Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Gure haurren gela txukundu eta ordenatzeko aholkuak

Nola daramazu ordenaren kontua etxeko txikiekin? Zer iruditzen zaizu denbora gehiago duzun une bat aprobetxatuko bazenu eta haiekin batera haien gela eta espazio pertsonalak aztertu eta ordenatuko bazenituzte? KonMari® prozesua elkarrekin egiteko lanketa interesgarri eta dibertigarria izan daiteke.

Haurrentzat euren gela aterpe izan ohi da, haien gune babestua, eta bertan era askotako jarduerak egin ditzakete konfiantzaz eta askatasunez. Ordenatzen ikasteak eta espazio horien erantzukizuna hartzen hasteak lasaitasuna eta egonkortasuna eman diezaieke. Gainera, beraiengan konfiantza osoa duzulako mezua jasoko dute, eta ardurak hartzeko gai direla helaraziko diezu.

Beti esaten dudan moduan, ordenatzea jolas dibertigarria izan daiteke, batez ere erreferentziako pertsonekin parteka badezakezu.

BERRIKUSI OBJEKTU GUZTIAK

Edozein espazio pertsonal ordenatzen hasteko, lehen urratsa da bertan dauden objektu guztiak berrikusi eta hautatzea. Horretarako, KonMari® metodoaren kategoriak erabiltzea gomendatzen dizut: arropa, liburuak, paperak, komono direlakoak –gainerako kategorietan sartzen ez den guztia– eta objektu sentimentalak.

Kategorien ordena errespetatzea garrantzitsua da, errazenetik zailenera kudeatzeko pentsatuta baitaude. Kategoria horien bidez, ondasunak aztertu eta antolatzeak lana asko arintzen du, eta zoriontsu egiten gaituena errazago desberdintzen lagunduko dizue.

Kategoria bakoitzak berezitasunak ditu, baina, oro har, lan egiteko modua antzekoa da. Lehenik, kategoria horretan sartzen diren objektu guztiak bildu behar dira. Har dezagun arroparen kategoria adibide gisa. Bertan jantzi guztiak sartuko lirateke baita zapatak, osagarriak, poltsak eta motxilak ere eta beste zenbait arropa (oheko arropa, kiroletakoa, ospakizunetakoak…). Guztia toki berean bilduta duzuenean, haurrak zoriontsu egiten duena aukeratu behar du, eta gainontzekoa alboratu. Azkenik, objektu bakoitzerako leku jakin bat aurkitu beharko zenukete.

JARRAITU HAURRAREN SENARI

Helduekin etxeak antolatu izan ditudanetan, aukera izan dut adin askotako haurrekin kategoria jakin batzuk lantzeko. Harrituta gelditzen naiz beti KonMari® metodoaren oinarriak barneratzeko duten erraztasunagatik. Azalpen askorik eman gabe naturaltasun osoz ulertzen dute proposamen horrek duen sakontasuna.

Hori dela eta, uste dut 3 urtetik aurrera –noski, hori erreferentzia bat besterik ez da, pertsona bakoitza desberdina baita– adin egokia izan daitekeela ordenatzeko ohiturak transmititzen hasteko. Txikiek intuizio handia dute, eta badakite zer nahi duten, zer gustatzen zaien eta zer ez. Jakina, gure erantzukizuna da muga batzuk ezartzea, baina uste dut oso aberasgarria izan daitekeela bi aldeentzat haurrek merezi duten errespetu eta seriotasunarekin tratatzea eta haiengan konfiantza izatea.

ORDENATU SISTEMA BERTIKALAREKIN

KonMari® metodoaren proposamen garrantzitsu eta berritzaileenetako bat gauza guztiak (edo gehienak) sistema bertikalarekin ordenatzea da. Sistema hori bereziki erabilgarria da arroparentzat baina ez horretarako soilik. Alde onak: guztia kolpe bakar batez ikusteko aukera ematen du. Gainera, erosoagoa da gauzak erabili eta gordetzeko orduan.

Arropa jasotzeko orduan, gakoa da bere kabuz eusten diren pakete txikiak egitea. Haurrekin praktikan jartzeko, modu erraz eta dibertigarri bat da oheko maindireekin hastea. Horretarako, beti forma angeluzuzena bilatu eta gero, bere buruaren gainean tolestu behar duzue. Haurren oheko izarek forma hori izaten dute, eta, tamaina maneiagarria dutenez, ezin hobeak dira sistema horrekin elkarrekin jolasten hasteko. Menderatuta duzuenean, armairuko gainerako jantziekin praktikatuko duzue.

SORTU GUNEAK

Gauzak kokatzeko orduan, objektu bakoitza non gorde duzuen gogoratzea errazagoa izan dadin, kategoria bereko objektuak elkarrekin edo gertu jartzea gomendatzen dizuet.

Haurren kasuan, logela erabilera anitzeko espazioa izan ohi da. Horregatik, interesgarria da bertan egiten dituzten jardueren arabera guneak sortzea. Logelak batez ere atsedenleku bat izan behar du, baina jolasgune bat eta jarduera lasaiagoetarako beste gune bat ere sor dezakezue; irakurtzeko edo ikasteko txokoa, adibidez. Aprobetxatu giro horiek kategoria bata eta bestea kokatzeko.

ERRESPETATU ESTILO PERTSONALA

Helduok denborarekin estiloa aldatzen dugun bezala, txikiak ere etengabe eraldatzen aritzen dira. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zait haien estilo pertsonala ezagutu eta errespetatzea. Horren araberako gela bat sortzen lagundu ahal diezu. Dekorazio baliabide askotarikoen bidez (oheko arropa, hormen kolorea, biniloak, irudiak…), erraz eta merke aldatu daiteke gelaren itxura.

Espero dut proposamen horiekin elkarrekin une berezi eta aberasgarri bat sortzeko aukera izango duzuela.

Besarkada bat

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?