Bizitzako beste alor askotan bezala, ohea egiteari dagokionez, badirudi gizartea bi taldetan banatu daitekeela: goizero-goizero etxetik atera aurretik ohea egiten dutenak eta horri garrantzia berezirik ematen ez diotelako egin gabe uzten dutenak.
Gaur, KonMari metodotik pixka bat aldendu eta ohea egiteak zure egunerokoan dituen bi onura nagusiez hitz egin nahi dizut.
PERTSONA PRODUKTIBOAGOA IZAN NAHI DUZU?
Ohea egiteak pertsona produktiboagoa bihurtuko zaitu? Txantxetan nabilela pentsatuko duzu, baina artikulua irakurtzen amaitzerako iritzia aldatuko duzula espero dut.
Zure garunak biziki maite du arazo txikiak konpontzea, edo, beste modu batera esanda, gai txikiak ixtea. Ziur gertatu zaizula, azterketa garaian, adibidez, gai potolo bat ikasten jarri aurretik berebiziko beharra sentitu duzula ikas-mahaia edo gela antolatzeko. Ez zara bakarra, guztioi gertatzen zaigu, izan ere, gure garunak zerbait garrantzitsuan murgildu aurretik inguruan duena itxita edo bere lekuan dagoela sentitu beharra.
Hori horrela, begiak zabaldu eta ohetik atera orduko, emankortasunari lagunduko dion lehen ekintza txikia ohea egitea da (behar bezala aireztatu ondoren, noski). Ohea egiteak zure garuna aktibatzen du, eta pertsona antolatua eta kementsua zarela sentiaraziko dizu maila inkontzientean bada ere.
William H. Mcraven, Texasko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan, “mundua aldatu nahi baduzu, has zaitez ohea egiten”.
KAIZEN TEORIAREN LAGUNTZAZ
Berriki kaizen metodoaren inguruan aritu naiz ikertzen, kai (aldaketa) eta zen (ona, hobetzea) hitzetatik datorrena. Metodo hori bat-bateko aldaketan beharrean mailaz mailako hobekuntzan oinarritzen da. Ohitura txiki eta errazak errutina bihurtzean, gero eta ahalegin txikiagoa eskatuko dizute, eta azkarrago lortuko duzu zeure helburu nagusia. KonMari® metodoarekin alde nabarmenak dituen arren, elkarren osagarriak direla esango nuke.
Horrela bada, demagun zure helburua etxea txukun eta antolatua edukitzea dela bertan aurreztuko duzun denbora benetan interesatzen zaizun ekintzetan erabiltzeko (ikasketak, hazkuntza pertsonala, familia, aisialdia…). KonMari® metodoaren bidez, etxea goitik behera txukunduko duzu, eta benetan zer duzun, zenbat eta non jakingo duzu. Kontsumo eta antolaketa ohiturak aldatuko dizkizu KonMari® prozesuak. Kaizen metodoaren bidez, aldiz, eguneroko errutina txikiak erraz zaindu ahalko dituzu; esaterako goizero-goizero ohea eginda zure ongizatea, lasaitasuna eta produktibitatea handituko direlako.
OHEA EGITEAK ZORIONTSUAGO EGINGO ZAITU
Zer da zoriontasuna zuretzat? Galdera zaila dirudi, baina ziur nago egunerokoan hitz honi zentzua ematen lagunduko dioten momentu asko topatu ditzakezula.
Nire iritziz, zoriontasuna eta arrakasta eguneko gertakari eta xehetasun txikietan topatzen da, zeure buruarekin bat eginda eta zeure esentziarekin konektatuta sentitzen zaren une horietan, alegia. Era berean, zoriontasuna inguruan dituzun objektuetan ere topa dezakezula uste dut, ondasunak zure luzapen bat bezala baitira. Zoriontsu egiten zaituzten eta zeure buruarekin koherenteak diren objektuz inguratuta egotea autoestimu, inspirazio eta poz iturria izan daiteke.
Alde horretatik, ohe egoki eta eder batean lo egin eta esnatzeak eguna zoriontsu hasten lagunduko dizu. Ohearekin batera gela zure behar eta gustuetara moldatzen baduzu, askoz hobeto. Horrela bada, gune zoriontsu eta goxo bat sortzeko bost pauso proposatuko dizkizut jarraian:
1. Irudikatu zure ametsetako logela.
Urrats hori modu batean baino gehiagotan egin dezakezu: gela xehetasunez irudikatuta edo sentsazio orokorragoetan kontzentratuta; idatzi, marraztu… Moodboard bat ere egin dezakezu.
Bakarrik edo bikotean egin daitekeen ariketa da (gelakideak badituzu berdin). Bigarren kasuan, oso interesgarria litzake bakoitzak bere kabuz egin eta gero emaitza partekatzea. Zertan etorri zarete bat? Nolako beharrak ditu bakoitzak? Ados ez zaudeten puntuetan, kontua ez da batak edo besteak amore ematea, baizik eta irtenbide sortzaile bat aurkitzea: desberdina, berria, biok asebeteko zaituztena.
2. Berrikusi zure objektuak banaka-banaka
Aurreko artikuluetan aipatu bezala, KonMari® metodoan kategoriaka lan egiten da, gelaka beharrean. Logelan lehenengo kategoria da nagusi, arropa. Baina ziur beste kategoria batzuetako objektuak ere aurki ditzakezula: liburuak, dokumentuak, komono-a eta objektu sentimentalak. Lan prozesua arina izan dadin, garrantzitsua da kategorien ordena errespetatzea, errazenetik konplexuenera ordenatuta baitaude.
3. Aukeratu zoriontasunaren arabera
Zoriontsu egiten zaituzten objektuak aukeratzeak zure energia handitu eta oparotasuna handitzen du. Ohearen kasuan, funtsezkoa da ukimen atsegina duen oheko arropa, lasaitasuna helarazten duten koloreak, estanpatu eta akabera ederrak… Logelaren funtzio nagusia atsedenleku izatea baita; era berean, etxe barruan maitasun harremanen leku nagusia da.
4. Utzi maite ez dituzun objektuak joaten
Zoriontasuna ematen duten objektuak aukeratzea bezain garrantzitsua da gustuko ez dituzunak edo behar ez dituzunak joaten uztea. Ikusiko duzu zein aske sentituko zaren soberan duzun guztia (materiala eta emozionala) alde batera uzten duzunean.
Espero dut gogoeta eta aholku hauek egunero (edo ia egunero) ohea egitera animatuko zaituztela. Zure ongizateak merezi du ahalegin txiki hori, ezta?
Besarka bat
Sara