Zer moduz daramazu ordena armairuan? Erosoa eta funtzionala da? Bertan duzun arropa lerrokatuta dago zure esentzia eta estilo pertsonalarekin?
Arropa da KonMarik darabiltzan kategorietan lehena. Kategoria hau izaten da berrikusteko eta ordenatzeko errazena. Kategoria guztiek dute beren berezitasuna eta interesa, baina esango nuke hau dela beharbada norberaren esentzia ondoena transmititzen duena. Izan ere, arropa gure bigarren larruazala bezalakoa da, kasu jakinetan izan ezik zurekin doan zerbait da. Horregatik, bide bat izan daiteke bakarra egiten zaituen hori espresatzeko, zure nortasuna, irrikak, bizitzan duzun kokapena eta abar. Alde horretatik, nire ustez, arropa eta armairua zure luzapena dira. Adi, beste kategorietako zure ondasun guztiak ere hala dira, baina agian hau da ulertzeko errazena.
Egunero gustura, ahaldunduta eta, batez ere, alaitasunez janzten lagunduko zaituen armairu bat izaten lagundu nahi dizut.
ZER SARTZEN DA KATEGORIA HONETAN
Nire esperientziaren arabera, gehienok uste baino arropa gehiago dugu. Benetan, era guztietako emakumeak bidelagundu ditut, eta prozesua hasi aurretik guztiek esan izan didate arropa gutxi gorabehera kontrolatzen zutela. Baina, gero, guztia puntu berean bildu, eta batera ikusi dugunean, denek aitortu didate pentsatzen zutena baino gehiago zutela.
Zuri ere horrelako zerbait gertatzen bazaizu, aurreko artikuluan aipatzen nuen moduan, arropa azpikategoriatan banatzea gomendatzen dizut. Oraindik taldeak handiak direla sentitzen baduzu, gehiago zatitu ditzakezu.
Hemen duzu azpikategorien banaketa posible bat, baina libre senti zaitez zure beharretara moldatzeko. Niretzat ez dago formula hoberik norberaren senari jarraitzea baino:
• Goiko kanpoko zatiak: berokiak, txubaskeroak, gabardinak, amerikanak, jertse lodiak…
• Goiko barruko zatiak: elastikoak, alkandorak, blusak, jertse finak…
• Beheko kanpoko zatiak: galtzak, leggins-ak, gonak, soinekoak…
• Beheko barruko zatiak: barruko arropa, galtzerdiak, leotardoak, mediak…
• Osagarri handiak: bufandak, zapiak, txanoak, eskularruak…
• Osagarri txikiak: betaurrekoak, belarritakoak, lepokoak, eraztunak, orratzak…
• Oinetakoak: botak, zapatilak, zapatak, sandaliak, txankletak…
• Era guztietako poltsak, maletak eta motxilak.
BERRIKUSI LEHENENGO ETA AUKERATU ZORIONTASUNAREN ARABERA
Iritsi da benetan lanean hasteko momentua. Jada arropa armairutik aterata eta azpikategoriatan banatuta duzu, eta orain zer? Prest zaude arropa pila horren aurrean jarri eta zein azpikategoriatik hasiko zaren aukeratzeko? Nik aurreko zerrendako ordena berari jarraitzea gomendatzen dut, baina nahi duzun lekutik has zaitezke. Garrantzitsuena da beti errazena egiten zaizunetik hastea.
Hartu arropa bat eta hurbildu bihotzera. Nola sentitzen zara? Zein emozio antzematen dituzu? Nolakoak dira ekartzen dizkizun oroitzapenak? Zer gustatzen zaizu? Zoriontsu egiten zaitu?
Guztiz zoriontsu egiten ez bazaitu: gai izango zinateke benetan perfektua izateko baldintza guztiak betetzen dituen antzeko jantziren bat topatzeko?
Zoriontsu egiten ez bazaitu, joaten uztea gomendatzen dizut. Zorionik sortzen ez duten objektuek lekua hartzen dute, zuretzat zentzu handiagoa izango luketen beste ondasunentzat izan litekeen espazio baliotsua. Espazio hori hutsik uztea ere interesgarria gerta liteke; horrela, benetan nahi eta behar duzunari buruz gogoetako egiteko.
Saiatu zeure buruarekin ahalik eta zintzoena izaten. Noski, alboan horretan lagundu zaitzakeen norbait daukazunean, errazagoa da. Bidelagun gisa nire zeregina, besteak beste, modu aktiboan entzun, ispilu gisa jokatu, esaten duzunaren eta zure keinuek transmititzen dutenaren artean egon daitezkeen inkoherentziak islatu eta gogoeta egiten laguntzea da. Baina, zure kabuz egitea erabakitzen baduzu ere, aukera perfektua da; presentzia eta konpromiso handiagoa besterik ez du eskatzen.
Prozesu hori jantzi bakoitzarekin errepikatu behar duzu. Ez utzi alferkeriak edo ezkortasunak eramaten. Poliki-poliki, aldiro arropa bat hartuz, prozesuak aurrera egin ahala, garatu egingo duzu zorion-detektagailua.
Uneren batean ez badakizu zer sentitzen duzun edo blokeatzen ari zarela ikusten baduzu, jarri albo batean arropa hori, eta amaieran berrikusiko duzu. Dena den, dena amaituta oraindik argi ikusten ez baduzu, ez kezkatu. Gorde ezazu zoriontsu egiten zaituzten gainerako arropekin batera, eta ikusiko duzu nola denborak bakoitzari bere lekua emango dion.
