Hilekoaren zikloaz hitz egin ohi da, faserik ikusgarriena delako isuri gorriaren ondorioz. Baina hilekoa izatea baldintzatuko duena obulazioa da; horregatik, hilekoaren zikloari obulazio zikloa ere deitzerik badugu. Errepasatu ditzagun gure gorputzean era ziklikoan izaten diren aldaketak:
Obulazio zikloa bi fase nagusitan banatu dezakegu (folikularra eta luteoa), hormona bat edo beste zein nagusitzen den. Hormona gehiago dauden arren, estrogenoaz eta progesteronaz arituko gara.
Progesteronaren hormonak eragin lasaigarria sorrarazten du gorputzean. Geldotasunera garamatza, erlaxaziora, lora, sakontasunera, eta, kontraesankorra badirudi ere, arintasunera. Chill out sentsazioan murgilduko gaitu.
Estrogenoak, aldiz, mugimendura bultzatzen gaitu; energia igoera sentitu ohi dugu, eta horrek rave giroa sorrarazten du gure gorputzean.
Estrogenoa hilekoaren lehen egunetik nagusitzen da, hau da, fluxu gorria kanporatzen dugun lehen egunetik, eta obulazioa gertatzen den arte irauten du. Egun horietan, estrogenoek folikulu bat garatzen laguntzen dute, eta hori obozito bilakatzen da. Fase estrogenikoak, beraz, hilekoak eta obulazio aurrekoak dira.
Progesterona, berriz, obulazioaren ondoren nagusitzen da. Baina adi! Obulaziorik gertatzen ez bada, gure gorputzak ez du progesteronarik sortuko. Obulazioaren eta hilekoaren aurreko faseetan, berez progesteronak beharko luke gure gorputzetan dantzan.
Baina arazo bat dugu, denek, humanitate moduan. Nahiz eta, uteroarekin jaio garen gorputzetan du eragin zuzena; beraz, ez da ikusgarria, eta ez da aintzat hartzen. Salbuespen batekin, ugaltzearekin topo egiten dugunean.
Oro har oso obulazio eskasak izatea da gure arazoa, eta, ondorioz, progesteronaren hormonaren faltan ibiltzea. Hori oztopo bat da, haurdun gelditzeko orduan. “Lagundutako” ugaltzearen harira, gero eta klinika gehiago topatzen ari gara.
Baina gure lanaren arreta ez doa bide horretatik. Gure obulazioa eskasa denean edo obulatzen ez dugunean (ziklo ez-obulatorioa deritzo horri) ez dugu progesterona sortzen. Horrek, besteak beste, hilekoaren aurreko angustia eragin ohi du, titiak puztea eta min ematea. Hilero-hilero, hamar egunez min fisiko zein emozionalean murgiltzen gara gutako asko. Guk min horiei arreta jartzera gonbidatzen zaituztegu. Ez isilean izatera. Normalizatutako min horiek normalak ez direla ikusgarri egitera.
Maila indibidualean, pausoak eman ahal ditugu kiribilean, baita maila komunitarioan ere. Hurrengo artikuluetan sakonduko dugu eremu horietan. Gaurkoan, maila sozialean jarri nahi dugu arreta. Min horiek ez direlako soilik emakumeen* ardura.
Obulazio ziklorik izatekotan, zenbait baldintza elkartu behar dira. Gure gorputzak inguru ezin arrotzagoan mugitzen ari dira egunero. Oztopo ugari gainditzen saiatzen, eta bitartean, minez. Izendatzen ez dena ez omen da existitzen, eta ikertzen ez dena, are gutxiago. Carme Valls Llobet[1] da ikerlari erreferente gutxienetakoa, eta azaltzen du nola oztopatzen den gure obulazio zikloa.
Xehe-xehe ikertu du zer-nolako eragina duten gure gorputz ziklikoetan besteak beste plastikoak, elikagaietako pestizidek, normalizatuta dugun estresak, uraren eta airearen kalitateak, eremu elektromagnetikoek, enplegu baldintzek eta kosmetikoek.
Gure minak aintzat hartzea nahi dugu. Minez bizitzeari utzi nahi diogu. Bakarrik asko egin dezakegu; lagunekin iraultzak gauzatzen ditugu. Baina jendarteari eta politika publikoei interpelatzea ere tokatzen zaigu.
[1] “Medioambiente y Salud” liburua, Carme Valls Llobet, Catedra argitaletxea, 2018.