Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Izan gaitezen defendatzaileak! (babestu dezagun bizitza!)

Euskal Herrian borrokalariak (izan) gara. Baina, beste munduko (ia) toki guztietan bezala, kapitalismo neoliberal eta globalizatzaileak apur bat irentsi gaitu, baita ere gure borrokarako eta erresistentziarako indarra. Ohikoa da hirietan ‘bertako’ kafetegirik ez geratzea (denak makrokateak direlako) edo baratzeak beste garai bateko bitxikeriatzat jotzea. Lan baldintzak okertzen doaz, eta dena loturik dagoen bizitza honetan, baldintza duinak izatea gero eta zailagoa bilakatu da.

Gure egunerokotasun prekarizatuak kalitatezko arretarako gaitasun eta borrokarako energia-denbora gutxiegi uzten digu. Behin eta berriz nahikoa egiten ari ote garen galdetzen diogu geure buruari, militantzia ereduak ere aldatu diren garaiotan. Egungo errealitateak ezaugarri nagusi bat badu, gure ustetan, konplexutasuna da hori. Bidean gaude: europarrak, patriarkalak, kolonizatzaileak, aniztasunean mugatuak, eta abar diren gure begiradak deseraikitzen gabiltza, ikusgarriak ez diren aferak ikusten. Horrela, geruza gehiago eta gehiago batzen dizkiogu batzuetan galdera ikur infinitu bat dirudien bizitzari.

Galderak galdera, baina, Euskal Herrian badira inspirazio (izan) diren eta ohore handia merezi duten erresistentziako mugimendu sozialak: AHTaren aurkako urteetako borroka1, Itoizko urtegian egindako erresistentzia2 eta Santa Maria de Garoñako3 eta Lemoizko4 zentral nuklearretan izandako liskarrak, besteak beste.

Gaur egun ere, defendatzaileen defentsan darabiltzaten proiektu batzuk topa ditzakegu: Arteagan dagoen ‘Basoa defendatzaileon etxea5’ eta mundu mailan gai horien bueltan saretzea helburu duen ‘Emakumeen Mundu Martxa’6. Beraz, harrotasun xume batez esan dezakegu, hemen ere, gure Euskal Herri maitean, erresistentzian jarraitzen dugula.

Proiektu handi horietaz gain, badira han eta hemen elkarte ekologista txikiak. Askotan, zailtasunak dituzte irauteko eta eragina izateko. Zoritxarrez, gure gizarte antolaketan, (garen) ekosistema hauek babestea ez da lehentasun bat izaten. Guk arduraz ikusten dugu hori, beranduegi izango delako konturatzen garenerako zein kutsatuak dauden gure elikagaiak hazten diren lurrak eta zein zikinak dauden edaten ematen diguten urmaelak.

Horretaz gain, eta amaitzeko, hainbat dira burujabetzaren bidean dauden proiektu eta egitasmoak (adibidez, Hernani Burujabe7 ekimen integrala). Arlo guztietan behar dugu izan burujabe; agian, hori da gure garai honetan borrokarik intentsuena: ditugun behar material eta emozional guztiak asetzea lurraren, lurraldearen eta gorputzen arteko interdependentziak errespetatuz.

Artikulu sorta honetan argudiatzen joan garen moduan, ematen goazen pausoak txikiak sentitzen baditugu ere, garrantzitsuak eta ezinbestekoak dira bizitza babesteko. Denon esku dago ahaztuak ditugun konexioak gogorarazten jarraitzea (eta behar duten arreta ipintzea), eta denon ardura da.

Gure proposamena hasieran aipatzen genuen txori kuxkuxero horiek izaten jarraitzea da. Egin dezagun hegan ahalik eta arinena, eta eduki buru-bihotzetan Vandana Shivak oparitutako esaldi hau (mantra moduan erabiltzen dugu guk): “Ez bota munduan egin beharreko guztiaren pisua zeure bizkar gainean”. Beraz, izan dezagun ikuspuntu orokor bat (globala izan daitekeena) eta eragin dezagun bertan, bertakoan eta bertakoekin, egunerokoan zapaltzen dugun lur honetan, isiltasunean begiratzen gaituzten zuhaitz horiekin, errotuak gaituen lurralde eder honen alde, han eta hemen topatzen ahal ditugun ur jarioetan, eta, noski, gure gorputzen barrenetan ere bai.

-Txio-txiiiio –“aio, laster arte, lagun!”, esaten dute garen txoritxoek. 🙂

1Abiadura handiko txikizioa dokumentala ikustea gomendatzen dizugu: https://www.youtube.com/watch?v=Vu8fAuwIjfA

3https://eu.wikipedia.org/wiki/Santa_Maria_de_Garo%C3%B1ako_zentral_nuklearra

7https://burujabe.hernani.eus/eu/hasiera

Ilustrazioa: Oihane Beñaran

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?