Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

‘Black friday’ eguna kudeatzeko KonMari® aholkuak

Egutegiari begiratzen badiozu, bitxia da zein gertu dauden Erosketarik Gabeko Munduko Eguna eta black friday eguna. Balio guztiz antagonistak adierazten dituzten bi egun izan arren, egutegian jarrita dauden bezala, askotan lehenengoak bigarrenean kontsumitzeko gogo handiagoa sortzen du.

Gaur egun oso zaila iruditzen zait black friday sustatzen duten publizitate kanpaina guztien eraginean ez erortzea, baina agian ez da beharrezkoa erosteari erabat uztea ere. Nola eta zenbat erosten den kontuan izanda, egun hori aprobetxatuz aurrezpen nabarmena egin daiteke etxeko ekonomian.

Hala ere, KonMari® aholkularia gisa garrantzitsua iruditzen zait kontsumo ohituretan arreta jarri, eta egun honetaz baliatuko bazara, modu kontrolatuan baliatzea. Hemen dituzu lagungarriak egingo zaizkizun KonMari® metodoaren sei gako:

1// Egin behar duzunaren zerrenda, kategorien arabera

Erosketak egiteko garaian, zerrendak egitea da baliabide sinple eta eraginkor bat. KonMari® metodoaren kategoria bakoitza errespetatuz egiten baduzu (arropa, liburuak, paperak, komono-a eta objektu sentimentalak), askoz hobe!

Zure objektuak kategoria horien bidez aztertzeak duzun guztiaren ikuspegi orokorra eta, aldi berean, zehatza emango dizu. Kantitateaz gain zein egoeratan dauden har dezakezu kontuan. Azterketa horretan objekturen bat ordeztu edo erosi behar duzula antzematen baduzu, gehitu zerrendara.

Hasieran, zutabe bakarra jarriko duzu, kategoriaka antolatuta, eta, aurrera goazen heinean, beste zutabe batzuk gehituko dituzu.

Ez kezkatu hasieran zerrenda luzea bada; denbora izango duzu mugatzeko.

2// Prestatu zure aurrekontua

Etxeko objektuak berrikustea bezain garrantzitsua da zure diruari arreta jartzea. Nola daude zure kontuak? Benetan, zenbat diru duzu erosketa berri horietan inbertitzeko? Zein ataletatik aterako da erabiliko duzun diru hori: gastuak, aurrezkia, inbertsioa, luxua…?

KonMari® prozesuan, dirua komono kategorian sartuko litzateke. Bidean laguntzen diedanek behar askotarikoak izaten dituzte, eta horren arabera gehiago edo gutxiago sakondu daiteke diruaren antolaketan: diru zorroa nola antolatu, kreditu txartelak, eskudirua, kontu korronteak, etxeko finantzak… Jarri duzu ordenarik inoiz gai horretan? Nola sentiarazten zaitu?

Nire iritziz, ezinbestekoa da zure egoera ekonomikoaren jakitun izatea. Abiapuntu horretatik zeure balioen eta bizitzako helburuen arabera antolatu ahal izango duzu dirua, eta harreman osasuntsua sortu. Diruak ez du zoriontasuna ematen, baina asko laguntzen du. ^_^

3// Egin merkatu-azterketa txiki bat

Zaila dirudi, baina oso sinplea da. Orain, zer behar duzun dakizunez, non erosi nahi duzun ikertzeko unea da. Puntu horretan, oso interesgarria da zuretzat balio garrantzitsuenak zein diren berrikustea. Agian, gaur egun nola zauden kontuan hartuta, nahiago duzu tokiko dendetan erosi, hurbileko negozio txikietan. Edo agian online bakarrik eros daitekeen produktu espezifiko baten bila zabiltza…

Kontuan izan zuretzat garrantzitsuak izan daitezkeen beste faktore batzuk ere: iraunkortasuna, sortzen duen hondakina, kalitatea, sofistikazioa, produktu/denda horrek ematen dizun konfiantza maila… Eta, jakina, gai praktikoagoak, hala nola prezioa, aplikatzen dioten deskontua, bidalketa gastuak eta itzultzeko baldintzak.

4// Markatu zure lehentasunak

Orain lehentasunak zehazteko garaia da. 1. puntuan egin duzun zerrenda horretatik abiatuta, zein dira zoriontsuen egiten zaituzten edo gehien behar dituzun objektuak? Edo errazagoa iruditzen bazaizu, alderantziz ere egin dezakezu, eta baztergarriak edo bigarren mailakoak iruditzen zaizkizunak markatu.

Zorionaren arabera aukeratzea arinkeria dirudi, baina, egia esan, ohitura sakon eta eraldatzailea da. Zorionetik aukeratzen duzunean, zeure esentziarekin, balioekin eta desioekin konektatzen duzu. Horrela, alderdi baikorretik begiratu, eta zure bizitzan benetan balioa duen horretan jarriko duzu indarra.

Jakina, oreka bat egon behar du zoriontasunaren eta praktikotasunaren artean, baina ez dira bi kontzeptu kontrajarri. Alderantziz, elkarren osagarri dira. Pentsatu duzu inoiz egunero erabiltzen dituzun objektu horiek guztiek ematen dizuten zorionaz? Objektu arruntak eta funtzionalak izan arren zure bizitza errazagoa bihurtzen dute; horrek badu balioa. Horri edertasunaren faktorea gehitzen badiozu, konbinazio perfektua duzu.

5// Opariei buruzko gogoetak

Gabonetako opariak erosteko erabiliko duzu black friday? Ezer erosi baino lehen, hartu une bat oparia egingo diozun horretan pentsatzeko. Nolakoa da pertsona hori? Zer atsegin du? Nolako harremana duzue?

Egin nahi diozun opari mota aukeratu ondoren, irudikatu pertsona hori objektu hori erabiliz. Agian, aukeratu duzun oparia ez da zure estilokoa, baina, pertsona hori irudikatzen duzunean sentipen positiboa baduzu, asmatzeko aukera gehiago izango dituzu.

Jarri zure asmorik onena oparian, baina saia zaitez karga emozionalik gabe ematen; presio handia kenduko duzu gainetik, eta askatzailea ere izango da oparia jasotzen duenarentzat. Opari baten benetako helburua oparitua izatea da. Behin beste pertsonaren eskuetara iritsita, bere funtzioa bete du. Garrantzitsua da zoriontasuna ekarriko duen opari bat aukeratzea, baina benetako esanahia horren atzean dagoen asmoa da.

6// Egokitu pieza guztiak

Aurreko ataletan bildu duzun informazio guztia dokumentu bakar batean bildu beharko zenuke. Zenbat eta informazio gehiago izan eta gero eta txukunago jarri, gero eta errazagoa izango da zer erosi behar duzun aukeratzea. Nahi eta behar dituzunak, duzun aurrekontua eta non eros dezakezun kontuan hartuta, zein da gehien komeni zaizun aukera? Egin behin betiko zerrenda.

Garrantzitsua! Erosketaren unean saiatu zure dokumentura mugatzen eta ez erori tentazioetan. ^_^

Lagungarria egin zaizu? Sartu Kokoro Tailerra blogean, ordena, KonMari® metodoa eta hazkuntza pertsonalaren inguruko gaien inguruan gehiago jakin nahi baduzu.

Besarkada bat
Sara

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?