Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Opariak kudeatzeko aholkuak

KonMari metodoa etxea edo espazio pertsonala ordenatzeko ezagutzen dudan era sinple, koherente, integral eta eraginkorrena da. Marie Kondok —filosofia honen sortzaileak— ordenatzeko era hau “metodo” hitzaren bidez definitzen duen arren, nire ustez, proposatzen dituen pausoak (kategorien bidez ordenatzea, zoriontasuna aukeratzea, fokua gauza baikorretan jartzea eta abar) ohiturak batzuk dira, bizitzako beste edozein alorretara eraman daitezkeenak. Horregatik, esan genezake jarrera edo bizitza kudeatzeko modu bat dela.

Datozen artikuluetan, KonMari prozesuan sakonduko dugu. Baina, gaurkoan, Gabonak gainean ditugula ikusita, ordena metodo hau opariak kudeatzen laguntzeko erabilgarria ere izan daitekeela erakutsi nahi dizut.

Zer duzu nahiago, opariak jaso ala eman? Zer moduz daramazu gustuko ez dituzun oparien kudeaketa? Zoriontsu egiten ez zaituzten arren, joaten uztea kostatzen zaizu? Edo burua eta bihotza hotz edukitzeko gai zara, eta beharrezkoa denean irtenbide egoki bat bilatzen diozu?

 

Oparien funtzioa

Opari baten funtzioa oparitua izatea da. Behin bestearen eskuetara iritsi denean, burutu du bere betebeharra, eta hortaz, libre da bere horretan irauteko edo joaten uzteko.

Horregatik, oso garrantzitsua da opariak egiteko orduan zure intentziorik onena jartzea baina asmo edo helbururik gabe ematea. Horrela zeure buruari asmatu beharraren presioa kenduko diozu, eta oparia jasotzen duenak ere askatasun handiagoa sentituko du. Garrantzitsua da opari batek zoriontasuna ematea, baina oparien benetako esanahia haien atzean dagoen intentzioa da.

Marie Kondok bere lehenengo liburuan aipatzen duen moduan, ondasunek zure bizitza hobetu nahi dute beti. Duzun guztiak lagungarria izan nahi du zuretzat; horregatik, zerbait zoko batean baztertuta eta ahaztuta uzten duzunean, zentzua galtzen du erabat. Kasu horretan hobe izaten da beste norbaitentzat erabilgarria izango den moduren batean joaten uztea.

Horrekin ez dut esan nahi betetzen ez zaituena edonori edonola oparitu behar diozunik. Oso garrantzitsua da arduratsu jokatzea, zuk nahi ez duzun horren zama nori pasatuko diozun aukeratzeko orduan. Beste horren bizitzan ekarpen baikorra egingo badu, zoragarri, baina, bestela, egokiagoa da joaten uzteko beste bide batzuk topatzea.

 

Opariak objetu sentimentalen kategorian

KonMari metodoan, kategorien edo materialen arabera ordenatzen da gelaka beharrean. Ordena-prozesuak laguntzen ditudanean, opariak prozesuaren amaieran, objektu sentimentalen kategorian, kudeatzeko uzten ditugu. Izan ere, oparien kasuan, karga emozionala oso nabarmena izaten da, eta, zoriontasun maila baloratzeaz gain, jabearekin duen lotura ere kontuan izan behar da.

Ordenaren prozesu osoa egiten ari den pertsonarentzat, erlatiboki erraza izaten da garai bateko opariek zoriontsu egiten dioten ala ez identifikatzea. Izan ere, kategoriaz kategoria etxeko objektu gehienak banaka-banaka berrikusi dituzunean, “zoriontasunaren detektagailua” erabat garatuta izango duzu. Beraz, prozesuaren amaierako fasera iristen zarenerako, ziur nago zuk zeuk opari horiek kudeatzeko nahiko baliabide izango dituzula.

 

Eta ez banaiz opariak joaten uzteko gai?

Hori ere oso galdera ohikoa izaten da. Zer egin zerbait joaten uzteko gai ez banaiz? Nire ustez, oparien kasuan, gako hauek dira garrantzitsuak egoera horri aurre egiteko:

1// Oparia gustuko ez baduzu baina halere joaten uzteko gai sentitzen ez bazara, emaiozu denbora bat. Batzuetan zailtasuna ez da pertsona horrekin dugun lotura edo beste maila bateko konpromisoa, pasatu den denbora baizik. Jaso eta berehala joaten uztea bada zailtasuna sortzen dizuna, gorde toki egoki batean oparia, eta hartu hemendik X denborara berrikusteko konpromisoa.

2// Izugarri laguntzen du joaten uzteko momentu eta modu egokia topatzeak. Hau da, bilatu momentu intimo bat, beste inork baldintzatuko ez zaituen une bat, eta egin askatzeko erritual txiki bat. Ez du konplikatua izan beharrik; nahikoa izan daiteke joaten utzi aurretik bete duen funtzioa eskertzea bera. Nik neure barruan honelako zerbait esan ohi dut: “Mila esker …………… (objektua) denbora honetan ……………………………………..bizitzen lagundu didazulako. Orain joaten utziko zaitut, beste pertsona bati zoriontsu egin diezaiozun edo niregana benetan behar dudan beste zerbaitetan eraldatuta etor zaitezen”.

3// Objektu horrentzat bestelako alternatibak bilatzea ere oso lagungarria izan daitekeela uste dut. Ez da gauza bera edozein modutan zuzenean zakarretara botatzea edo objektu horrek bigarren bizitza bat izan dezan alternatibak pentsatzeko denbora bat hartzea. Agian ez duzu konponbide perfektua topatuko, baina ahaleginak mereziko du.

4// Aurreko pausoak emanda ere oraindik muga handia sentitzen baduzu, lasai. Bilatu zure objetu maiteen artean gordetzeko toki egoki bat. Eta ez hori bakarrik! Ohorezko toki bat bilatzeaz gain kontu bereziarekin zaintzen baduzu, ikusiko duzu nola denborarekin argiago sentituko duzun zure etxean egoten jarraitu behar ote duen.

 

Espero dut artikulu hau interesgarria eta erabilgarria izatea Gabon hauetan edo urteko edozein momentutan jasotzen dituzun opariak kudeatzeko.

Besarkada bat

 

 

 

 

Argazkiak: Unsplash

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?