Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Hemen dugu udazkena, armairu aldaketa egiteko une bikaina

Udazkenean sartu gara jada, eta udan erabilitako arropak alde batera uzten hasteko garaia da! Bitartean, zer iruditzen zaizu pixkanaka momentu hori prestatzen hasten bagara? Une bikaina izan daiteke etxean armairu aldaketa egiteko.

Artikulu honetan, KonMari® metodoaren oinarri batzuk lantzea proposatzen dizut, etxean duzun arropa guztia aztertu, eta egunerokoan benetan zoriontsu egiten zaituen eta praktikoa den horrekin bakarrik geratzeko.

AUKERATU ZORIONTASUNA ETA AURREZTU DENBORA

Zenbat denbora daramazu armairuetan gordeta dituzun arropa, zapata, osagarriak, poltsak eta beste aztertu gabe? Zenbat arropa gehiago duzu gordeta trastelekuan, garajean, bigarren etxean nahiz gurasoen etxean?


Arropa da KonMari® metodoaren lehenengo kategoria, eta aztertzen errazena izan ohi dena. Ohitura handia dugu honenbeste denboratik arropa berria erosi, lortu eta botatzeko. Eguneroko erabileragatik, modaren eraginagatik eta ohiturengatik, arrunta izaten da behar eta maite duguna baino askoz gehiago izatea, nahiz eta gero ia beti gauza bera janzten dugun. Zenbatetan pentsatu duzu ‘ez dut janzteko ezer’, nahiz eta armairua arropaz beterik izan? Zenbat denbora galtzen duzu denboraldi bakoitzean armairu aldaketa egiten?

Betiko moduan, lehenengo pausoa arropa guztia biltzea izango da, eta zoriontsu egiten zaituena aukeratzea.

LEHENETSI KALITATEA KANTITATEAREN GAINETIK

Jantzi bakoitzak zer sentiarazten dizun. Nola dagoen aztertzeaz gain, garrantzitsua iruditzen zait kantitateari arreta jartzea. Zenbat arropa, osagarri eta zapata behar dituzu benetan? Uste dut ez dagoela zenbaki perfekturik; bakoitzaren egoeraren eta zirkunstantzien araberakoa da. Baina nire esperientziaren arabera, KonMari® prozesua sakonki eta konpromisoarekin gauzatzen baduzu, neguko zein udako arropa guztia armairu bakarrean gordetzeko aukera izango duzu. Zer esanik ez horrekin batera kapsula-armairuaren sistema ere aplikatzen baduzu!

Dena den, ez da ezer gertatzen arropa asko eduki eta sasoi bakoitzean aldaketa egin beharko bazenu ere. Garrantzitsuena da duzun horren kontzientzia izatea, ongi zaintzea eta gustuko izatea.

APROBETXATU UNE HAU GARBITZEKO

Eman dezagun arropa asko izateak zoriontsu egiten zaituela, eta, ondorioz, urtean behin sasoiko armairu aldaketa egitera behartuta zaudela. Normalean, antolaketa eta garbiketa bereiztea gomendatzen dut, baina, arropa asko dutenen kasuan saio bakarrean guztia antolatzea ezinezkoa izaten denez, garbiketa egiteko balia daiteke saioen arteko denbora.

Momentu honetan etxean eta bestelako lekuetan duzun arropa guztia atera duzunez, aprobetxatu eguzki eta bero egun gehiago datozela zoriontsu egiten zaituen arropa eta osagarri horiek guztiak garbitzeko.

ERABILI SISTEMA BERTIKALA

Maite duzun arropa aukeratu ondoren, leku egokia bilatu eta ordenatzeko unea da. Horretarako ezin hobea da KonMari® metodoaren toleste sistema bertikala. Sistema horrek zimurrak asko markatzea ekiditen du; gainera, espazio gutxiago okupatu, eta dena modu ikusgarrian eta irisgarrian gordeta izango duzu.


Sistema ho
rren gakoa da forma angeluzuzena. Angeluzuzen horretatik ateratzen den guztia (mahukak eta abar) barrurantz tolestu betiko moduan, origami figura bat izango balitz bezala. Erabiltzen dituzun apalen, tiraderen eta kaxen arabera, emaiozu laukizuzen horri komeni zaizun zabalera, eta ondoren bere buruaren gainean tolestu behar duzu zutik egongo den pakete txiki bat osatzeko.

Badaude zenbait arropa zintzilik gordetzeko egokiagoak direnak baina aukeran gutxiengoa izatea aholkatzen dizut, tolestuta espazioa aurreztuko baituzu.

HURRENGO DENBORALDIRA ARTE BILTEGIRATU

Datorren denboraldiko arropa, ongi garbitu eta aireztatu ondoren, biltegiratze sistema egokietan gorde behar da. Horretarako, oihalezko poltsak eta kaxak erabil ditzakezu edota hutsean ontziratzeko poltsak. Hemen ere bikaina da sistema bertikala, aurrez aipatu ditudan alderdi onengatik.

ZORIONTASUNA HANDITZEKO AHOLKU GEHIAGO

1// Egin kasu senari, eta jarri arropak txukun eta polit ikusteko moduan. Edertasunik garrantzitsuena gure baitan dago, baina ukaezina da gauza politek ematen duten poza.

2// Aurreko ideiari jarraikiz, zure arropen artean, jar dezakezu usain belarren poltsa bat edo adarren bat, armairua zein biltegiratze poltsak irekitzean usaina senti dezazun. Armairuan, zure osagarrien artean dagoen harri eder batek edo armairuko atearen atzean dagoen argazki inspiratzaile batek begirada alaituko dizu. Zaindu zure bost zentzumenak, zoriontasun dosi estra bat ez dago inoiz sobran, ezta?

3// Arropa zintzilikatzean, aurkitu egokiak diren pertxa edo kako uniformeak. Uniformetasunak begirada baretzen du, eta lasaitasuna helarazten du.

4// Zaindu xehetasunak guztiak ezin hobeto funtzionatu dezan. Zure bizitzara lasaitasuna eta poza ekartzea da helburua. Ez dago ezer astunagorik goizero janztera joan eta ateekin eta tiraderekin borrokatu behar izatea baino. Zaindu ezazu armairuaren argiztapena ere; ez du ezertarako balio arropa polita edukitzeak armairua irekitzen duzunean iluntasuna bakarrik ikusten baduzu.

Besarkada bat

Sara

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen