Etxeko liburuak ordenatzea gustatuko litzaizuke, baina ez dakizu nondik hasi? Zure liburuen aukeraketa bat egitea pentsatu duzu, baina liburuak joaten uztea galarazten dizun zerbait sentitzen duzu? Gaurko artikuluan, KonMari metodoaren bidez liburuak nola berrikusi eta antolatzen diren kontatuko dizut, momentu honetan zarena irudikatu eta zoriontsu egiten zaituen liburutegia izan dezazun.
Liburuak Marie Kondoren metodoaren bigarren kategoria dira. Arroparen ondoren, ordenatzen errazena da; beraz, aurreko kategoria amaitu ondoren berrikusi beharko zenuke.
SAIOAREN PRESTAKETA
Arroparekin egin zenuen bezala, liburuekin ere apalategiak hustu eta lurrean pilatu behar dituzu. Badakit nagikeria pixka bat eman diezazukeela; agian, zentzu handirik ez duela pentsatuko duzu; izan ere, apalean jarrita dauden moduan ederki ikus dezakezu daukazun guztia, eta, orduan, zertarako alferrik galdu denbora?
Nire esperientziaren arabera, ezinbestekoa da liburu bakoitza esku artean hartu eta haien pisua, bibrazioa, usaina eta abar sentitzea. Zentzumen guztiak aktibatzea nahi dut, bihotzarekin konektatu eta benetan zoriontsu egiten dizuten jakiteko. Urrutitik begiratuz, zure begiek eta buruak ematen dizuten informazioa besterik ez duzu izango, eta sentitzen dut hau esatea, baina informazio hori nahiko mugatua da.
ZER DAGOKIO KATEGORIA HONI?
Kategoria honetan liburu-itxura duen guztia sartuko litzateke, entretenimendu-liburuetatik hasi eta kontsulta-liburuetara. Aurrekoan aipatu nizun bezala, lana arintzeko eta orain lurrean pilatuta izango dituzun liburu eta aldizkari pilengatik gaindituta ez sentitzeko, azpikategoriatan banatzea gomendatzen dizut.
Hauek dira nik normalean egiten ditudan azpikategoriak:
• Entretenimendu-liburuak edo orokorrak: eleberriak, komikiak, poesia, saiakera, biografia, antzerkia…
• Errenferentzia edo kontsulta liburuak: gai zehatzei buruzko liburuak (historia, politika, ekonomia, feminismoa, iraunkortasuna, hezkuntza, yoga…), entziklopediak, hiztegiak…
• Irudi liburuak: arte liburuak, argazki liburuak, sukaldaritza liburuak, aldizkariak (gutxi badituzu), atlasak…
• Aldizkariak: asko badituzu bere horretan azpikategoria bat izan daitezke.
• Liburu bildumak: talde bakar batek bezala funtzionatzen dute.
Denbora eta gogoa baduzu kategoria honetan berrikus zenitzake honako hauek ere:
• Ikasle zineneko edo berriki egin duzun formakuntzetako liburu eta apunteak.
• Erabilera-eskuliburuak.
Banaketa hori eginda ere, azpikategoriak handiak direla ikusten baduzu, talde txikiagoak egin ditzakezu bakoitzaren barruan. Adibidez, liburu orokorren kasuan, nobela guztiak batera jarriko zenituzke, komikiak beste azpikategoria bat izan litezke, saiakerak beste bat, eta abar. Edo are txikiago: eleberri beltzak alde batetik, eleberri historikoak bestetik, zientzia-fikziozkoak, erromantikoak eta abar.
Asmoa da hautaketa prozesua arintzea eta saioan zehar motibazioa ez galtzea. Zoaz pausoz pauso momentuan lantzen ari zaren kategorian kontzentratuta, eta ez kezkatu egiteko gelditzen zaizun guztiagatik; arduratuko zara horretaz iristen zarenean.
BERRIKUSI ETA AUKERATU ZURE LIBURURIK GOGOKOENAK
Marie Kondoren arabera, liburuak lokartuta bezala egoten dira. Bai, badakit, ideia hori oso filosofikoa da, eta harrigarri samarra irudituko zaizu agian. Baina, pentsatzen baduzu, badu bere logika. Liburu bat irakurri ondoren, hilabeteak, urteak edo hamarkadak igaro daitezke hurrena norbaitek hartu edo mugitzen dituen arte. Salbuespena izaten da hautsa kendu edo apalategia garbitu behar dugunean. Beraz, haien energia itzalita dago, eta zaila da zoriontasuna transmititzea.
Horregatik, banan-banan aztertzen hasi aurretik, Marie Kondok hatzekin ukitutxo batzuk ematea gomendatzen du. Jarri liburuak esnatzeko intentzioa, eta jo liburuen azalean zoriontasunaren atea izango balira bezala.
Orain bai, has zaitez liburuak berrikusten aipatu dizkizudan azpikategorien hurrenkerari jarraituz. Edo, erosoago sentitzen bazara, aukeratu errazena iruditzen zaizun azpikategoria.
