Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Erabili koloreak etxeko ordenaren eta ongizatearen alde

Jarri diozu inoiz arreta koloreak zure bizitzan eta konkretuki etxean duen presentziari? Nola eragiten du kolore batek eta besteak zure aldartean?

Izan dekorazioaren ikuspuntutik izan antolaketaren aldetik, kolorearen erabilerak berebiziko garrantzia du etxean. Espazio batean sartzen zarenean, koloreek informazioa bidaltzen dute zure garunera eta emozio bat edo beste sortzeko gaitasuna izango dute.

Alde dekoratibotik, gune horrek izan dezakeen giroa baldintzatzeaz gain gela horren ezaugarriak nola hautematen dituzun eralda dezake. Horrela, erabiltzen diren koloreen bitartez lasaitasuna, poza eta sofistikazioa helaraz dezakezu, baina baita gela bat itxuraz handiagoa, argitsuagoa eta estuagoa bihurtu ere.

Antolaketari dagokionez, berriz, koloreen erabilera zure alde erabil dezakezu ordenaren sentipena handitu eta begiari lasaitasuna eta harmonia helarazteko.

KOLOREAREN INGURUKO OINARRI BATZUK

Ez dut koloreen teorian sakonduko, informazio ugari eta oso interesgarria baituzu horren inguruan beste euskarri batzuetan. Baina oinarrizkoena aipatze aldera:

– Oro har, kolore gorri, laranja eta horiak kolore berotzat hartzen dira, eta berotasuna, alaitasuna, goxotasuna eta gertutasuna sentiarazten dute.

– Oro har, kolore urdin eta berdeak kolore hotzak izango lirateke, eta freskotasuna, distantzia eta lasaitasuna helarazten dute.

– Zuria, grisa, beltza eta arrea (tonuak tonu) neutroak direla esaten da, eta aurreko biak osatzeko erabiltzen dira.

Koloreen esanahiaren eta konbinatzeko moduen inguruan teoria eta arau ugari daude; batzuk nahiko sinpleak (koloreen eskemak: monokromatikoa, armonikoa eta kontrasteak) eta beste batzuk landuagoak (feng shuia, esaterako). Baina, praktikara eramateko erraza den bat nabarmentzekotan, gera zaitez 60-30-10 arauarekin.

ANTOLAKETARI LAGUNTZEN DIOTEN KOLOREAK

Gogoratu, bestalde, KonMari metodoan bi fasetan egiten dela lan:

1. Kategoria bakoitzeko objektuak banaka-banaka berrikusi eta aukeratu.

2. Aukeratu dituzun objektu horiei kokalekua bilatu eta ordenan jarri.

Kolorearen erabilera KonMari® prozesuaren bi faseetan da erabilgarria. Lehenengo fasean, kolorea erabili baino gehiago arreta jartzeko esango nizuke. Hau da, zeure burua epaitu edo baldintzatu gabe, jarri arreta ea aukeratzen dituzun arropa eta objektuetan errepikatzen den joerarik ikusten duzun.

Bidelagun gisa gertatu izan zait lehen fase honetan hitzez gauza bat esan baina arropak edo objektuak aukeratzeko orduan bestelako gustuak ateratzen direla. Batzuetan harrituta geratuko zara zeure buruarekin, beharbada espero ez zenituen kolore, marrazki eta akaberak gustuko dituzula ohartuko zarelako. Nire esperientziaren arabera, gustu hori beti egon da hor baina ditugun aurreiritzi eta beldurrengatik agian ez diozu zeure buruari nahi beste adierazten utzi.

INDARTU ETXEKO ORDENA KOLOREEN BIDEZ

KonMari® metodoaren bigarren fasean, koloreek ordenaren sentipena areagotu eta etxeko espazio guztietan lasaitasuna eta harmonia lortzen lagundu ahal dizute. Kategoriaz kategoria erabilerarik garrantzitsuena aipatuko dugu hemen:

1. kategoria: arropa

Arropa eta osagarri gehienak armairuan eta apaletan gordetzen dira. Bi kasuetan ilunetik argira eta kolore tonu ezberdinak elkarren ondoan antolatu beharko zenituzke. Zintzilikatuta dagoen arroparen kasuan, arropa ilun, luze eta lodienak ezkerrean jarri beharko zenituzke, eta, eskuinerantz zoazen heinean, gradualki argiagoak, arinagoak eta laburragoak direnak. Apaletan dagoen arroparen kasuan, aldiz, arropa ilunenak atzean eta argienak aurrean jarriko dituzu.

