Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Sortu etxe eta bizitza iraunkorragoa KonMari® metodoaren bidez

Bizitza iraunkorrago baterantz pausoak eman nahi dituzu, baina ez dakizu nondik hasi edo zer gehiago egin? Zure etxean KonMari® metodoaren bidez ordena-prozesu sakon bat egiteak zure begirada eta kontsumitzeko modua aldatuko du.

Gogoan duzu Marie Kondok Netflixen egin zuen telesaila? Tidying up with Marie Kondo deitzen zen, eta ordenatzeko metodo hori ezagutarazten lagundu zuen. Arrakasta handia lortu zuen, baina, aldi berean, telesail formatua nahiko mugatua denez, informazio garrantzitsu asko erakutsi gabe gelditu zen, eta horrek nahasmendua eta kritika zorrotzak eragin zituen.

Nire ezagunen artean gehien entzun dudan kritiketako bat zoriontsu egiten ez zaituena alde batera uztearen kontzeptua da. Aurreiritzi asko sortzen du proposamen horrek:

-“Zure objektuak kentzea alferrik galtzen uztea da”.

-“Kontsumismoa bultzatzen du, nahieran erosi eta botatzea sustatuz”.

-“Metodo elitista da, denok ezin baitugu zoriontsu egiten gaituzten objektuak bakarrik eduki”.

Ez nago baieztapen horiekin batere ados. Hasteko, Marie Kondok ez du zehazten zer eta zenbat bota behar den, prozesu hori ez baita kantitatean zentratzen, kalitatean baizik. Guztia gordetzeagatik gordetzea ez da batere iraunkorra. Nire esperientziaren arabera, badaezpada gorde duzun objektu hori aprobetxatzeko unea sortzen denean, gehienetan, edo ez da egokia, edo zaharkituta geratu da, ez dago espero zenuen baldintzetan, edo ez zara non gorde zenuen gogoratzeko gai ere. Horrela, lan egiten dudan etxeetan, sarritan aurkitzen dut: hezetasunagatik eta armairuetan igaro duten denboragatik deformatu edo hondatu diren jantziak, poltsak eta zapatak; jada funtziorik betetzen ez duten objektu elektronikoak; pertsona edo familia bakar batentzako materiala kopuru zentzugabeetan; inoiz erabiltzen ez diren tresnak eta osagarriak…

Ez al litzateke hobe izango benetan erabiltzen, zaintzen eta estimatzen duzunarekin bakarrik geratzea? Ez al da hori ekologikoagoa eta planetarenganako errespetuzkoagoa?

Hortaz, hona hemen gogoetatzeko zenbait galdera:

-Esango zenidake zer eta zenbat objektu dituzun kategoria bakoitzetik etxean?

– Nola ari zara hori guztia zaintzen, arreta osoa ematen diozu?

– Benetan estimatzen duzu dena delako objektu hori edo etxean gordeta duzu besterik gabe noizbait zure bizitzara iritsi delako?

– Nola iritsi da zure etxera: erosi egin zenuen, jaso egin zenuen, opari bat izan zen, norbaitek eman zizun?

– Zure etxean ba al du zentzurik edo koherentea al da zure bizimoduarekin?

– Zenbat erabiltzen duzu?

Pentsatzen dut gogoeta horien ondoren izugarrizko gogoa izango duzula etxean duzun guztia berrikusi eta ordenatzeko. Pentsa joaten utziko duzun hori kasu askotan besteren batek aprobetxatuko duela, eta, ziur aski, beste horrek zeuk ematen ez dizkiozun arreta eta zaintza emango dizkio. Beste batzuetan, ezingo zaio objektuari bigarren bizitzarik eman, baina, duen bizitza-baliagarria amaitu bada, ez dago arazorik. Gogoratu, gainera, oso lagungarria dela beti zure gauzak joaten uzteko garaian zure bizitzan bete duten funtzioa eskertzea.


Prozesuaren puntu honetan, harago begiratzeko sentsibilitatea duten guztienganako mirespen sakona sentitzen dut. Konformatzen ez diren pertsonak dira, ingurumena gehiago errespetatzen duten alternatibak aurkitzen dituztenak edo, gutxienez, bilatzen saiatzen direnak. Beti esaten dut nik izugarri ikasten dudala eta inspirazio handia jasotzen dudala bidelaguntzen ditudan pertsonetatik. Haiekin ikusi dut ondasunak botatzeko orduan ehunka irtenbide topa daitezkeela. Bakoitzak bere erara, une horretan eskura dituen ezagutza eta baliabideekin, beste buelta bat eman diote ondasunak joaten uztearen gaiari.

KonMari® prozesua azaltzen dudanean beti azpimarratzen dut prozesu osoa kolpetik eta ahalik eta azkarrena egiteak duen garrantzia (ez da beharrezkoa korrika edo estresatuta egitea, lan-erritmo erregularra eta jarraitua izatea da kontua). Horrela egitea funtsezkoa da, hori baita benetan eraldatzailea izateko modu bakarra. Zure prozesuan ikasiko dituzun ohiturak integratzeaz gain, izugarria da kategoria bereko objektu guztiak batera ikustea. Lagun egin diedan pertsona guztiak (ni neu barne) harrituta geratu dira sobran zituzten edo zoriontsu egiten ez zien objektu kopuruarekin.

Hori guztia alde batera uzteak badu puntu traumatiko bat. Urratzailea, lizuna, mingarria ere badela esan nezake. Baina, nire ikuspuntutik, shock txiki hori oso positiboa da, errealitate dosi horrek atzera egitea eragotziko baitizu. Ordenatzeko prozesua amaituta, zorrotza, koherentea eta zehatza izango zara zeure erosketekin. Ez duzu berriz erosteagatik erosiko, eta objektuak ez dituzu nolanahi pilatuko. Ingurukoek ematen dizkizuten, eta behar ez dituzun gauzei mugak jartzen ere lagunduko dizu.

Inor ez da guztiz koherentea, baina denok egin dezakegu iraunkortasuna bultzatzeko urrats bat. Hortaz, amaitzeko, edozer eskuratu aurretik planteatu ohi ditudan gogoeten dekalogoa uzten dizut hemen. Lagungarria izatea espero dut:

1// Galdetu zeure buruari: benetan behar al dut?

2// Erantzuna «bai» izan arren, egun pare bat gehiago eman ongi pentsatzeko.

3// Edozer hartu aurretik, aztertu beti jada etxean duzuna.

4// Aukeratu kalitatea kantitatearen gainetik.

5// Ikasi esaten, “ez, mila esker, behar dudan guztia daukat”.

6// Egokitu zure aurrekontua marka txikien aldeko apustua ahalik eta gehien egin dezazun.

7// Hobe da tokikoa edo gertukoa bada.

8// Lehen eskukoa erosi behar baduzu, hartu haren bizitza-baliagarria amaitu arte erabiltzeko konpromisoa.
9//
Maileguan eskatu edo bigarren eskukoa erosteko aukerarik baduzu?

10// Bilatu inspirazioa, eta ikasi gai honetan kontzientzia handiagoa duten beste batzuengandik.

Besarkada bat.

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?