Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Hilekoaren aurrekoa: babesten gaituen basa hotsa

Hau da gure ahots luteoa. Hilekoaren aurrekoa edo menstruazio-aurrea. Ziklo itxiera batean egotea.

 

Lur azpitik dator, basatia da, ez zaio ulertzen, askotan. Ez zuk ez nik ez inork.

 

Baina egiak esaten ditu. Mingarriak batzuetan, edo askotan. Ezkutukoa azaleratzen du. Itsusia, desatsegina. Existitzea nahi ez dudana baina badena. Hor dagoena.

 

Arriskutsutzat hartu ohi da. Erotzat. Esajeratutzat. Intentsuegia omen da. Baina berari horrek ez dio laguntzen. Zigortzen edo epaitzen dutenean, urduri jartzen da; ez-ulertua sentitzen da, bakarrik, erasoa. Eta, orduan, oihu egiten du. Edo harramazka gogor. Edo lurrera botatzen nau, estropezu egin dezadan bilatuz. Erori izan gara, eta kolpe ederrak hartu. Baina azkenaldian, badakigu noiz gauden erortzear, eta horretarako ere prestatzen gara. Aukera badugu, ingurukoei abisatzen diegu. Eta ingurukoak, ahal badute, gure alboan etzaten dira, lurrean.

 

Askotan espero ez dugunean agertzen da itoaldi eta angustia garrasia. Zibilizatuentzako “ezer” ez den zerbaitek eragin dezake. Edozerk. Begirada batek, zarata batek, ispiluan agertzen den irudiak, bete beharreko zerbaitek.

 

Kontua da zer dagoen atzean. Nola iritsi garen puntu horretara.

 

Nolako zikloa, halakoa hilekoaren aurrekoa. Aldez aurretik ikusi, eta kudeatu egin dezakegu, gelditzen bagara. Arnasa hartzen badugu eta hileko (hil horretako) errepaso emozionala egiten badugu. Ziklo lasaia eta pozgarria. Edo lasaia eta fidela. Hilekoaren aurreko fase bare, lasai eta gozagarria. Ziklo gorabeheratsua, aldaketa askokoa, menstruazio-aurre erronkatsua.

 

Fase horretan, hil osoan (eta oro har humanitatearen historian) pasatutakoa ikusten du gorputzak. Kudeatu beharra du. Aldaketa asko badira eta bereziki mingarriak badira, are eta gehiago dago kudeatzeko.

 

Eta ez dakigu, ez guk ez inork, fase horrekin elkarrizketan jarduten. Oro har, ez dugu haren hizkuntza ezagutzen. Oro har, ez dugu subjektu osotzat hartzen. Oro har, ez gara identifikatuak sentitzen gure pertsonaia horrekin. “Hau ez naiz ni”, esatera iristen gara batzuetan.

 

Ikasten ari naiz, ari gara. Elkar ikusten, elkar zaintzen. Baina batzuetan, ez dugu elkar ulertzen, eta zangotrabak agertzen dira.

 

Ez hartu gaizki hori, ez da traizio bat. Berak zaindu nahi nau. Baina ez da mundu honetakoa.

 

Berak iradokitzen du askotan, ahal duen guztietan. Plazerez eztandarazten gaitu batzuetan. Berak kalitatezko zaintza eta harremanak soilik onartzen ditu.

 

Erotzat dute askok, baina ni soilik berarekin ezkonduko nintzateke.

 

Ezinegona. Gaizki egona. Mina. Urduritasuna. Zerbait esan nahi digu. Geldi dadila mundua. Ni jaistera noa. Entzuten ditut haren xuxurlak, baina ondoren galdu egiten dut. Nondik jarraitu? Konfiantza basapiztiarengan. Hori da izan dezakedan bakarra bidean jarraitzeko.

 

Une batean, hilekoaren fluxu gorriarekin, adibidez, berriz jartzen naiz martxan munduarekin. Ikasitakoa nirekin daramadalarik. Ez dago beste aukerarik.

 

Nirekin tratua dutenek tratua behar dute nire lur azpiko izakiarekin. Leialtasun osoa berari. Laguna da.

 

Oinarrizkoena, zehazgabeena: Basa da, ez zibilizazioa.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?