Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Valle de Odieta HTN: urtebete adiskidetze ekitalditik

2009an, Valle de Odieta – HTN enpresak Caparroson ezarri zuen esne ekoizpen intentsiborako makroetxaldearen kudeaketan irregulartasunak izan dira nagusi. Iazko martxoan, enpresak adiskidetze-ekitaldi batera deitu gintuen epaitegietara Nafarroako Makroetxaldeen aurkako Plataformako kide diren hamalau eragile, Sustrai Erakuntza barne. Arrazoia eragileok aurkeztutako txosten bat izan zen, haien ustetan iraingarriak eta kalumniazkoak diren adierazpenak baitzituen. Makroetxaldeen aurkako Plataformako kideek ez zuten atzera egin egindako adierazpenetan, egiazko informazioetan eta datu ofizialetan oinarritutako adierazpenetan atzera egitea ez baitzuten egokitzat jo. Beraz, akordiorik lortu ez zenez, enpresak urtebete izan du irainei eta kalumniei lotutako salaketa gauzatu ahal izateko. Epe hau martxoren 30 inguruan beteko da.

Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako txostena

2021eko irailean, txosten bat aurkeztu genuen Nafarroako Parlamentuan, Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldearen ekintzen ingurukoa. Gure asmoa talde politikoei enpresa horren egoeraren berri ematea zen, beti dokumentu eta datu ofizialetan oinarrituz, arduradun politikoak jakinaren gainean jartzeko eta parlamentuan egin beharreko galderak egiteko. Laburbilduz, hauek dira txostenak jasotzen zituen puntu garrantzitsuenak:

1.Enpresak, dagoeneko hemeretzi zehapen jaso dituen arren, haietako asko errekurritu eta ordaindu gabe gelditu dira. Beraz, enpresak jarraitu du bere eginkizunarekin, prozeduran ezer aldatu gabe. Zehapen zenbait oso arrazoi larriengatik ezarri ziren; besteak beste, minden isurketen ondorioz landaretza suntsitzeagatik eta ura kutsatzeagatik, baita Kontserbazio Bereziko Eremuetan ere.

2.Makroetxaldearen inguruan dauden udalerrien lurrazpiko urak nitratoz kutsaturik Nitrato horiek granjetan isurtzen diren mindetatik eta nekazaritzak erabiltzen dituen ongarri kimikoetatik datoz. Gainera, gogora ekartzekoa da iazko udan Villafrancako herritarrek izandako ur eskasia, zuzenean inguruko nekazaritza eta abeltzaintza industrialeko ereduak eraginda.

3.Enpresak hamaika zehapen jaso dituen arren, oraindik ere dirulaguntza itzelak jasotzen jarraitzen du Nekazaritza Politika Bateratutik (2019an 614.349€ jaso zituen, esaterako). Gainera, baimenduta zituenak baino abelburu gehiagorako dirua jaso du.

4.Ur kontsumoari dagokionez, Urbizik hainbatetan salatu du uraren kontsumo irregularra. Izan ere, baimenduta zituen animaliendako baino hamar aldiz gehiago kontsumitu dute urte luzez makroetxaldean. Gainera, 105 Ha ureztatzeko ur kantitate izugarriak kontsumitu izan dituzte baimenik gabe.

5.Valle de Odieta – Hibridación Termosolar Navarra enpresa bikoitzaren negozioaren parte bat hondakinen tratamenduan egongo litzateke oinarrituta. Baimendutakoa baino kantitate handiagotan tratatzen omen ditu estatu osotik barreiatuta dauden enpresetatik datozen hondakinak. 49 hondakin industrial organiko mota jasotzen ariko litzateke, besteak beste hiltegietako hondakinak, araztegietako lohiak eta berez konposta egiteko erabili beharko liratekeen Iruñerriko 5. edukiontziko hondakin organikoak. Bi irregulartasun egon litezke hemen: alde batetik, ez lukete beteko hondakinen jatorritik gertuen dauden araztegietan tratatuak izateko legedia, eta beste alde batetik, Nafarroako Gobernuak ez omen lioke eskatu izango enpresari negutegi efektuko gasak isurtzeagatik eskubide konpentsatzailerik ordaintzeko.

