2007. urtean Magnesitas Navarras SA enpresak (MAGNA) aire zabaleko magnesita harrobi bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Erdizen. Eskualdean aurkitu zuen oposizioarengatik proiektua bertan behera utzi zuten, harik eta 2019an berriz ere martxan jarri zuten arte. Erdizko parajeak Artesiagako mendatetik gertu daude, Baztan eta Esteribar artean. Herri lurretan den larre bat da, 100 artzainek baino gehiagok bazkaleku moduan erabiltzen dutena. Aldude Mendi Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barnean dago, eta Europako Natura 2000 Sarearen parte da. Beraz, babestutako eremu batean eraiki nahi du MAGNAk harrobia, eta horrek kalte izugarriak ekarriko lizkioke; izan ere, bete-betean joko lituzke gailur ederrez eta larre zabalez osatutako ekosistema naturalak, garrantzi handikoak, eta horietako batzuk betiko suntsituko lituzke. 2019ko aurreproiektuaren arabera, egitasmoak ia 100 hektarea hondatuko lituzke: haietarik 53 hektarea aziendarentzako kalitate handiko larreak direnak eta gainera 10 hektarea pago desagertuko lirateke betiko. Horri gehitu behar zaizkio lehen tratamendurako eraikiko lituzketen lantegiak eta zabortegiak, hautsak sorrarazi eta aridoak kutsatuko bailituzke.
Biztanleriak Erdizko egitasmoari buruz duen iritzia jakiteko, Baztango Batzar Nagusia bitan saiatu da jada herri galdeketak egiten (iazko apirilean herri galdeketa eta iazko urrian berrespen galdeketa), eta bi saiakerak debekatu zituen Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. Azaroan, berriz, Baztango herrietako alkateek, Almandozkoak izan ezik, herri kontsultak antolatu zituzten, berriro ere gobernuko ordezkariak bertan behera utzi zituenak.
2022ko uztailean MAGNA enpresak Erdizko proiektua Udalez Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP, gazteleraz PSIS) izateko tramitea egin zuen. Iazko urrian, Nafarroako Parlamentuak proiektua foru intereseko inbertsio gisa izendatzeko eskaria onartu zuen. Horrek guztiak Baztango Udala eskumenik eta erabakirik hartzeko ahalmenik gabe utziko luke.
Proiektuaren nondik norakoak, 2022ko UGEP proiektuaren arabera
Honako argazki honetan ikus ditzakegu aire zabaleko magnesita meategia eta instalazio osagarriak kokatuko liratekeen eremuaren hegoaldea eta mendebaldea. 2022an aurkeztutako proiektuaren arabera, honelakoa izango litzateke egitasmoaren antolaketa:
1.Bizkar horretan, materiala birrintzeko eta sailkatzeko makinak eta kamioiak betetzekoak egonen lirateke.
2.Gailur horretan, lehen meatze zuloakokatuko litzateke, “Corta Norte” izenekoa. Kasu horretan, gailur hori ez zen erabat desagertuko. Lehen mehatze zulo hori, hala ere, bestea baino zabalagoa izanen litzateke, eta bazkalekuak erabat txikituko lituzke.
3.Gailur hori Zaguako kaskoa Bertan kokatuko litzateke bigarren meatze zuloa, “Corta Sur” delakoa. Hala, gailurra erabat desagertukolitzateke, eta, gero esplotazioa bukatutakoan, orain daukagun proiektuaren arabera, zulo bat geratuko litzateke.
4.Ibar horretan, “Escombrera Sur” hondakindegiaegonen litzateke, hondakinak, lurra eta aprobetxagarria ez den materiala goitik behera botatzeko. Esplotazioaren faseetan, lehenengo fasean hasiko litzateke betetzen.
5.Eta hor beste hondakindegi bat jarriko lukete, “Escombrera Norte” deitu diotena, eta bigarren fase batean hasiko litzateke betetzen.
Hain zuzen ere, bi ibar horien beheko eremuan Erdizaga erreka pasatzen da. Harrobia eginez gero, ibarra hondakinez beteko litzateke. Eta, horren ondorioz, Erdizagan isurtzen diren errekatxoak desagertuko lirateke. Gogorararazi beharra dago iazko uda joan deneko 70 urteetan lehorrena izan zela eta edozein iturburu deuseztatzea —berez izugarrikeria dena— oraindik izugarriago egiten duela.
Toki menditsuetan ohikoa den bezala, ibilbide estu batek, NA-1740 errepideak, hain zuzen ere, zeharkatzen du ibarra, bai eta bertan dauden pagadiak eta haran estuak ere. Ibilbidea oso aldapatsua da, eta oso itxiak diren errebueltaz beteta dago. Proiektuaren arabera, zazpi metroko zabal ere izango litzateke (bi kamioi aldi berean sartzeko adina) sei kilometroan zehar, Artesiagako puntaraino. Baina hainbat zatitan hamasei metroraino zabaldu nahi dute errepidea, batez ere errebuelta handietan. Orografia dela eta, ezinezkoa da errepidea moldatzea ingurumenari kalterik egin gabe, are gutxiago kontuan hartzen bada oso aldapa pikoak daudela hango magal eta bailara estuetan. Gainera, oso azpimarratzekoa da errepideak egunero jasango lukeen zirkulazio astun ugaria, horrek ekarriko lukeen ingurumen kaltearekin: 172 kamioi eguneko iragartzen ditu proiektuak, erdiak 27 tona harriz kargatuak. Azpiegitura horrek, beraz, eragin handia eta bortitza izanen luke ingurumenean. Gainera, MAGNA enpresaren proiektuaren hasierako txostenean, 2019koan, honela agertzen da gordintasun osoz: “Errepidean gertatu ezkero animalien harrapaketak, animalientzako lurpeko igarobideak jarriko dira”. Hori esanda, ematen du enpresak ez duela inolako asmorik aztertzeko nolako eragina izanen lukeen egungo errepidearen aldaketak eta kamioien joan-etorriek Kontserbazio Bereziko Eremuaren faunan. Haien nahia omen da lehendabizi ikustea zenbat animalia hiltzen diren kamioiek harrapaturik, gero aztertzeko neurri zuzentzaileak jarri behar ote diren.
Aipamen berezia merezi dute proiektu honek dakartzan ondorio sozioekonomiko larriek, izan ere, proiektu horrek bete-betean jotzen baititu Baztango abeltzainek dituzten bazkalekurik garrantzitsuenetarikoak. Jakina da lehen sektoreak Baztanen duen garrantzia, eta proiektatutako harrobia bertako ekonomiaren zati handi baten kontra doa erabat. Harrobiak larreak desagerraraziko lituzke, hautsak sorraraziko luke eta inguruak aridoz kutsatu; hor dira, bestalde, makinen zarata eta bibrazioak. Gainera, Nafarroako ondare preziatua diren herri lurren eremu handi bat galaraziko luke.
Berriz ere lanpostuen sorrerarekin justifikatzen den makroproiektu sostengaezin bati aurre egin beharrean gara, Nafarroako ondasun naturalean neurrigabeko kalte larriak eta atzeraezinak eragingo lituzkeen bati. Sustrai Erakuntza Fundaziotik proiektua salatzen dugu, eta Baztango herri mugimenduarekin bat egiten dugu; zehazki, Erdiz Bizirik plataformak proiektu honen kontra martxan jarritako dinamikarekin. Bada garaia geurean dugun ondasun naturalaren balioa azpimarratzeko eta bizitza duin baterako beharrezkoak diren habitatak defendatzeko.