AUKERAKETA EGITEKO GALDERA LAGUNGARRIAK
Konturatu zara armairuko arropa batzuekin eta besteekin duzun harreman ez dela bera? Harreman hori aldatzen joango da, gainera, zure egoera animikoaren eta gorputzeko aldaketen arabera. Emakumeok gure hilekoaren aldiei kasu egin besterik ez dugu aldaketa horietatik asko modu ziklikoan gertatzen direla ohartzeko.
Ikusten duzun moduan, zure arroparekin duzun harremana oso lotuta dago zure behar, sentipen eta emozioei. Egunerokoan alde praktikoa ere begiratu behar duzu, noski, baina une oro nola sentitzen zaren kontuan hartzera gonbidatzen zaitut.
Horregatik arropa berrikusten ari zaren momentu horretarako, galdera hauek lagungarriak izan daitezke:
• Zer sentitzen duzu zure bihotzera hurbiltzen duzunean?
• Alai, zoriontsu edo ahaldunduta sentitzen zara?
• Janzten duzunean zer irudikatzen duzu? Zein irudi islatzen dizu?
• Zer sentitzen duzu arropa hori ukitzen duzunean? Gustuko duzu materiala?
• Ba al du lotura emozionalik?
• Dakarkizun oroitzapen hori baikorra da gaur egun?
• Norbaitekin loturarik badu, arropa hori behar al duzu beretaz gogoratu edo gertu sentitzeko?
• Zer duzu gustuko arropa horretan? Zer falta zaio?
• Zure bizitza idealaren irudiarekin bat egiten du?
• Zintzo jokatuz, zoriontsu izateko zenbat arropa behar zenukeela uste duzu?
GORDE AHAL DUZUN GUZTIA SISTEMA BERTIKALAREN BIDEZ
Marie Kondoren metodoaren berezitasunetako bat da ahal den guztia sistema bertikalaren bidez gordetzea. Sistema horrek 3 abantaila nabarmen ditu:
• Lekua aurreztuko duzu. Arropa tolestuak zintzilikatuta baino espazio gutxiago hartzen du. Zure arropa berrikusi eta aukeratu ondoren ziur aski kopurua murriztu egingo da, eta, beraz, sistema horrekin guztia armairu berean sartuko zaizu, denboraldi bakoitzean armairu aldaketa egin behar izan gabe.
• Sistema bertikalari esker, arropa guztia eroso hartu eta gorde daiteke. Era tradizionalean ez bezala, arropak bata bestearen gainean pilatzen ez direnez, edozein jantzi har dezakezu gainontzekoak desordenatu gabe. Gainera, tiraderaren aurrealdean edo atzealdean egonda ere, sistema bertikalarekin arropa bakoitza bere kabuz eusten da, eta ordenari eusten laguntzen du.
• Arropa egoera hobean egoten da, eta gutxiago zimurtzen da, jantziak batzuk bestearen gainean jarrita hartzen duten pisua saihesten duzulako.
Hasieran zaila dirudien arren, oso sinplea da sistema bertikalarekin arropa biltzea. Aurkitu eroso lan egiteko azalera lau eta gogor bat. Zorua edo mahaia aukera perfektua dira. Ikusiko duzu denborarekin praktika hartzen joango zarela eta ohea bezalako gainazal bigunagoetan ere egin ahal izango duzula.
Jarri jantzia gainazal horren gainean eta zabaldu eskuekin. Eman balioa zure eskuek duten ahalmenari, arropa lisatzeaz gain, berotasuna eta maitasuna helarazteko balio baitute. Une hori meditazio txiki bat bezalakoa izan daiteke, non arreta guztia balia dezakezun esku artean duzuna zaintzeko eta zuregatik egiten duen guztia balioan jartzeko.
Sistema bertikalaren oinarria beti forma angeluzuzena aurkitzea da. Horretarako, arroparen alboetan bi lerro markatu eskuekin, eta modu ordenatuan sobera dagoen guztia barrurantz tolestu behar duzu, origami eskulan bat balitz bezala. Forma laukizuzena duzunean, bere buruaren gainean tolestu besterik ez duzu egin behar, “pakete” bertikal bat egin arte. Eskuak kendu eta zutik eusten badio, zuzen egin duzula jakingo duzu.
Tolestura kopurua jantzi bakoitzaren araberakoa da. Gutxi tolesten baduzu, altuegia izango da, eta grabitatearen indarragatik desegin egingo da. Aitzitik, tolestura asko baditu, zilindro trinko baten itxura hartuko du, eta, asko okupatzeaz gain, zimurrak aterako zaizkio. Ziur aski behin baino gehiagotan probatu beharko duzu arropa bakoitzaren zenbaki perfektuarekin jo arte.
Badakit etsigarria irudituko zaizula hasieran. Baina ez eman amore; ikusiko duzu zure arropa ezagutu eta apur bat praktikatu orduko berehala menderatuko duzula teknika.
Sistema bertikalarekin arropa gordetzeko erosoena tiraderak dira, baina baliteke zure armairuak apalak besterik ez izatea. Kasu horretan ez arduratu, taparik gabeko kutxak jar ditzakezu apalen gainean eta berdin funtzionatuko dute.
Amaitzeko aipatu kapsula-armairuaren sistema ere erabat bateragarria eta osagarria dela KonMari metodoarekin. Biak praktikan jartzen badituzu, zure esentziarekin bat egiten duen eta guztiz funtzionala den armairua lortuko duzu. Informazio gehiago behar baduzu, Kokoro Tailerreko blogean gai honi buruz sakon hitz egiten duten hainbat artikulu topatuko dituzu. Animatuko zara aldaketa egitera?
Besarkada bat
Argazkia