Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ordenatu etxeko txokorik kaotikoena KonMari metodoaren bidez

Zein da zure etxeko txokorik kaotikoena? Norena da gela edo espazio hori? Norbaitena da edo guztiek erabiltzen duzue? Egoera hauetatik bateon bat ezaguna egiten zaizu?
 
• Etxeko espazio asko elkarbanatzen dituzue (armairuak, gelak, apalak, objektuak…). eta ez dago argi norena den zer.
• Ondorioz, espazio edo objektu asko ahazturik daude.
• Etxearen zaintzaren karga zuk daramazu bereziki, eta horrek, batzuetan, gaindituta eta frustratuta sentiarazten zaitu.
• Gustuko duzu maite dituzunak zaintzea, eta, behar badute, ez zaizu axola zeure etxea lagatzea. Baina zure ondasunak ez dituzte beti zuk nahi bezala zaintzen.
• Norberak bere gauzak ditu, baina zeureak denenak dira.
Esaldi hauetatik bateon batekin identifikatu zara? Besteren bat bururatzen zaizu?
 
Nire esperientzia pertsonalean eta KonMari metodoaren aholkulari gisa lanean daramadan denboran, ohartu naiz inorenak ez diren objektuak gutxiago zaintzen direla. Are gehiago, maiz alboratuak eta ahaztuak gelditzen dira. Beste kasu batzuetan pertsona bakarra arduratzen da gehiengoa zaindu eta gauza bakoitza non dagoen jakiteaz. Jarrera hori, ordea, karga pisutsua eta mingarria bihur daiteke.
 
Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait orekari eustea espazio komunaren eta espazio pertsonalaren artean.
Kontzeptu horiek Dirayaren Hezkuntza Sortzaileko formakuntzan entzun nituen lehenengo aldiz. Espazio pertsonala espazio pribatua da, norberarena, eta hainbat forma har ditzake testuinguruaren arabera. Etxean, adibidez, zure gela izan liteke espazio hori, edo partekatzen duzuen armairuaren zure aldea. Edo zure gau-mahaia, arropa eta gosaltzeko zure katilu gogokoa.
 
Zure espazioa zeurea da, eta ez beste inorena. Bertan eta berarekin, nahi duzuna egin dezakezu, eta INORK ez du horren inguruan iritzi, konparaketa edo epairik botatzeko eskubiderik. Zergatik? Zure espazio pertsonalean egiten duzuna zuretzat bakarrik delako; zure intimitatea da, eta ez dago hartzaile bati zuzenduta.
Adibide batekin errazago ulertuko duzu: armairuaren zure aldean pentsatzen baduzu, nori axola zaio nola ordenatuta dagoen? Norentzat izan behar du erosoa eta irisgarria espazio horrek? Nork jakin behar du zer dagoen barruan eta zerk egiten zaituen zoriontsu? Horren guztiaren erantzuna ZEU zara.
 
Bakarra, originala eta perfektua zara. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait zu zeu izateko espazioak edukitzea. Zu zeu besteen artean. Hau da, kasu batzuetan zeuk bakarrik ikusten dituzun espazio pertsonal batzuk izango dituzu (adibidez, eguneroko intimoa). Beste batzuetan, zure espazio pertsonala izan arren gainontzekoen bistara egongo dira (arropa, zure liburuak, katilu kuttuna eta abar). Baina bi kasuetan, bertan/beraiekin egiten duzuna zuretzat baino ez da; ez du hartzailerik, eta, beraz, adierazpen modu bat izango da (ez nahastu komunikazioarekin).
Arazoa zera da, normalean espazio komunak espazio pertsonala inbaditzen duela. Oso arraroa izaten da bi gune hauek benetan orekatuta izatea.
 
Hori gertatu ohi da ondasunekin eta elkarbanatzen ditugun espazio fisikoekin, baina baita gertu ditugun lagunekin ere. Ziur nago milaka adibide topa ditzakezula… Bateon bat aipatzeagatik, jar dezagun familia nukleoan, zure bikotearekin edo lagun minen artean erabaki garrantzitsu bat hartu behar duzuela. Nola erantzuten duzu normalean? Zenbatetan alboratu dituzu zure beharrak “guztion ongizatearen” izenean? Ala edozein kasutan zuk nahi duzuna nahi duzun moduan egitea gustuko duen horietakoa zara? Gertatzen zaizu inguru batzuetan normalean zuk zeuk alboratzen dituzula zeure nahiak, eta beste batzuetan, gainontzekoen gainetik jartzen zarela?
 
Erantzunak erantzun, geldi, ez epaitu zeure burua. Kontestu ezberdinetan betetzen dugun rola ez da egoera absolutu bat; kasu gehienetan, gainera, ez gara jarrera hortaz kontziente, eta ez dugu gaiztakeriaz egiten. Presentzia handia behar da ondokoa ez inbaditu edo zeure burua inbaditzen ez uzteko.
 
Horregatik, altxor bat iruditzen zaizkit espazio ezberdinak orekatuak dauden guneak.
 
Bakoitzak ordenatzeko era bakar eta pertsonal bat dauka. Harremanetan gertatzen den moduan, ezinbestekoa da originaltasun hori errespetatzea. Are gehiago, kaltegarria izaten da ordenatzeko era jakin bat inposatzea, erresistentzia eta haserrea sorrarazten baititu. Aldiz, espazio/objektu pertsonalak zehazteak aukera emango dizu zure beharren arabera antolatu eta garatzeko.
 
Halere, horrekin ez dut esan nahi etxeko objektu guztiak banatu behar dituzuenik; ez da beharrezkoa guztia batena edo bestearena izatea. Baina ziur nago norberaren objektu pertsonalak eta komunak identifikatuak badituzue arazo asko ekidin edo konpontzeko balioko dizuela.
 
Espero dut horrela gatazkak minimizatzeko aukera izango duzuela eta erabakiak hartu, adostasunak topatu eta etxearen zein bertan bizi zaretenon antolaketaz eta zaintzaz kontziente izaten lagunduko dizuela.
 
Besarkada bat
 
 
 
Argazkia
 

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?