Hartu liburuak banan-banan, hurbildu bihotzera eta sentitu… Zer dio? Nola sentitzen zara? Zein oroitzapen dakarkizu? Gaur egun zaren pertsona irudikatzen du? Zure egungo interesekin bat egiten du?
LIBURUEN INGURUKO SINESMENAK
Zein pentsamendu edo ideia etorriko litzaizuke burura zure liburuak bota behar dituzula esango banizu? Ez da inoiz gertatuko, aizu. KonMari aholkulari batek ez dizu inoiz esango zer bota eta zer gorde. Baina momentu batez zure barneko diskurtsoaz kontziente izatea nahi dut. Ziur nago galdera hori entzunda erantzun automatikoa ezezko borobila dela. “Liburuak bota, nola? Etxean liburuak edukitzea ezinbestekoa da; liburuak kultura dira”; “gero eta liburu gehiago orduan eta pertsona landuagoa, interesgarriagoa, inportanteagoa”; “etxean liburuak eduki behar dira irakurzaletasuna bultzatzeko”, eta abar luze bat.
Baina azter dezagun egoera une batez. Benetan uste duzu apalategiak liburuz lepo edukitzeagatik zure seme-alabek irakurtzeko gogo handiagoa izango dutela? Edo liburu asko izateagatik pertsona landuagoa zarela? Ohartu zara? Liburuak eduki esan dut, ez irakurri. Askotan eragozpen horrekin egiten dut topo: liburuak edukitzea gustuko dugu, baina gero ez dugu hauek irakurtzeko denbora edo gogorik izaten. Nahi beste liburu erosteko aukera dugun garai honetan (zeresanik ez liburu digitalak agertu direnetik), esango nuke liburuak edukitzea fetixismo era bat bihurtu dela.
Ohiko beste aurreiritzietako bat izaten da lanbide, pentsaera, ideologia edo mugimendu batekin bat egiten duzulako horri lotutako liburu piloa izatea. Bereziki zerbaitetan “aditua” bazara, ezinbestekotzat hartzen dugu irizpide hori. Baina ez gaizki ulertu; ez naiz esaten ari liburu horiek ez dituzunik eduki behar. Zalantzan jartzen ari naiz ea guztiak benetan erabilgarriak diren edo zurekin bat egiten duten.
Dirua ere mugatzaile handi bat izan ohi da. Izan liburua oso garestia delako edo luzaroan horiek erosten diru asko inbertitu duzulako, zaila izaten da maiz haietaz libratzea. Baina kasu honetan, liburua bera beharrean, horren atzean dagoen dirua ari zara baloratzen, eta horrek, maiz, ez du benetan sentitzen duzunarekin zerikusirik. Liburu batek duen balio ekonomikoa ez da sortzen dizun zoriontasunaren proportzionala kasu guztietan.
Zabalduta dagoen azken ideia bat, berriz, zera da, badaezpada ere gordetzea. “Uda iritsi eta denbora dudanerako”, “berriro beste pandemia bat dugunerako”, “bidaian joaten naizenerako”, “inspiratuago nagoenerako”, “nire seme-alabak handitzen direnerako”… Amaigabeak dira geure buruari kontatzen dizkiogun aitzakiak.
SORTU ZURE AMETSETAKO LIBURUTEGIA
Benetan zurekin bat egiten duten liburuak aukeratu dituzunean, sistema bertikalaren bidez kokatuko dituzu. Hori da zure liburu guztiak ikusteko eta erosotasunez hartu eta gordetzeko modurik errazena. Gomendatzen dizut liburu guztiak errenkada bakar batean jartzea (atzean edo gainean libururik ez egotea); horrela, begirada batez, daukazun guztia ikus dezakezu.
Kontuan izan apalak edo tiraderak gehienez %80raino beteta egotea dela gomendagarriena. Horrela, liburuak erosotasunez hartu edo gorde ahalko dituzu. Gainera, apalategia liburuz lepo ez ikusteak lasaitasuna emango dio zure begiradari (baita arimari ere, kar-kar).
Ordenari dagokionez, antolatzeko modu bat baino gehiago egon daitezke. Hiru adibide jarriko dizkizut, baina, beti bezala, zure senari jarraitu eta gustukoen duzun moduan jartzera animatzen zaitut:
• Lehen aipatutako azpikategoriei jarraituz kokatu ditzakezu, eta horien barruan, blokeka: eleberri guztiak batera, jarraian komikiak, gero saiakerak eta abar.
• Alfabetikoki ordenatu dezakezu liburu motaren arabera eta egilearen abizenaren arabera.
• Kolore eta tamainaka ordenatzea ere ederra izan daiteke.
• Interesgarria da zuretzat betetzen duten funtzioaren arabera edo sentiarazten dizutenaren arabera antolatzea ere.
Erraz egiteko modukoa iruditu zaizu? Gai hauen inguruan askoz gehiago sakondu genezake, baina, honezkero eman dizudan informazio guztiarekin, prest zaude liburuen aukeraketa egin eta liburutegi zoragarri bat antolatzeko.
Besarkada bat
Argazkia