Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Logela atsegina eta ordenatua edukitzeko bost aholku

Dakizun moduan, gure garunak edertasuna eta lasaitasuna topatzen ditu ordenaren eta simetriaren bidez. Etxean goxotasuna eta bakea lortzea ez da inondik inora gai makala! Nire ikuspuntutik oinarrizko beharra da. Horregatik, KonMari® aholkuen bidez, bizitza ordenatuagoa izaten eta batez ere etxean ongizatea areagotzen lagundu nahi dizut.

KonMari® metodoak kanpotik barrurako bidea proposatzen dizu lehenik. Baina, lanketa horren ondorioz, alderantzizko bidea ere egingo duzu. Kanpoan dagoena —zure ondasun oro— berrikusten, aukeratzen eta ordenatzen duzunean, zure barruko emozioak, sinesmenak eta bizipenak ere birkokatuko dituzu, ezinbestean. Aldi berean, zeure burua zenbat eta gehiago ezagutu, bizitzako esparru guztiek orduan eta gehiago egingo dute bat zeure esentziarekin.

Ikusten duzun moduan, itxuraz azalekoa dirudien proposamen baten atzean, metodo honek aukera emango dizu zure ondasun guztiak —eta bizitzako arlo guztiak— berrikusi eta benetan zoriontsu egiten zaituena bereizteko.

Horrez gain, KonMari® metodoak beste onura garrantzitsu batzuk ditu:

– Zehazki zer duzun eta objektu bakoitzetik zenbat duzun jakingo duzu. Zure gauza guztiek funtzio bat beteko dute, eta zentzua izango dute zuretzat.

– Sistema bertikalarekin eta ordena-prozesuan hartuko dituzun beste ohitura batzuen bitartez, leku gehiago izango duzu.

– Baina, batez ere, denbora asko aurreztuko duzu etxea antolatzeko orduan, eta benetan garrantzitsua den horretan erabiltzeko moduan izango zara.

Metodoak berezitasun garrantzitsu bat du: etxea gelaka antolatu beharrean, kategorien bitartez antolatzen da. Hori da modu bakarra etxea osorik antolatzeko eta aurreko egoerara ez bueltatzeko. Horregatik, biziki gomendatzen dizut antolatzeko hautua egiten baduzu etxea osorik eta kolpe bakarrean ordenatzea (ez egun edo aste bakarrean, noski).

Hala ere, gerta daiteke edozein arrazoi dela medio, etxe osoa antolatu beharrean gela bakarra antolatzeko aukera besterik ez izatea. Batez ere, errentan edo etxe partekatuetan bizi direnen beharra izan ohi da hori. Horrelakoetan, egoera hauek topatu izan ditut:

– Etxeko gainerako kideek horrelako prozesu batean sartu nahi ez izatea.

– Etxea kanpoko norbaitena izanik, objektuak edo etxeko espazioak aldatzeko aukerarik ez izatea.

– Espazio pertsonal bakarra logela izatea.

Azkeneko puntu horri lotuta, azpimarratu nahi dut kategoria gune bakarra ordenatu zein etxe osoa ordenatu ezinbestekoa dela zure espazio pertsonaletik hastea. Hau da, zurea bakarrik den horretatik abiatu behar duzu; bestela, trabak eta erresistentziak besterik ez duzu topatuko bidean, eta huts egingo duzu.

Hori guztia kontuan izanik, hemen dituzu logela atsegin bihurtzeko eta ordenari eusteko bost gako:

1. KonMari® metodoak bost kategoria bereizten ditu: arropa, liburuak, paperak, komono direlakoak (bestelakoak) eta objektu sentimentalak. Zure ondasunak berrikusi eta kokatzeko orduan, garrantzitsua da kategorien ordena errespetatzea, errazenetik konplexuenera ordenatzeko planteatuta baitaude.

Logelaren kasuan, gainera, maiz bost kategorietako objektuak izaten dira. Hori dela eta, gela bakarra antolatu arren, osotasun baten gisa (etxe oso bat izango balitz bezala) lan egitera gonbidatzen zaitut.

Funtsezkoa da, beraz, arroparekin hastea. Zure jantzi, zapata, osagarri eta poltsez gain, ehunezko guztia sar dezakezu kategoria honetan: ohe-arropa, toailak, oihalak, etab.


Kategoria osoa aztertu eta sistema bertikalarekin ordenatu ondoren, interesgarria da saiatzea dena armairu berean gordetzen edo gela berean dauden biltegiratze-sistemetan. Kategoria horretan (edo gainontzekoetan) sakondu nahi baduzu, irakurri
aurreko artikulu hauek.

2. Logela baten funtzio nagusia atsedenleku izatea da. Horregatik, beste kategoria batzuen presentzia, hala nola liburuak edo paperak (dokumentuak), etxeko beste gela batzuetara eramatea aholkatzen dut, egongelara edo bulegora esaterako. Jakina, momentuan irakurtzen ari zaren liburuak salbuespen bat dira.

Espazio falta edo bestelako arrazoiren batengatik logelak beste funtzio batzuk bete behar baditu, gelan bertan definitu beharko zenuke horietako bakoitzerako espazio bat: lo egiteko gunea, ikasteko gunea, jolasgunea, eta abar.

3. Normalean, ez dut KonMari® metodoa minimalismoarekin edo sinpletasuna bilatzearekin lotzen. Baina logelaren kasuan, bereziki funtzio bat baino gehiago betetzen dituenean, ezinbestekoa iruditzen zait irizpide hau.

Zure jantzi zein objektuak arreta handiz aukeratzeaz gain, altzariak ere modu estrategikoan hautatzeko esango nizuke. Gaur egun, diseinu zaindua eta funtzio asko betetzeko prestatuta dauden altzariak edo konponbide dekoratiboak topa daitezke inbertsio handia egin beharrik izan gabe.

4. Ordenari dagokionez, ohitura garrantzitsuenetako bat da objektu bakoitza erabiltzen amaitzen duzunean bere lekura itzultzea. Baieztapen xaloa dirudi, baina, nire esperientziaren arabera, ohiturarik zailenetakoa da, askotan erdibidean edo egin gabe geratzen delako. Hortaz, beti-beti ez bada, ahal duzun gehien praktikatzera animatzen zaitut, etxe/gela ordenatu baten eta desordenatu baten aldea markatzen du eta!

5. Ez ahaztu inoiz zoriontasun faktorea eta ikusmenaz gain zentzumen guztiak zaintzea! Hainbat adibide dituzu hemen: oheko arropa polit eta atsegin bat aukeratzea, erlaxatzen edo goxatzen lagunduko dizun kandela usaintsu bat piztea, argi erregulagarri edo bero bat jartzea, gela argazkiekin edo zoriontasuna transmitituko dizuten irudiekin apaintzea. Xehetasunetan dago desberdintasuna; aurkitu zeure esentziarekin lerrokatuta ongizatea handitzen dizuna.

Espero dut aholku hauek baliagarriak eta interesgarriak irudituko zaizkizula beteko zaituen etxe edo gela bat sortzeko orduan.

Besarkada bat,

Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?