Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Obulazioa eta emakumetasuna zalantzan jartzen

Ohikoa da obulazioa haurdun geratu nahi izatearekin erlazionatzea. Baina obulazioari bere horretan arreta ematea da gure apustua. Osasun adierazle garrantzitsu bat da. Azalean, ilean, loan, baita gure umorean ere zuzenean eragiten du obulazioak, kimikoki. Obulazioaren behaketari esker, gure oreka hormonala nola dagoen jakingo dugu, besteak beste.

Gure obulazioari begira jarri nahi dugu, gure gorputzaz gozatu nahi dugulako. Ez dugu desio beste gizaki bat sortu, baizik eta gu geu arau normatiboetatik harago birsortu eta bizi.

Fase garrantzitsu honetara hurbiltzea zaila egin zaigu, halere. Alde batetik, aipatutako emakumeen* ugalketa eredu inposatuarekin erlazionatu izan baitugu. Baina, horretaz gain, fase horretan arau sozial asko betetzea errazagoa egin ohi zaigu. Normaltasun estereotipatuaren barruan sartu gara; azal garbia izan dugu, eta politak izan gara, lagunkoiak, bitartekariak, hizlariak eta alaiak.

Obulazio unearen bueltan gaudenean, besteak zaintzeko joera areagotu ohi zaigu, eta gainera beste gizaki bat sortzeko gai den fasea da. Emakumetasunarekin erlazionatzen diren ezaugarri nagusiak (oraindik ere sustatzen direnak eta belaunaldiz belaunaldi betikotzen) puztu egiten direla dirudi. Obulazioaren egunaren inguruan bilakatzen gara “benetako emakume”.

Bakardade sentimendu sakonak harrapatuta, maitatuak eta onartuak sentitzeko erreguka ikusi izan dugu geure burua. Sarritan, makillatzen ez garenoi egun hauetan apaintzeko gogoa piztu izan zaigu, eta horrek harridura eta komentarioak eragin izan ditu gure inguru disidenteetan; hala, ahuldu egin da gure onarpen sentimendua.

Fase honetan, sexu desira pertsona ezberdinetara bideratu izan dugu, eta horrek barneratuta dugun monogamiarekin egiten du talka. Baita emagalduaren etiketaren gainean dagoen moralitatearekin.

Gure arbaso emakumeen oinordetza sentitu ohi dugu indartsu gure pentsamendu eta jokabideetan. Eta batzuetan, azalean azkura eragin izan digu horrek. Gainera, haserrearazi egiten gaitu, uneoro emankor egoteko araua sentitzen dugulako.

Lehen, gure erronka rol sexistetan erori gabe bizitzea zen fase honetan. Orain, badakigu ziur aski haietan eroriko garela. Baita aterako garela ere. Ziklikoak garelako.

Obulazio fasea kokatzeko pistaren bat edo beste eman gura dugu orain. Zure zikloaren egun kopuruaren batezbestekoari kendu 11-14 egun, eta, printzipioz, emaitzen egunaren bueltan gertatuko da.

Litekeena da egun horien bueltan sukulentzia (edo fluxu) zerbikal gehiago izatea, hezetasun sentsazio handiagoa. Fluxu hori nahiko gardena eta oso elastikoa izan ohi da. Komunera joatean, behatu papera; askotan dirdiratsu geratzen da. Bestela ere, fluxu hori behatzen artean har dezakegu eta behatu. Baginatik jaisten den hori obulatu ondoren eraldatzen joaten da, lehorragoa eta zuriagoa bilakatzen. Ez bada horrela, estrogenoak topera jarraitzen duten adierazgarri izan daiteke.

(Horren harira parentesi bat: salvaslip-en inguruko hitz batzuk aipatu nahi ditugu. Izan ere ohikoa da fluxu hau jasotzeko saiakeran slip-salbatzaile hauek jartzea, baina gure aluak material hau arrotz sentitzen du eta ondorioz sukulentzia gehiago sortu ditzake babes moduan).

Gorputzean nabari ditzakegun beste adierazle batzuk azalaren leuntasun eta garbitasun sentsazio handiagoa izan daiteke, bularrak apur bat puztea, eta kasu batzuetan molestia (edo mina) nabari obarioaren inguruan.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?