2. kategoria: liburuak

Liburuen apalategia antolatzeko garaian, modu bat baino gehiago topa ditzakezu. Liburutegi publiko batek edo etxeko liburutegiak ez dute funtzio bera; beraz, etxean askatasun gehiagorekin joka dezakezu.

Liburuak koloreka antolatzekotan, bi joera nagusi daude:

    • Liburuak ohiko moduan jarrita, bizkarraren kolorearen arabera antolatuta: ilunenak goian eta ezkerrean jartzen hasi eta, beherantz zoazen heinean, argiagoak.
    • Liburuen bizkarra apalategiaren barruan jarrita. Kasu horretan orrien kolorea da ikusiko duzuna. Kolore neutroak, zuritik arrera doazenak bakarrik izango dituzu bistan eta itxura bateratuagoa izango du liburutegiak.

3. kategoria: paperak

Material antzekoa duten objektuak batera edo gertu gordetzea gomendatzen du KonMari® metodoak. Hori horrela, etxean, liburuen apalategi berean izango litzateke egokiena, eta, bulegoa baduzu, aparteko leku batean.

Zure dokumentu guztiak hiru karpetatan banatzen dira: kudeatzekoak, behin-behinekoak eta behin betikoak. Karpeta horiek estilo berekoak badira, askoz hobe, eta, bestela, ahal den neutroenak izatea esango nizuke (kolore neutro edo gardenak, material naturalak…).

4. kategoria: komonoa

Komonoa edo miszelanea, kategoria zabalena da dudarik gabe. Luze joko liguke azpikategoria guztiak banaka aipatzeak, baina, koloreari dagokionez, bi esanguratsuenak hauek direla esango nuke: bainugela eta sukaldea.

Espazio ezberdinak diren arren badituzte bateragarriak diren gomendioak.

– Ahal duzun neurrian, pasatu kristalezko potoetara produktuak eta jakiak. Normalean oso deigarriak diren kolore eta mezuekin bilduta egoten dira, eta horrek nahi gabe burrunba sortzen du geure buruan. Gainera, oro har hobeto egongo dira produktuak.

Kristalezko potoak aukeratzen dituzunean, saiatu guztiak forma edo estilo berekoak aukeratzen. Ez da behar dirutza bat; ziur handik eta hemendik birzikla ditzakezula behar adina poto.

Jatorrizko potoetan edukiko badituzu, ahal duzun neurrian, kendu etiketa guztiak. Noski, kasu horretan zentzuz jokatu.

– Aurreko bi aholkuak bete badituzu, azpikategoriak errespetatuz antola ditzakezu produktuak eta jakiak. Praktikoa izateaz gain, ederra da produktu eta jakiak euren kolore naturalen arabera elkarren ondoan ikustea.

– Produktuak bere horretan utziko badituzu, kaxa irekietan gordetzea ere gomendagarria izan daiteke. Kasu horretan kaxen kolorea eta materiala ahal den bateratuena izatea bilatu.

5. kategoria: objektu sentimentalak

Kategoria honetan argazkiak, marrazkiak, txikitako oroigarriak eta abar sartuko lirateke. Bi motatako pertsonak topatu izan ditut kasu honetan: bistan jartzea gustuko dutenak eta armairu barruan gordetzen dituztenak (txukun jarrita, noski).

Kategoria honetako objektu nagusia, dena den, argazkiak izan ohi dira. Argazkiak gordetzeko albumak dira ohikoena, baina nik kaxa batean gordetzen ditut aspalditik.

Albuma izan edo kutxa izan, inguruan duenarekin koherentzia duena topatu beharko zenuke. Demagun zure etxean eta bizitzako beste arloetan– zaintza eta elegantzia helarazi nahi duzula; orduan, mesedez, ez gorde argazkiak haurren marrazkiak eta kolore kirrikariak dituzten albumetan.

Zer iruditu zaizu? Betetzen dituzu aipatutako gomendio edo irizpide gehienak? Edo batere ez?

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu eta gehiago sakondu nahi baduzu, Kokoro Tailerreko blogean gaia garatuago topatuko duzu.

Besarkada bat

Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?