Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ondasunekin dugun harremana eta eskertzearen garrantzia

KonMari prozesuari buruz hitz egiten dudanean, behin eta berriz galdetzen didate ea zein den gure ondasunak zailtasunik gabe joaten uzteko modua. Ea badagoen, nolabait esateko, “diogenes” izan daitezkeenei laguntzeko moduren bat.
 
Niretzat, zalantzarik gabe, eskertza da baliabide errazena eta garrantzitsuena. Hain da ariketa sinplea, ezen sinestezina baitirudi. Asko harritu egiten dira, eta baliabide gehiago eskatzen dizkidate, teknika elaboratu edo konplikatuagoen bila. Zorionez, askotan baliabiderik sinpleena izaten da eraginkorrena ^_^.
 

ONDASUNEKIN DUZUN HARREMANA

Nolakoa da zure ondasunekin duzun harrenana? Materialki ematen dizutenaz gain, zure barruko zein behar edo nahi betetzen dituzte zure objektuek?
 
Beharbada, bizitza iraunkorrago baten bila zabiltzalako edo azkenaldian zure bizitzako lehentasunak birplanteatzen ari zarelako, aldaketa sakon bat behar duzulako edo besterik gabe gaia interesatzen zaizulako… Zure ondasunen inguruan gogoeta egiten hasi bazara, ohartuko zinen haiekin duzun harremana beharrizan materiala baino harago doala:
 
• Batzuetan gure oinarrizko beharrekin dute zerikusia: onartua izatea, maitatua sentitzea, talde baten parte izatea… Mugimendu sozial bateko elastikoa izan daiteke horren adibide, ezta? Edo futbol ekipo batena, zergatik ez.
 
• Besteetan ingurukoekin dugun harremanari lotuta dago, pertsona horiekin izan duzun harremana da lotura. Esaterako, zure amonak josi zizun jertsea, lagun minak oparitu zizun liburua, edo bikotekideak aisialdian egiten duzuen zerbaitetarako oparitu zizun osagarria.
 
• Momentu jakin batean izan duzun bizipenari ere lotuta egon daitezke objektuak. Bidaietatik ekartzen dituzun opariak dira adibide garbiena.
 
• Estatus soziala edo gizartean gure tokia adierazteko balio duten objetuak ere badaude.
Adibidez, beti mahonezko galtzekin doan pertsona langile klasearekin indetifikatzen dela ulertzen dugu guztiok, ezta? Edo, norbaiten etxera joan eta ezker-eskuin eta goitik behera liburuz betetako apalategiak baditu, pertsona landua eta jantzia dela interpretatuko zenuke.
 
Ikusten duzun moduan, zure ondasunekin duzun lotura uste baino sakonagoa eta konplikatuagoa da askotan. Horregatik da horren zaila batzuentzat objektu horiek joaten uztea, modu batean beren bizitzaren zati batekin hausten ariko balira bezala sentitzen dutelako. Ez bizitzako zati batekin bakarrik, pertsona batekin hausten ari zarela ere senti dezakezu, edo okerrago, traizioa egiten ari zarela. Eta, nola ez, horri memoriaren hauskortasuna ere gehitu beharko genioke. Gorde izan duzu inoiz zerbait, pertsona edo momentu hori zurekin “betirako” gorde nahi duzulako?
 

PRAKTIKATU ESKERTZA EGUNEROKOAN

Gutako bakoitza mundu bat gara; horregatik, artikulu honetan ematen ari naizen adibideak azalekoak dira, eta ez dituzte adierazten egon daitezkeen egoera eta ñabardura guztiak. Baina uste dut ideia orokor bat egiteko balioko dizutela. Azken finean zera ulertarazi nahi dut, objektu gehienen atzean emozioak, sentimenduak eta bizipenak daudela.
 
Hortaz, esango nuke eskertza etengabe praktikatzeak hainbat ondorio edo onura dituela. Batetik, ohitura hori zure barruan praktikatzen duzunean, egunerokoan dituzun gertaera txiki guztiak beste maila batera igoko dituzu. Eskertzak bizipen eta lorpen txiki horiek balioan jarri eta osotasunarekin konektatzen lagunduko dizu. Konturatuko zara konkista xume eta aldi berean bereziak egiteko gai zarela. Horren ondorioz, zure autoestimua indartu eta zabaldu egingo da besteak beste zoriontasunaz duzun pertzepzioa.
 

ASKATZEN LAGUNDUKO DIZU

KonMari prozesuari dagokionez, benetan zuretzat garrantzitsua dena argi izateak, sobera duzuna joaten uzten lagunduko dizu. Kasu honetan ere, oso baliabide garrantzitsua iruditzen zait eskertza. Pentsa zein desberdina den zure amonak jositako jertsea ia begiratu gabe zuzenean zakar boltsa batean sartzea. Edo, eskuetan hartu, bihotzera hurbildu eta eskerrak eman ondoren, maitasunez zakar poltsa berean uztea.
 
KonMari aholkulariok eskertzeko formula hau erabiltzen dugu:
“Eskerrik asko ………………………….(dena delako objektua) nirekin igaro duzun denboran ………………………………….(eman dizun hori: “goxo sentiarazi”, “x jakintza”, “x esperientzia bizitzeko aukera” eta abar) eman didazulako. Orain joaten utziko dizut, beste norbaiten bizitza zorionez betetzen jarrai dezazun. Bizitzak behar dudan guztia ekarriko didalako uste osoa dut”
Probatu duzu? Horrela errazagoa da zure ondasunak joaten uztea, ezta? Bereziki ondasun minak direnean.
 

BEGIRADA ALDATUKO DIZU

KonMari prozesua egiten amaitu genuenean, M-k aipamen batzuk egin zizkidan oso esanguratsuak iruditu zitzaizkidan. Etxera sartzen nintzen bakoitzean bere ondasunak desberdin begiratzen nituela ohartu zen; objekturik arruntena ere, berezia eta baliotsua balitz bezala begiratu eta tratatzen nuen. Horrela, egunetik egunera, haren begirada ere eraldatzen joan zen, eta inguruan zuena errespetuz erabiltzen hasi zen. Ikusten duzu, beraz, objektu batek duen balioak ez duela mailarekin, kalitatearekin eta prezioarekin zerikusirik. Zure begiradarekin edo zaintzeko moduarekin baizik.
 
Nire ustez, gure ondasunak tratatzeko dugun modua erabat lotuta dago geure burua zaintzeko dugun moduarekin, eta alderantziz. Zure objetuak maitasunez erabili eta gordetzen dituzunean, zeure buruari esaten ari zara zaintza eta maitasun hori merezi duzula. Berdin kontrako noranzkoan. Zeure burua garrantzitsua dela sentitzen baduzu, ziur aski zure ondasunak ere era berean tratatuko dituzu. Aukeratu dituzun objektuak zure izanaren luzapena dira.
Espero dut proposamen hauek baliagarriak izango zaizkizula eta hein batean zure begirada eraldatzeko baliagarriak izango zaizkula.
 
 
 
Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?