6.Gainera, green washing-aren ildoari jarraikiz, bioetxalde terminoa legediarekin bat ez letorkeen era batean erabiltzen ariko litzateke enpresa. Termino hori Europako produkzio ekologikoko legedia betetzen duten etxaldeek besterik ezin dute erabili. Eta Caparrosoko makroetxaldeak ez ditu eskakizunak betetzen.

Irregulartasun horiek guztiak kontuan hartuta, zaila da ulertzea nola hainbat pertsonak adierazpen askatasunerako eskubidea erabiliz idatzitako dokumentu batek, informazio teknikoa eta datu ofizialak dituenak, kalte handiagoa egin diezaiokeen enpresa horren izen onari administrazioaren zigor espedienteek baino.

Abere kopurua eta instalazioak handitzeko eskaera

Gaur egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Caparrosoko makroetxaldeak “7.200 esne behi heldu eta 600 bigantxa” edukitzeko baimena du; guztira 7.800 abelburu. Kopuru hori abeltzaintzan erabiltzen den erreferentziazko unitateetara itzulita, hau da, Azienda Larriko Unitatetara (AzLU), 7.620 AzLU lirateke. Hala ere, joan den urtarrilean publiko egin zen informazioan jakin dugu instalazioak handitzeko eskakizuna egin diola Valle de Odieta enpresak Nafarroako Gobernuari, honako kopuru hauetara iristeko: “7.900 behi ugaltzaile, urtebetetik beherako 2.172 txahal eta 1.300 bigantxa”. Horrek esan nahi du, adin eta tamaina guztiak kontuan hartuta, 11.372 abelburu izatera iritsiko litzatekeela. Kopuru hori duela gutxi onartua izan den 1053/2022 Errege Dekretua baimentzen duena baino % 1.138 handiagoa izanen litzateke, dekretuak 850 unitatetara mugatzen baititu etxaldeak.

Gainera, oraindik larriagoa den datu bat dago informazio horretan: enpresak handitzea eskatzeko aurkeztu duen dokumentazioan, ematen du jadanik ezkutuko handitze bat sartua izango luketela, ziur aski dagoeneko ezarria izango lukeela, alegia. Orain arte enpresak 7.620 AzLU-rentzako baimena izan arren, ikusi dugu enpresak bere dokumentazioan adierazten duela egungo makroetxaldeak 7.900 AzLU dituela. Beraz, litekeena da makroetxaldeak baimenduta dagoena baino abere kopuru handiagoa izatea jada (zehazki, % 3,67 handiagoa). Nafarroako Gobernuak egiaztatu egin behar luke hori, eta, beharrezkoa balitz, zuzenarazi.

Stop Abeltzantza Industriala

Abeltzaintza eredu industrialak oso ondorio latzak dakarzkio inguruneari. Animalien tratu txarrei buruzko eztabaidatik haratago, ingurumen eta gizarte alorreko ondorio kaltegarriak daude. Sortzen den hondakin-kantitate handiaren kudeaketa gaitzesgarria da, ezinbestean kutsatzen baititu lurrak eta akuiferoak nitratoz eta beste elementu batzuez. Eredu hori erregai fosilen, ongarrien eta antibiotikoen menpe dago erabat eta deforestazio dinamikak sortzen ditu. Gainera, enplegua sortu ordez, landa eremuan lan egin eta bizi diren pertsonen bizitza prekarizatu, baliabideak monopolizatu eta ustiategi txikiak desagerrarazten ditu, inolako aberastasunik sortu gabe, galerak baizik.

Horrengatik guztiagatik, egun epaitegietara joan gara 2021ean zenbait enpresek eskualde babestuetan sortutako kutsaduraren kontrako kausan. Gizarte zibila prozesu judizial horretan presente egon izan ez balitz, oso litekeena da kausa artxibatu izana, enpresa horiek dituzten abokatu armadak eta baliabide juridikoak direla eta.

Arrazoi horrengatik, epaiketaren gastuak ekonomikoki sostengatzeko, dirua biltzeko kanpaina bat hasi behar izan dugu. Ekarpen askorekin, nahiz eta txikiak izan, zalantzan jarri ahalko ditugu ingurugiroaren zein nafar nekazari eta abeltzainen sarea deuseztatzen duten enpresa handiak. Gure webgunean horren inguruko informazio gehiago jaso dezakezu.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?