Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Sasoi aldaketetan baliagarriak izango zaizkizun lau ordenatzeko ohitura

Urtaro aldaketak garairik politenetako bat izaten dira niretzat: argiaren eta koloreen aldaketa, energia bizia edo lasaiagoa, barrurantz edo kanporantz egoteko joera… Urteko une horiek eraldaketa eta hasiera berrietarako garaiak izan ohi dira.

Etxeari dagokionez, aukera bikaina bezain estresagarria izan daiteke. Izan ere, sasoi aldaketak etxeko edo armairuko antolaketa kudeatzeko garairik zailenetakoak dira. Euskal Herrian, bederen, denetarik egin dezake aste berean: uda giroko egun goxoa eta hotz polarra.

Sasoi aldaketak trantsizio garaiak direnez, zure etxea urtaro bakoitzera egokitzeko eta ordenatzeko ohitura erraz eta erabilgarri batzuk eman nahi dizkizut.

ANTOLATU ZURE ARMAIRUA ETA ETXEA

Erronka handi samarra izan daiteke armairuak ongi ordenatuta izatea aldaketa garai hauetan. Arropaz gain, bestelako ehunezko ondasunei eragiten die: izarak, eskuzapiak, mahai zapiak, dekorazioarekin zerikusia duten ehunak (alfonbra, gortinak…); horiek baitira garaiz garai gehien aldatzen ditugun objektuak.

KonMari® prozesu osoa edo gutxienez lehen kategoria eginda baduzu, arropa eta etxeko ehun guztiak (sasoi guztietakoak) armairu berean antolatuta izango duzu, eta hori abantaila da.

Baina, oraindik ez bazara animatu, sasoi berriak une ezin hobeak izan daitezke armairuak berrikusteko. Kasu horretan, amaitzera doan denboraldiko jantziak berrikusi eta aukeratu egin beharko zenituzke lehenengo, eta urtaro honetakoak ondoren. Errazagoa izan ohi da datorren urterako gorde nahi ez duzuna identifikatzea, badaezpada beharko duzulako zalantza edo beldurra errazago kudeatzen baita.

Edonola ere, zure ondasunak berrikusteko orduan, galdetu zeure buruari zintzotasunez: zerk egiten nau benetan zoriontsu? Zein jantzi edo objektu erabiltzen dut gustura? Ongi sentitzen naiz edo plazer ematen dit? Zenbat behar dut bakoitzetik?

Aukeratuta duzunean, armairuan eduki nahi duzuna antolatzeko unea da. Gogoratu sistema bertikalak lagunduko dizula jantziak eta etxeko ehunak erraz ikusi eta hartzeko moduan gordetzen.

UTZI ESKER ONEZ JOATEN BEHARREZKOAK EZ DIREN OBJEKTUAK

Badakizu ez dituzula gehiago erabiliko edo ez zaituztela zoriontsu egiten, baina halere zaila egiten zaizu ondasunei agur esatea?

Alde horretatik, ondasunak joaten uzten ikasi eta benetan behar/maite duzun horrekin bakarrik gelditzeko ohitura barneratzeko modu onik bada, ordena prozesua osorik eta kolpe bakarrean egitea da.

Pauso hori ematea biziki gomendatzen dizudan arren, ulertzen dut beharbada hori ez dela zuretzat une egokia izango. Horrela bada, lagungarriak izango zaizkizun hiru gako garrantzitsu utziko dizkizut:

1. Irudikatu ahal duzun xehetasun guztiarekin nolakoa izango litzatekeen zure bizitza ideala. Bizitza ideal horretan, esku artean duzun objektu horrek zentzua izango luke? Irudika dezakezu objektu hori bizitza berri horretan? Ez baduzu bertan ikusten, joaten uzteko momentua izan daiteke ez baitu zure barne desioekin bat egiten.

2.- ‘Badaezpada’ ez da existitzen. Imajinatu duzun balizko egoera hori benetan iristen bada, ziur nago zure inguruan nahiko baliabide izango dituzula esku artean duzun objektu hori gabe ere aurrera ateratzeko.

3. Edozein objektu baztertu aurretik, eskertuiozu zure bizitzan bete duen funtzioa. Eskertzeak sentipen atseginak ekarriko dizkizu, oparotasunarekin konektatzen lagunduko dizu eta etapak ixten lagunduko dizu.

APROBETXATU UNE HORI GARBIKETA OROKORRA EGITEKO

Nahiz eta, tradizionalki, garbiketa handiak urtearen amaieran/hasieran egiten diren, sasoi aldaketak ere une egokia izan daitezke etxearen garbiketari errepasoa egiteko.

Gogoratu ordenatu eta garbitzea ez direla gauza bera. Beraz, gomendatzen dizut egutegian lanerako egun bat zehazten duzunean zeregin horietako bakoitzerako egun bat (edo batzuk, zure beharren arabera) aukeratzeko.

ETXEKO GIROA ERALDATU

Armairuez gain, urtaro aldaketetan garrantzitsua da etxeko gainerako lekuetan ditugun ehunak egokitzea. Oheko tapaki eta izarak, gortinak, kuxinak, alfonbrak… Aldatzea zure etxeari aire berria emateko modu erraza eta ekonomikoa da.

Kasu horretan, urtaro baten eta bestearen energiarekin bat datozen ehunak eta koloreak bilatzeko gomendatzen dizut. Zer transmititzen dizu urtaro honek? Udazken/Neguaren kasuan: lasaitasuna, goxotasuna, barruraka egoteko gogoa… Ziur aski, gorputzak kolore beroak eta ehun lodi zein goxoak eskatuko dizkizu, hala nola lurra, okrea, laranja, arrosa, eta artilea, belusa, pana… Uda/Udaberriaren kasuan, aldiz: energia, alaitasuna, freskotasuna eta abar bilatu nahiko dituzu. Hortaz, ehun finagoak (kotoia, lihoa…) eta kolore fresko eta biziagoak aukeratuko dituzu.


Gomendio h
oriek baliagarriak izatea espero dut. KonMari metodoaren eta antolakuntzaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu, bisitatu Kokoro Tailerraren bloga.

Besarkada bat

Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?