Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Komono kategoria, zer den eta nola antolatu

Komono kategorian gainontzeko kategorietan sartzen ez den guztia bilduko genuke (arropa, liburuak, agiriak eta objektu sentimentalak ez diren beste guztia). Izan kontuan gutako bakoitza bakarra garela; horregatik, komono barruan egon daitekeena erabat ezberdina izan daiteke pertsona batetik bestera.

 

ZER SARTZEN DA ‘KOMONO’-N?

Oro har, kategoria honetan sartzen diren azpisailak aipatuko dizkizut jarraian:

1// Ehunak (maindireak, tapakiak, eskuoihalak, mahai zapiak, era guztietako oihalak…)
2// Papergintza (paperen kategoriarekin batera kudeatu ez baduzu. Ikusi aurreko artikulua)
3// Aparatu elektronikoak eta osagarriak (USBak, DVDak, telefonoak, kableak, argazki kamerak, ordenagailuak, bateriak…)
4// Osasun eta edertasun produktuak (normalean bainugelan izaten duguna)
5// Tresna elektriko txikiak (ile-lehorgailua, lisagailua, irabiagailua, txigorgailua…)
6// Sukaldeko ontziteria
7// Janaria
8// Janaria gorde eta antolatzeko ontzi ezberdinak
9// Garbiketarako produktuak
10// Dirua eta kartera
11// Zaletasunetarako material zehatza
12// Une berezietarako materiala (zeremonietarako edo erritualetarako materiala)
13// Lanabesak
14// Etxeko animalien produktu eta osagarriak
15// Apaingarriak
16// Landareak eta lorezaintza
17// Altzari txikiak
18// Etxetresna elektrikoak eta altzari handiak
 

ARINTASUNEZ LAN EGIN

Ikusten duzun moduan, sail honetan objektu asko eta oso ezberdinak aztertu eta ordenatu beharko dituzu. Arin eta larritasunik gabe lan egiteko, oraindik ere multzo txikiagoak egin ditzakezu azpikategoria horien barruan. Konplikatua izan daiteke guztiak batera ateratzea espazio aldetik, eta dena batera pilatuta ikustea are eta gogaikarriagoa. Horregatik, nire gomendioa da lehenengo hiru azpikategorietatik hastea. Horiek berrikusi eta aukeratu dituzunean, hurrengo hirurekin jarraituko zenuke. Eta horrela pixkanaka guztia amaitzen duzun arte.
 
Kategoria horretan zoriontasunak pisu handia badu ere, alde praktiko edo errealistari arreta jarri eta zeure buruarekin zintzotasunez jokatzeko eskatu nahi dizut. Adibide batekin errazago ulertuko duzu:
 
Pentsa zure maindireak eta eskuoihalak berrikusten ari zarela. Batetik, garrantzitsua da elementu horiek zure gustukoak izatea. Hau da, atsegin duzun materiala edo ehundura izatea, kolore edo estanpatu erakargarria izatea, goxotasuna eta garbitasuna helaraztea… Esku artean hartzen dituzunean, benetan pozik eta etxean sentiarazten zaituzten objektuak izan beharko lirateke.
 
Bestetik, ahal duzun objektibotasun handienarekin, benetan horrelako zenbat behar dituzun galdetu beharko zenioke zeure buruari. Zintzotasunez erantzun, benetan zure oherako zenbat maindire behar dituzu? Gehiengoarentzat ohe bakoitzeko 3 nahikoak dira (jarrita duzuna, garbitzen dagoena eta badaezpadako hirugarren bat).
 
Ikusten duzun moduan, zoriontasunaren eta praktikotasunaren arteko oreka bilatu behar duzu kategoria honetan.
 
Bestalde, izan dezakezun aurreiritzi bat argitu nahi dizut:
Komono (beste kategorietarako berdin balio du) asko izateak ez dizu zertan kendu kudeatzeko denbora asko.
 
Objektu asko dituzunean, komono-k oso kategoria astuna dirudi, baina aldiz, nirekin lan egin dutenen esperientziaren arabera, oso arin landu daiteke. Aurreko kategorietan esperientzia hartu duzunez eta oro har joaten uzten errazak diren ondasunak direnez, arintasunez eta era dinamiko batean lan egiteko aukera ematen du kategoria honek.
 

‘KOMONO’-A ORDENATZEKO AHOLKUAK

Azpisail bakoitzean sartzen dena banaka-banaka berrikusi eta aukeraketa egin ondoren, objektu bakoitzarentzat kokaleku zehatz bat bilatu behar duzu. Horretarako, azpisail bakoitzean sartzen diren objektuak toki berean edo gertu gordetzea gomendatzen dizut.
 
Interesgarria da kategorien edo azpisailen arteko lotura ere kontuan izatea. Nola jakin zein den lotura hori? Irizpide nagusietako bat materialari begiratzea da. Adibidez, arropa eta ehunak lotuta dauden moduan, esan genezake papergintzako materiala paperen eta liburuen kategoriakoa dela. Kasu horretan, toki berean bateratua izan ditzakezu papergintzako materiala, agiri edo dokumentuak eta liburuak; esaterako, egongelako apalategian edo etxeko bulegoan.
 
Bestalde, zure logika propioa erabiltzeko esango nizuke. KonMari metodoaren irizpideak oso erabilgarriak diren arren, are garrantzitsuagoa iruditzen zait zeure senari kasu egitea. Gutako bakoitzak barne-antolaketa bat dugu, eta, hortaz, kontziente izatea da benetan interesgarria eta aberasgarria.
 
Beste kategorietan bezala, saiatu ahal den neurrian sistema bertikala erabiltzen. Material ezberdina banatu eta sostengatzeko, oso praktikoa izaten da kaxa baten barruan kaxa txikiagoak jartzea. Horrela, guztia txukun banatuta geldituko da, eta materiala hartu edo jasotzea erraztuko dizu.
 
Ahal duzun neurrian, gorde guztia tiraderetan edo apalategietan, eta utzi gainazalak ahal den libreena. Bereziki bainugelan eta sukaldean; izan ere, etxeko gune hauek kontaktuan egoten dira etengabe hezetasunarekin, koipearekin eta bestelako zikinkeriekin. Ohitura horrek izugarri erraztuko dizu etxeko garbiketa egunerokoan, eta denbora asko aurreztuko duzu.
 
Dirudiena baino errazagoa da, ezta? Gogoratu! Garrantzitsuena da saiora lanerako gogotsu joatea eta arintasunez, dinamika galdu gabe lan egitea.
 
Animo eta besarkada bat
 
 
 
Argazkia
 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude