Bizitzea egokitu izan zaigun garaia, sistema kapitalistak eragin dituen askotariko krisiak direla eta, erronka handia da oso. Momentu historiko honetan, zeinetan ez bakarrik petrolioaren krisia –horren produkzioak seguruenik 2018. urtean gaina jo zuen– baizik eta baita gasarena ere gainera datorkigun –produkzio gaina 2030. urte ingururako espero da– uste dugu beharrezkoa dugula egoerak agintzen duen bezala jokatzea, epe laburrera izanen ditugun arazoei aurre eginen badiegu.
Joera horren kontrako bidean doa erabat iazko azaroan Auzitegi Gorenak hartutako erabakia Aralar mendilerroa zeharkatuko duen gasbidea eraikitzeko. Berrespen horretan, Auzitegi Gorenak “onura publikoko aitorpena” berretsi zion Nedgia Navarra SA enpresak Nafarroako Gobernuaren laguntzaz aurkeztutako proiektuari, zeinetan Aralar mendilerroa Etxeberritik Lekunberriraino zeharkatuko duen gasbide baten eraikuntza aurkezten den, Lekunberriko Albiasualde industrialderaino gas naturala eramateko helburuarekin. Auzitegiak epaia emanda, eraikuntza lanak edozein momentutan has litezke.
Etxeberrin dagoen distribuzio saretik abiatuko da trazaketa, hori ere Nedgia Navarra SA enpresaren esku dagoena, eta Lekunberriko udalerrian dagoen Albiasualde industrialderaino iritsiko da. Trazaketa 14.671 metro izanen da luze, eta zortzi metro zabal, eta, eraikuntza lanak egin bitartean, landaretza deuseztatuko dute, 0,8 eta 1,5eko zabalerako lurrazalaren arabera eta 6 hazbeteko diametroa. 6.000 zuhaitz baino gehiago moztuko dituzte, zuhaitz-masak hautsi, bide-zorrak sortu, eta ondorioak izanen ditu animalietan, paisaian eta sistema karstikoan. Proiektuak, gainera, barrera desnaturalizatu bat ezarriko du KBE baten barnean, eta faunaren mugikortasunerako garrantzi handiz katalogatuak izan diren alderdiekiko lotura mugatuko luke, zuhaitz masaren eta sastraken jarraikortasuna haustearekin.
Ingurumen inpaktuko azterlanaren gakoak
Argilur enpresak 2019an ingurumen inpaktuko azterlana aurkeztu zuen. Azterlanak proiektuan zeuden beste bi trazaketa aukerak baztertu zituen (1.a eta 3.a), Aralar mendilerroko giltzarriak diren elementuetan eragina izateagatik. Hala ere, azterlan horretan, 4. trazaketaren alde egiten dute, hori ere bost kilometroz Aralarko KBEa zeharkatzen duelarik. Gainera, azterlanak ez ditu jorratzen arrisku geofisikoak eta hidraulikoak, argudiatuta hondeaketaren tamaina ez litzatekeela izanen “metro bateko sakonera duen zanga estua” besterik, nahiz eta, jarraian, gainazalaren irregulartasunaz eta karstifikatutako kalizez ohartarazten duen eta zuhurtzia eskatzen duen.
Gasbidea Latasako errekarga eremutik pasatuko da (Larraun ibairako deskarga, Latasa eta Irurtzun artean), Irañetatik (Irañeta eta Huarte-Arakilgo iturburuetarako deskarga) eta Iribastik (Aitzarreta eta Iribasko iturburuetarako deskarga). Azterlanak inguruan dauden iturburu eta akuifero epikarstikoez ohartarazten du, eta errekarga alderdia eta akuiferoen kutsadura “kalteberatasun handitzat” jotzen ditu. Izan ere, inguruko lurrazalean “formazio litologiko iragazkorrak” daude batez ere, eta lan eremutik, terrigenoak, petrolio eratorriak eta kimiko kutsatzaileak irits litezke akuiferoetara eta handik ur bilketa eremuetara.
