Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

KonMari metodoaren oinarriak eta onurak

Aurreko artikuluan aipatzen nuen bezala, KonMari metodoa etxea edo espazio pertsonala antolatzeko ezagutzen dudan modu koherente, erraz eta eraginkorrena da. Itxuraz azalekoa dirudien arren, KonMari metodoa proposamen sakona da, eta eraldaketarako ahalmen handia du. Izan ere, zure ondasun guztiak berrikusi eta zure bizitzan baliagarria dena, betetzen zaituena edo zuretzat garrantzitsua dena aukeratzera gonbidatzen zaitu. Hortaz, zeure burua ezagutzeko modu bat ere bada.

Azken finean, ordenaren prozesua kanpotik barrura egiten duzun bidea da. Eta alderantziz. Kanpoan dagoena berrikusi, hautatu eta ordenatzen duzunean, halabeharrez zure barruko emozioak, sinesmenak eta bizipenak ere birkokatuko dituzu. Aldi berean, zeure burua zenbat eta gehiago ezagutu, bizitzako esparru ezberdinak orduan eta gehiago lerrokatuko dira zure esentziarekin.

 

KonMari metodoaren oinarriak

Asko laburbilduta, hauek dira KonMari metodoaren oinarriak (aurrerago ikusiko ditugu sakonago):

1// Kategoriaka ordenatzen da, gelaka edo espazioka beharrean. Ordenatzeko beste modu batzuekin alderatuta, hori izango litzake aldaketa iraultzaileena. Izan ere, betidanik gelaka ordenatu izan da, baina, era horretan, etxeko gune bat txukuntzen amaitzerako gainontzekoa berriro hankaz gora topatzen zenuen.

KonMari metodoak proposatzen dituen kategoriak honakoak dira: arropa, liburuak, paperak, komono —denetarik— eta objektu sentimentalak.

 

2// Lehenengo ondasun guztiak berrikusi eta aukeratu behar dituzu, eta ondoren ordenatu. Hau da, lehenengo zure objektu guztiak kategoriatan banatu, eta banaka-banaka errepasatu behar dituzu. Horretarako, garrantzitsua da aurretik aipatutako kategorien ordena errespetatzea. Horrek lana erraztuko dizu, errazenetik zailenera antolatuak baitaude.

 

3// Aukeratu zoriontsu egiten zaituena. Gure adimenaren, alde arrazionalaren edo praktikotasunaren arabera aukeratzera ohituta gaude. Baina, prozesu honetan, zure bihotzak esaten duenari adi egotera gonbidatzen zaitut. Zer sentitzen duzu objektu bat ukitzen duzunean? Nola aldatzen da zure gorputzaren jarrera? Nolako emozioak datozkizu? Zein dira objektu horri lotutako sentimenduak, oroimenak eta esperientziak? Bilatu zoriontsu, alai, bateratuta eta ahaldunduta sentiarazten zaituen hori. Jarrai iezaiozu zure senari, zure adimenak baino hobeto baitaki zuk zer behar edo nahi duzun.

 

4// Topatu objektu bakoitzarentzat toki jakin bat. Kategoria bakoitzeko objektu guztien aukeraketa egiten amaitzen duzunean, gordetzea erabaki duzun ondasun bakoitzarentzat toki jakin bat bilatu beharko diozu. Ahal duzun neurrian, kategoria bereko objetuak gertu gorde, eta Marie Kondo hain ezaguna egin duen sistema bertikala erabiltzea gomendatzen dizut.

 

KonMari metodoaren onurak

Zalantzarik gabe, nire ustez, bi dira KonMari metodoaren onura garrantzitsuenak, askoz ere gehiago baditu ere:

– Zeure burua sakon ezagutzeko baliabide zoragarria da.

– Egunerokoan denbora asko aurrezten laguntzen du.

 

KonMari metodoak zerbait interesgarria badu, zeure burua ezagutzeko ematen dizun aukera da. Zure ondasun guztiak parean dituzula, banaka-banaka berrikusten jartzen zarenean, bat egingo duzu nahi eta nahi ez barruan daramazunarekin. Iragana eta etorkizuna ahaztu gabe, orainean kokatu, eta zure esentziarekin konektatuko zara.

Zure aukeren arabera nor zaren eta nora joan nahi duzun jakingo duzu. Zure arropak pertsona alaia, zorrotza, aldakorra, klasikoa, sofistikatua, rokeroa, dibertigarria edo dena delakoa zarela adierazten baitu. Berdin zure etxeko apalategian dauden liburuek. Eta zeresanik ez komono eta sentimenduzko objektuek.

Nire kasuan, KonMari metodoaren bidez zerarekin konturatu nintzen, kanpoan dagoena berrikusi eta mugitzen errazagoa egiten zaidala neure buruarekin konektatu eta sakontzea baino. Nire gauzak berrikusten nituen bitartean, oroitzapen, sentimendu eta emozio ugari azaleratu ziren. Eta, jakina, neure baitan sustraitutako beldur eta uste ugari ere bai.

Hortik aurrera, esplorazio-bide amaigabea ireki da, eta, bide horretan, zein momentutan nagoen eta norantz mugitu nahi dudan jakiten lagundu didaten gako asko aurkitu ditut.

Denboraren kudeaketari dagokionez, ez zaitut engainatuko: konpromisoa eta denbora inbertsio nabarmena eskatzen du KonMari metodoak. Baina aldi berean, gerora (epe labur eta erdira) izango dituzun onurak izugarriak dira. Besteak beste, prozesua burutzen igaroko duzun denborak mila aldiz konpentsatuko baitu gero etxea txukuntzen aurreztuko duzun denbora. Benetan, nik gaur egun, ordubete baino gutxiago behar dut etxea osorik ordenatzeko.

Izan ere, KonMari prozesua egin ostean zehatz-mehatz jakingo duzu zer duzun etxean. Ordenaren jaialdian zuretzat garrantzitsuak diren objektuak aukeratuko dituzu, behar dituzunak eta bizitza zoriontsuagoa egiten dutenak. Eta ez hori bakarrik, zure ondasun guztiak ezagutzeaz gain gauza bakoitza non dagoen eta nola gorde jakingo duzu. Etxea ordenatu behar duzun bakoitzean, ez duzu unerik galduko ahaztuak zenituen gauzak topatzen, ezta leku egokia pentsatzen ere. Zuzen eta bizkor egin ahalko duzu lan.

Gainera, bidean bizitzako esparru guztietarako baliagarriak diren erabakiak hartzeko gaitasuna landuko duzu, eta, zoriontasuna antzemateko ahalmenari esker, di-da erabakiko duzu zer egin etxera iristen diren objektu berriekin. Gordetzeko edo (bere funtzioa bete dutenez) alde egiten uzteko prest zauden jakingo duzu. Horrela, zure ondasunak aldatzen joango diren arren, kontrolpean izango duzu etxean duzun guztia.

 

Merezi du ahalegina egitea, ezta?
Besarkada bat

 

 

 

 

Argazkia: Kokoro Tailerra

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?