Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Pasatutako urtea balioan jarri eta datorrenari gogotsu heltzeko aholkuak

Urte berria gainean dugun honetan, balantzea egin eta datorren urterako asmo edo helburuak zehazten hasia izango zara agian. Beste alor guztietan bezala, interesgarria litzake zure etxea nola dagoen eta bertan nola sentitzen zaren gogoetatzea.

Niretzat, helburu nagusia nire etxean eta bizitzan oro har zoriontsu sentitzea izango litzateke. Baina zer da zoriontasuna? Nola jakin egiazki zoriontsu ote zaren? Nola neurtu? Gogoeta horiei bueltaka aritzen naiz maiz, eta atera dudan ondorioa sinplea da, zinez. Zoriontsu naizela esan dezaket, mailaz maila neure esentziarekin lerrokatuta nagoela sentitzen badut.

Maila materialean, berriz, etxearen kasuan, esaterako, nire hitz gakoa oreka da. Oreka dudanaren eta lortu nahi dudanaren artean, oreka etxeko eginbeharren eta gozamenaren artean, oreka ekintzaren eta deskantsuaren artean…

Eta zurea? Zein hitz jarriko zenioke etxean duzun/lortu nahi duzun giroari?

NOLA EGIN URTEKO BALANTZEA

Balantzea egiteko garaian sistema arin bat bilatzea gomendatzen dizut.

Normalean, balantze horiek urte amaieran egin ohi ditugu, opor egunak izan ohi ditugula aprobetxatuz. Baina Gabonen buelta, aldi berean, nahiko garai estresagarria izan daitezke; izan ere, egun berezi guztiez gain, opor egunetan atzeratutako lan eta plan ugari izaten ditugu egiteko.

Nik hiru gai hauetan jartzen dut indarra:

– Neure buruarekin nola sentitzen naizen.

– Bizitza oro har nola sentitzen dudan (denbora librea, lana, harremanak, hazkuntza pertsonala, dirua…).

– Nire etxea nola dagoen.

Ikusten duzun moduan, etxeari berebiziko garrantzia ematen diot, eta aparteko atal bat eskaini diot. Izan ere, etxea habia, babeslekua, intimitatea eta oinarria da niretzat. Etxean ongi banago, lasaitasun, adore eta poz handiagoarekin ateratzen naiz mundura. Etxean oreka badut, kalean ere hobeto sentitzen naiz. Eta, alderantziz, etxean giroa ez bada ona, horrek gainontzeko alorrei izugarri eragiten diela ohartu naiz.

ZEURE BURUAREKIN NOLA ZAUDEN BALIOZTATU

Arin egiteko ariketa bat proposatuko dizut. Hartu lasai, etenaldirik gabe eta bakarrik egoteko minutu batzuk.

Jarri toki goxo eta postura eroso batean; arnastu sakon hainbat alditan, eta egin zeure buruari galdera ausartak. Galdera batetik bestera utzi momentu bat gorputzak nola erantzuten duen sumatzeko.

KonMari® metodoak etxea berrikusi eta antolatzeko garaian sistema bera erabiltzen du; arropak nahiz objektuak eskuetan hartuta gorputzak nola erantzuten duen behatzera gonbidatzen zaitu.

Probatu duzu KonMari® metodoa? Zer egiten zaizu errazago bizipenekin edo objektuekin gorputzak nola erreakzionatzen duen sentitzea? Nabaritu duzu ezberdintasunik? Niretzat, esaterako, argiagoa da objektuekiko irrika ezberdinak identifikatzea. Bizipenekin buruak burrunba handiagoa egiten dit, eta zailagoa egiten zait gorputzak bidaltzen dituen mezuak jasotzea.

BIZITZAKO ALORRAK BALIOZTATZEKO

Kasu honetan, are sistema errazagoa erabiltzen dut. Urte honetan izan ditudan gertakariak zerrendatzen ditut ahal dudan modurik zehatzenean. Bizitzako alor batean eta bestean gertatutakoak, garrantzitsuak eta hutsalak, karga positiboa eta negatiboa dutenak… Denak hartzen ditut kontuan.

Gero, 1-10 bitarteko balioa ematen diet bizitzako alor askotarikoei (hazkuntza pertsonala, osasuna, deskantsua, harremanak, dirua, formakuntza, enplegua…). Horrela, modu bisual batean ikus dezakezu oro har nola sentitu zaren, eta horren arabera ondoko urterako lehentasunak ezarri.

ETXEAN NOLA SENTITZEN ZAREN JAKITEKO

Etxeari dagokionez, ariketa arina izan dadin bi pausotan egitea proposatzen dizut:

1. Eman buelta bat etxetik, gelaz gela. Ireki armairuak, biltegiak, gelditu gela bakoitzaren erdian, eta erabili ahal dituzun zentzumen guztiak. Utzi gorputzari sentitzen: hutsik/beteta ikusten da gela, giroa arina/astuna da, pisutsu/arin sentiarazten dizu, irekitasuna/itxitura helarazten dizu, mugimendua nabari duzu edo energia blokeatuta dago…

2. Etxe guztitik igaro zarenean, hartu tarte bat, eta hiru zerrenda hauek betetzera animatzen zaitut; gero eta zehatzago bete, orduan eta ikuspegi zabalagoa eta informazio errealagoa atera ahalko duzu:

– Orain nola dago etxea edo/eta gela bakoitza.

– Zer desio duzu zure habiarako.

– Zein baliabide dituzu eskura. Baliabideak mota askotakoak izan daitezke: inguruko sareak/harremanak, ekonomikoak, profesionalen laguntza, elkarlanak, trukeak… Bururatzen zaizun edozer! Ziur uste duzuna baino gehiago duzula eskura.

ATERA ONDORIOAK. EMAN PAUSO BAT GEHIAGO

Nola sentitzen zara etxean? Egunerokoan atsegin duzuna egiteko askatasuna duzula sentitzen duzu? Ala kostatzen zaizu eginbeharren eta desio duzunaren arteko oreka bilatzea? Etxeko ordenak zure benetako lehentasunak zein diren identifikatu eta gustuko duzun bizitza eraikitzen lagundu ahal dizu.

KonMari® prozesua egiteak etxearekiko eta zure bizitzarekiko beste ikuspegi bat ematen lagunduko dizu. Ez da helburu nagusia izango, ondorio garrantzitsu bat baizik. Kategoriaz kategoria zure ondasunak banaka berrikusi eta aukeratzen jartzen zarenean, joera etxeko ondasunak gutxitu eta bizitza sinplifikatzekoa izaten da. Pilotu automatikotik esnatuko bazina bezala sentituko duzu. Zertan ez duzu denbora gehiago galdu nahi? Zerk egiten zaitu zoriontsu?

Urte berria aukera zoragarria izan daiteke etxea zuk desio eta merezi duzun moduan jartzeko. Goitik behera edo kategoriaka, zure erritmoa eta beharrak errespetatuz, pozarren lagunduko dizut bidean KonMari® prozesuarekin. Irrika sortzen badizu, harremanetan jartzera gonbidatzen zaitut.

Besarkada bat

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?