Obulazioa oztopatu edo blokeatzearen arrazoi nagusiak hormona desorekak dira. Desoreka horiek handik eta hemendik kontsumitzen ditugun hormona sintetikoek eragiten dituzte hein handi batean, baina bizimoduaren abiadurak eta estresak ere eragin handia dute.
Gure testuinguruan, errealitate bat da hiperrestrogenismoa deritzona. Hau da, zikloaren lehen fasean izaten den estrogenoa ziklo osoan izaten jarraitzea. Horren ondorioz, lekurik gabe geratzen da bigarren fasean azaldu beharko litzatekeen progesterona hormona lasaigarria.
Hori gertatzeko arrazoietako batzuk planteatuko ditugu, baita zer egin dezakegun ere. Dena den, nahiz eta maila indibidualean neurri asko har ditzakegun, aldaketa kolektiborik gabe, arazoaren erroak hor jarraituko du.
Kanpo estrogenoak, edonon
Disruptore endokrinoak gorputzaren hormona sistema desoreka dezaketen sustantzia kimikoak dira. Hormonen efektuak imitatzen dituzte kasu batzuetan, eta beste batzuetan hormonen efektua aldatu eta gorputzari mezu nahasiak bidali.
Disruptore horietako askok estrogenoen antzera jokatzen dute, eta xenoestrogeno esaten zaie. Ingurugiroan kalte larriak sortzeaz gain, ugalkortasunean arazoak sortzen dituzte. Tumoreak eragiten dituzte, eta gaixotasunak hormonen mende dauden beste organo batzuetan (bularrak, tiroidea, prostata), baita gaixotasun metabolikoak (diabetesa), immunologikoak eta sistema neurologikokoak ere.
Gure egunerokoan, oso ohikoa da xenoestrogenoekin topo egitea. Hauek dira egunero topatu eta ekiditeko aukera gehiago ditugunak:
Batetik, plastikoa oro har. Horietako batzuk elikagaiak biltzeko plastikoak, plastikozko botilak, sukaldeko film gardena, sukaldeko plastikozko tresneria, plastikozko bilgarriak eta plastikozko jostailuak eta biberoiak.
Bestetik, “garbitasunerako eta edertasunerako” erabili ohi diren produktuak. Horien artean, kosmetiko ez ekologikoak, garbitasun pertsonalerako produktuak, kremak eta etxea eta tresnak garbitzeko produktuak. Baita, erabilera argirik ez dute “higiene intimoko” produktuak ere.
Nola ez elikagaiak: fruta eta barazki ez ekologikoak, arrainak, haragi ez ekologikoak, esneki ez ekologikoak, elikagaietarako koloranteak, eta abar.
Eta, azkenik, tresna elektronikoak, bulego tresnak, etxebizitzak eraiki eta berritzeko materiala.
Ikusten duzuenez, xenoestrogenoz inguraturik gaude, eta bai, oso posiblea da gure oreka hormonala onena ez izatea. Oreka hormonal egokia izatea gaur egun salbuespentzat jo daiteke, kontuan edukita sistema nola tematzen den desorekak eragiten dituzten produktuetan eta bizi ereduan murgildu gaitezen.
Aipatutakoez gain, arrazoi anitz direla medio (aknea, hilekoaren mina, ile “ugaria” gorputzean…), oso ohikoa da pilula antisorgailuak hartu ala ez erabaki behar izatea nerabezarotik helduak garen arte. Hau da, hilekoa dugun edo obulatzen dugun denbora tartearen une batean edo bestean, pilula horiekin topo egin dezakegu. Eta gehienetan ez dugu jakiten horrek gure gorputzari zer dakarkion.
Laburki esanda, gure hormonen dantza ekiditen du, ez erregulatu. Beste era batera esanda, obulazioa deuseztatzen du.
Gure gorputzetara itzultzea, ikertzea, kapitalismoak agintzen duen abiadura bizkorra ukatzea, geure burua zaintzea eta osatzeko bidean kokatzea iraultza da. Planto egitea da. Hilero automatikoki sufritzeari uzteko eskubidea dugu.