moduan, horretarako, komunitatearen kudeaketa horizontala eta asanblearioa behar da, gaur egungo etxebizitzetako komunitate-batzar aspergarrietatik harago doana.

Euskal Herrian martxan dauden proiektu horien erronka nagusia da eraikigarriak diren lurzoruak prezio onean lortzea. Beste kasu batzuetan hutsik dagoen eraiki bat bilatzen dute, baina birgaitzeko orduan, obrak egiteko oztopoak ere izaten dira, gure arau urbanistikoetan oraindik ez dagoelako jasota etxebizitza tipologia hori.

 

Alde horretatik, administrazioak zeregin garrantzitsua du, kontuan hartuta irabazi asmorik gabeko eredu kooperatiboak aukera ematen diola hitzarmenak egiteko edo kooperatibei lurzoru publikoen azalera-eskubidea baldintza jakin batzuekin eskaintzeko.

Onartu behar dugu artikulu honen titulua amu gisa jarri dugula, guretzat laugarren bide bat ere badagoelako: alokairuko etxebizitza publikoa, etxe komunitarioaren eredua ere eskaini behar duena. Hori izan da Txirikordaren apustua Usurbilen, baita gazteentzako etxebizitza komunitarioen proiektua ere Errenterian. Kasu horretan jabetza publikoa izango litzateke, baina kudeaketa eta bizimodu komunitarioan oinarrituta.

 

Sarritan instituzioak herriaren atzetik joaten dira; beraz, bidea irekitzen duten proiektuak behar ditugu, bizitza eta jabetza komunitarioaren aldeko apustua egingo dutenak.

Argazkia1:www.noaua.eus

Argazkia 2: www.koobizitza.org

 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?