Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ordena eta etxeko goxotasuna zaintzeko ohiturak

Aurreko artikuluetan, KonMari metodoa ezagutu, eta kategoria bakoitza nola berrikusi eta antolatu ikusi dugu. Ordenaren prozesua osorik egiteak onura asko ekarriko ditu zure bizitzara; besteak beste: denbora aurreztea, zeure burua ezagutzea, autoestimua handitzea, lehentasunak argi izatea…
 
Dena den, badaude zure bizitzaren kalitatea nabarmen hobetuko duten oinarrizko ohitura batzuk. Praktikan jartzen oso errazak direnez, momentu honetatik bertatik has zaitezke zure egunerokoan erabiltzen.
 

10 OHITURA ESENTZIALAK

• Bidelaguntzen ditudanekin egiten dudan lanketa garrantzitsuenetako bat zera da, momentuan momentukoa kudeatzea; hau da, prozesuko pauso guztiak egitea ziurtatu, eta etengabe orainera ekartzen ditut. Prozesu pertsonal sakon bat hasten dugunean, oso ohikoa da aldaketak berehala ikusi nahi izatea. Ez gaude orainean egotera ohituak, eta horregatik, maiz egiten dugu huts gauza batean: kategoria bateko objektuak aukeratzen amaitu aurretik jada nola ordenatuko dituzun edo etxea nola dekoratuko duzun pentsatzen egotea.
 
KonMari prozesua egin ondoren eta kapsula-armairuaren sistemarekin konbinatuta, jada ez duzu denboraldi bakoitzean armairu aldaketa bat egin beharko. Nik, adibidez, armairu berean dut garai eta erabilera ezberdinetako arropa guztia. Beti dut guztia ordenatuta eta eskura, eta, horrela, sasoi aldaketetan ez dut arropa atera eta gordetzen denbora galdu behar.
 
• Zerbait erabiltzen duzun bakoitzean edo ia beti, behintzat, itzul ezazu bere tokira. Agerikoa dirudien arren, horrek markatuko du etxe ordenatu izan edo desordenatu bat izan.
 
• Arropa garbitzen dudanean, ez dut presaka garbitzen. Behar duen denbora ematen diot zintzilikatzeko uneari, ongi zabalduz gero zimur gutxiago ateratzen baitira. Jasotzeko orduan, beharrezkoa dena bakarrik lisatzen dut, eta, bestela, sistema bertikalaren bidez tolestu eta zuzenean armairuan gordetzen dut. Ekidin arropa pilatuta lisatu edo ordenatzeko zain uzten duzun tarteko pauso hori. Ahal dela, saia zaitez beti guztia jarraian txukun uzten.
 
• Berdin dokumentuekin. Kudeatu posta edo paper ezberdinak etxean sartu orduko; ez utzi pilatzen ordaintzeko fakturak edo agiriak egunez egun edo astez aste. Dokumentua jasotzen duzun momentuan, pentsatu ea berehala edo epe laburrean kudea daitekeen ala denbora luzez edo betirako gorde beharko zenukeen. Horren arabera, gorde dagokion karpetan.
 
• Etxe guztian oro har, baina bereziki bainugelan eta sukaldean, saiatu gainazalak libre uzten. Hezetasunaren, koipearen eta bestelako zikinkerien eraginez, horiek dira gehien zikintzen diren guneak. Hortaz, saiatu guztia armairu edo apalategietan gordetzen, eta hartu ohitura gainazalak erabiltzen dituzun bakoitzean garbitzeko edo maiz garbitzeko.
 
Sistema bertikala erabiltzea oso lagungarria da; izan ere, aukera emango dizu begirada batean tiradera edo apalategietan gordeta duzun guztia ikusteko. Gainera, oso erabilgarria da objektuak erori edo mugitzeko arriskurik gabe behar duzun edozer erraztasunez hartu edo utzi ahal izatea.
 
Noizean behin eman buelta bat etxetik “zulo beltzen” bila. Horrela deitzen diet denetariko objektuak pilatzen diren tiradera, kaxa eta guneei. Badakizu etxe gehienetan egoten diren saski-naskiak? Tintarik gabeko boligrafoak, argazkiren bat, txanponak, apurtuta dagoen metxero bat, klipak, papertxoren bat… Era guztietako objektu eta bitxikeriak non jarri ez dakigulako nahi gabe pilatzen zaizkigun gune horietaz ari naiz.
 
Etxera iristen diren gauza berriekin (berdin da erositakoak, opariak edo norbaitek emandakoak), jarrera bera izan beharko genuke. Atetik sartu orduko funtziorik betetzen duten, zoriontsu egiten zaituen edo benetan zure etxean zentzurik baduen erabaki beharko zenuke. Guztiari baiezkoa erantzun badiozu, bilatuiozu gordetzeko toki zehatz bat.
 
Ordenatzea ekintza gozagarria izan daiteke etxeko txikientzat ere. Baina horretarako ezinbestekoa da helduok oinarrizko ohiturak barneraturik izan eta ordenatzea gustuko izatea. Nekez helaraziko diozu zerbaiten interesa, gogoa edo plazera, aurretik zuk zeuk landu eta gozatzen ez baduzu.
 

ZORIONTASUNERAKO BESTE 4 OHITURA

1// Ahal den neurrian, ezabatu mezu komertzialez betetako ontzien bilgailu eta etiketa deigarri guztiak. Gainestimulazio-une batean bizi gara, eta era aktibo eta pasiboan milioika input eta mezu jasotzen ditugu egunero. Ontzietako bilgailuak eta etiketak kendu eta produktuak kristalezko potoetara aldatzen badituzu, hobeto mantentzeaz gain inguruko “zarata” gutxitzen lagundu eta lasaitasuna emango dizu.
 
2// Gozatu zure ondasunez beti egun berezi bat izango balitz bezala. Zein mezu bidaltzen diozu zeure buruari erosi eta hurrengo egunean horren ongi geratzen zaizun soinekoari etiketa kendu eta estreinatzen baduzu? Edo horren usain eta kalitate ona duen krema ematen baduzu gauero? Edo otordu bakoitzean une berezietarako gordetzen duzun baxera erabiliko bazenu? Argi dago, ezta? Modu horretan zeure buruari bidaltzen ari zaren mezua zera da: berezia eta garrantzitsua naiz, neure buruari eta ingurukoei ematen diedan zaintza eta ongizate guztia merezi dut, eta bizirik nagoelako soilik beti da ospatzeko moduko eguna.
 
3// Bilatu ohorezko toki bat zure bihotzetik gertu dauden objektuentzat. Berdin da zein kategoriatakoak diren; zuretzat bereziak badira, bila iezaiezu toki berezi bat. Horrela, armairua ireki eta ikusten dituzun bakoitzean, zirrara berezi bat, zoriontasun ziztada bat, sentituko duzu.
 
4// Oso garrantzitsua da bost zentzumenak zaintzea. Usain goxoa ematen duten lore freskoak, maite dugun irudiren bat, goxotasuna ematen duten oihal edo ehundurak, inguruko zarata ezabatu eta gustuko duzun musika jartzea… Horrelako ekintza txikiek lasai, geure buruarekin konektatuta eta “etxean” sentiarazten gaituzte.
 
Prest zaude ohitura horietakoren bat gutxienez gaur bertan praktikan jarri eta denboran eusteko? Espero dut baietz; ikusiko duzu horrelako ekintza txiki batek zelako aldaketa eragingo duen.
 
Besarkada bat
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?