Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ekidin denbora-lapurrak eta lortu bakea etxean

Jarri zara pentsatzen inoiz etxean zerk lapurtzen dizun bakea? Hain erritmo bizkorrean bizi garen gizarte honetan, horrenbeste jarduera, zeregin eta estimulu ditugu, ezen luxu eskuraezina dirudien lasaitasunez bizi edo gogoa bakean izatea.

Etxearen antolaketaz hitz egiten dudanean, etxean baretasun eta ongizate hori nahi duten baina honelako gauzak esaten dizkidaten pertsonekin egiten dut topo:

Oi, nire etxean ez dut atsedenik hartzen, beti daude gauzak antolatzeko’
‘Batzuetan atea itxi nahi nuke eta ez itzuli, etxean egin behar den guztiarekin itotzen naizela sentitzen dut’
‘Ordenatu, hau nagikeria! Ez nuke jakingo nondik hasi ere’
‘Hurrengo etxe aldaketaren zai
n nago [hurrengo obra, denboraldi aldaketa, dena delakoa…] sobran dudan guztia botatzeko’

Identifikatuta sentitu zara? Ordenarik ezak zure ongizatean dituen ondorioei buruz gogoetatzera gonbidatu nahi zaitut artikulu honekin.

DENBORA-LAPURRAK ETXEAN

Zein dira, etxeari dagokionez, denbora lapurtzen dizuten egoerak? Batzuk bururatzen zaizkit niri. Arroparen armairua, esaterako. Nola duzu antolatuta? Arropaz beteta, jantzi bat hartzen saiatzen zaren bakoitzean ondokoarekin kateatzen zaizula, apaletan dena bistan egon arren ez zara erdia aurkitzeko gai, eta beti aukeratzen duzu gainean dagoena guztia goitik behera erori ez dadin…

Gauza bera gertatzen da sukaldean. Zure helburua osasuntsu jatea da, baina, sukaldera sartzen zaren bakoitzean, gainaldea trastez beteta topatzen duzu; despentsan ez duzu lekurik; janaria prestatzen saiatzen zara; ez dituzu tresnak aurkitzen…


Eta komuna? Imajinatzen duzu zelako plazera izango litzakeen bainugela txukun edukita kandelatxo pare bat piztu eta etxean bertan spa batean zaudela sentitzea? Baina, jakina, dagoen bezala, ehunka produktu pote tarteko, guztiak erdi erabilita, armairuetan dena nahastuta… Ezinezkoa da lasaitasun une bat aurkitzea!

Hori nahikoa ez, eta etxetik lan egiten baduzu, erronka erantsi bat duzu. Lan-mahaia antolatuta duzun moduaren arabera, aliatu handia edo etsaia izan daiteke zure proiektuetarako. Zure objektuak eta dokumentuak ordenatuta edukitzeak erosotasunez, distrakziorik gabe eta modu eraginkorragoan lan egiteko aukera ematen dizu. Txorakeria dirudi, baina milaka paper eta karpeten artean bila ibili behar izateak, beti erdizka margotzen duen boligrafo horrekin topo egiteak, mahaian zure ideiak zabaltzeko nahikoa leku ez duzula sentitzeak… Horrek guztiak laneko minutuak lapurtzen dizkizu, eta larritasuna sortzen du.

Neure iritziz, etxea intimitaterako espazio bat da, zu zeu izateko gune bat; izan dituzun emozio (altu zein baxu) guztietatik errekuperatu eta hurrengo egunari indarberrituta ekiteko babeslekua ere bada.

ZER BEHAR DUZU ESPAZIO LASAI ETA ATSEGIN BAT SORTZEKO?

1// KONTZIENTZIA JARRI
Bakean sentituko zaren espazio bat sortzeko, ezinbestekoa da daukazun guztiaz eta beraz sobran duzun guztiaz jabetzea.

2// POTENTZIAL OSOA IKUSI
Ez da beharrezkoa inbertsio handiak egitea edo une perfektuaren zain egotea (armairu egokia izatea, etxea jabetzan, munduko denbora guztia…). Zure etxe idealarekin amesteari utzi gabe, momentu honetan duzun errealitatea onartzeak indarra emango dizu.

Hau da, zure etxea zaintzen baduzu, zoriontsu egiten zaituena aukeratzen baduzu, nahi gabe zure begirada aldatuko da, eta beste leku batean kokatuko zara. Etxearekiko grina eta irrika berreskuratuko duzu, eta hori zurekin bizi diren gainerako pertsonei transmitituko zaie (eta, bide batez, mezu ozen eta argi bat bidaliko diozu unibertsoari ^_^).

3// KATEGORIEN ARABERA ORDENATU
Etxea ordenatzeko orduan, KonMari
® metodoaren kategorien arabera egitera gonbidatzen zaitut: arropa, liburuak, paperak, komono edo bestelakoak eta objektu sentimentalak). Kategorien arabera egitea da etxea erabat antolatu eta ordena denboran luzatzeko modu bakarra.

4// ZORIONTSU EGITEN ZAITUENA AUKERATU
Bide
an lagundu diedanek gehien sentipen bat adierazten didate gehienbat prozesua egin ondoren: arintasuna, lasaitasuna eta foku eta energia handiagoarekin sentitzea. Ordenaren jaialdiak sobran duzuna kentzeko aukera emango dizu (bai maila materialean eta bai buruan); bizitzako etapak itxiko dituzu; zure bizipenek, emozioek eta harremanek leku osasungarriagoa hartuko dute… Zinez iraultzailea da!

5// MODU ERRAZ ETA ERAGINKORREAN ANTOLATU
Erantzunik errazena egokiena izan arren, bizimodua zailtzeko joera izaten dugu, sistema landu batek emaitza hobeak emango balizkigu bezala. Bizitza konplikatzeko joera hori behin eta berriz ikusten dut; bereziki, kategoria batzuetan. Paperen kasuan, esaterako: karpetak karpeten barruan, azpikategoria gehiegi, dozenaka etiketa… Geure buruari jartzen diogun tranpa bat da, horrela ez baitago ezer topatzeko modurik. Beti ahal duzun sistemarik sinpleena bilatzera gonbidatzen zaitut.

KonMari® prozesua egiteak azaletik sakonera eramango zaitu, alor materialetik emozionalera, kanpotik barrura, etxean eta zeure baitan eraldaketa sakona izan dezazun eta merezi duzun bakea eta ongizatea aurki ditzazun.

Besarkada bat
Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?