Kontuan hartu behar dugu, bestalde, Aralarko mendilerroan bi espezie mota daudela Mehatxupeko Floraren Katalogoan agertzen direnak, eta animalia mota andana bat ere hartzen dituela. Hortaz, horien habitata ere kaltetuta suerta liteke, hala nola sai arrea, sai zuria, ugatza, okil ertaina, okil beltza, baso-igel jauzkaria, gailurretako uhandrea, sagu lepahoria, basasagua, muxar grisa, soro-muxarra, basakatua, lepazuria, katajineta, basurdea eta orkatza.
Aurkeztutako alegazioen gakoak
2019.urtean, inguruko zenbait biztanlek, afektatutako alderdien administrazioek, Larraungo Kalaxka taldeak eta Sustrai Erakuntza fundazioak alegazioak aurkeztu zituzten, esanez trazaketen azterlanetako alternatibek eta bideragarritasun analisiak ez dutela zorroztasunik, ez baitituzte behar den bezala justifikatzen aukera bakoitza baztertzeko dituzten arrazoiak. Horrez gain, nabarmendu beharra dago inoiz ez dela Zero Alternatibaren inguruan hitz egin. Hau da, ezer ez eraikitzea eta Lekunberriko industrialdean dagoen gas natural horniketa bere horretan uztea; hots, zisterna kamioiekin egitea. Ingurune araudiaren arabera, nahitaezkoa da beti Zero Alternatiba aztertzea, beste aukera bat bezala. Kasu honetan ez dute horrela egin.
Ezin dugu ahantzi aukeratutako trazaketa malda handietatik pasatuko dela, ingurumen inpaktuko azterlanak onartzen duen bezalaxe. Horrek mozketa eta aldapa handiak egitera behartzen du enpresa, zortzi metroko zabalerako “kalea” lortzeko, zeinetatik gas hodia pasatuko bailitzateke. Honezkero, deuseztatuko litzatekeen landaredia toki askotan zortzi metro baino askoz handiagoa litzateke, 15-16 metroko zabalerara erraz asko iritsiko litzatekeelarik. Hau, batez ere, Etxeberri eta Oderitz arteko trazaketan gertatuko litzateke. Gainera, buztintsuak diren lurzoruak izanik, erosio arriskua oso handia da.
Proiektuak ez du inolako neurririk planteatzen trazaketan barna haitzuloak edota osinak agertzen badira. Alderdi hori hein handian karstikoa izanik, ez dute, beraz, ondare geologiko garrantzitsua aintzat hartu, zeinetan aurkikuntza espeleologiko handiak egin izan diren.
Proiektuak akuifero garrantzitsuetan eta haien errekarga aldeetan izanen luke eragina, eta arriskua jarriko luke edateko uraren hornikuntza, ingurumen inpaktuko azterlanak berak egiaztatzen duen bezala. Izan ere, trazaketa guztiak ia beti kalteberatasun erdi altua duten lur eremuetatik pasatzen dira, azpian ur errekarga eta deskarga aldeak dituztenetatik, zeinek Larraun-Lekunberri eta Arakil-Irurtzun eskualdeetako herri gehienak hornitzen dituzten. Horrek arriskuan jarriko lituzke edateko ura eta giza kontsumorako oso garrantzitsuak diren iturriak.
Beste eredu baten alde
Oraingoan ere, enpresa handiek gizadiarentzako oinarrizkoak diren ondasunekin espekulatzen duten egoera baten aurrean gaude. Enpresek gobernuen eta pertsonen izenean hartzen dituzte erabakiak, haien interes pribatuak ekosistemaren interesen aurretik jartzen dituztelarik. Aldi honetan, erabat deuseztatuta geratuko dira jada antzinako garaietan jentilek trikuharriak eraikitzen zituzten eta egun babestuta dagoen natur eremu baten erraiak, zertarako eta gehienez ere (gehieneko errendimenduari dagokionez) hamarkada gutxiko erabilgarritasuna izan dezakeen azpiegitura baten mesedetan. Orain arte, aurrera eraman den neurrigabeko hazkunde hau azken astinduak ematen ari da; izan ere, kapitalismoak ad infinitum ustiatzen eta irensten dituen baliabideak finituak dira. Egokitu zaigun erronkari, beraz, begietara begiratu behar diogu. Horretarako, nahitaezkoa da ekonomia energetikorako beste eredu bat planteatzen hastea, desazkundea ardatz duena, bizitza duin baterako beharrezkoak diren giza beharrak betetzeari utzi gabe.