Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Bidaien aurretik eta ondoren etxea txukun edukitzeko ohiturak

Gehienok maite dugu bidaiatzea. Izan giroz edo errutinaz aldatu nahi dugulako, izan esperientzia berriak bizitzeko eta izan beste kulturetatik ikasteko, bidaiak urteko unerik desiratuenetako bat dira. Baina zer moduz daramazu aurreko eta ondorengo momentua? Nola iritsi ohi zara une horietara? Lasai, ilusioz, estresatuta agian…

Artikulu honetan etxeko oinarrizko ohitura batzuk azaldu nahi dizkizut, bidaien irteera atseginagoa bihurtzeko eta batez ere itzulera hain gogorra ez izateko. Aipatuko ditudan ohitura horietako batzuk jada zure errutinaren parte dira, zentzuzkoak baitira, baina ziur bizitza erraztuko dizuten ideia berriak ere aurkituko dituzula. Espero dut inspirazio iturri izatea eta ahal den neurrian zure bizitza hobetzen laguntzea.

BIDAIEN AURREKO OHITURAK

Zure bidaia eta maletan eramango duzuna prest dituzunean, garrantzitsuena etxe osoa bilduta eta garbi uztea izango litzateke. Praktikan, dena ondo antolatuta uzteak lan asko kenduko dizu etxera itzultzen zarenean (orduan nahikoa lan izango duzu maletak desegiten eta garbigailuak jartzen).

Hauek dira bidaia aurreko ohiturarik garrantzitsuenetako batzuk:

• Etxea sakon garbitu, bereziki gehien erabili eta zikintzen diren eremuak: bainugela eta sukaldea.

• Sukaldea garbitzen ari zarenez, begiratu hozkailuan zer duzun. Bidaiaren aurreko egunetan, komeni da honda daitekeen janaria amaitzea. Jarri arreta berezia egun horietako erosketei; antolatu zure otorduak eta egin erosketa-zerrenda zehatza. “Aprobetxamenduko sukaldaritza” praktikatzeko une bikaina da.

• Kendu hautsa eta ondo aireztatu etxea joan aurretik. Arropa zikina saskian baduzu, jarri garbigailua denbora nahikoarekin, astia izan dezazun arropa hori zintzilikatu eta jasotzeko. Euskal Herrian ohitura hori ezinbestekoa da: etxera bueltatzean, ez duzu arropa hezetasun orbanez beteta topatu nahi, ezta?

• Beste gomendio bat oheko arropa aldatzea da. Pentsa zelako plazera bidaiatik bueltan etxeko izara garbiekin ohea prest duzula lo egitea. Izan kontuan joan aurretik, denbora izan behar duzula maindire zikinen garbigailua ere jarri eta zintzilikatzeko.

Ordenatu eta itzuli objektu guztiak bere lekura. Badakizu KonMari® metodoaren urrats garrantzitsuenetako bat dela gauza guztiei leku jakin bat ematea (guzti-guztiei, txikiak eta hutsalak izan arren); beraz, abiatu aurretik guztia jasota uztea gomendatzen dizut. KonMari® prozesua egina baduzu, horrek ez dizu ordu erdi edo ordubete baino gehiago kenduko.

• Azkenik, itzali ahal dituzun aparatu elektroniko eta elektriko guztiak (ordenagailuak, irratia, telebista…).

ETXERA ITZULTZERAKOAN

Oporraldiaren edo bidaiaren ondoren etxera itzultzea une gazi-gozoa izaten da. Etxera itzultzearen lasaitasuna, oporren osteko depresioarekin eta oporretara eraman eta ekarri duzun guztia jaso beharraren nagikeriarekin nahasten da.

Nola antolatzen zara horrelakoetan? Etxera garaiz itzultzea gustatzen zaizun horietakoa zara? Edo, aldiz, zure bidaiei ahalik eta etekinik handiena ateratzea gustatzen zaizu?

Lagunekin egin nuen azkeneko txangoan, kontziente ez nintzen ohitura batez ohartu nintzen: itzulerako bidaian ditudan tarte libreetan, neure burua automatikoki jartzen da etxera iristean egin behar dudana antolatzen. Papera eta boligrafoa eskura baditut, zereginen zerrendak, lehentasunak eta denborak idazten ditut. Zuk ere baduzu ohitura hori edo ni naiz friki bakarra?

Hauek dira bidaien bueltarako ditudan ohiturarik garrantzitsuenak:

Lanean hasi aurretik etxea berrantolatzeko gutxienez egun erdi edo egun oso bat edukitzeak niri bake handia ematen dit. Artikuluaren hasieran aipatu bezala, joan aurretik etxea garbi eta jasota utzi baduzu, bidaiaren ondoren datozen zereginek ez lizukete denbora asko kendu behar (pare bat ordu, garbigailuak kontuan hartuta).

• Aurreko puntuari lotuta, garrantzitsua iruditzen zait etxera iritsi orduko maletak desegin eta ahal duzun guztia ordenatzea. Badakit jende askok maleta irekita eta txoko batean uzteko ohitura duela, eta gauzak behar dituzten heinean erabili eta berrantolatzen dituztela. Modu hori ere praktikoa izan badaiteke ere, berehala eginez gero, 15 minutu baino gehiago ez dituzu beharko, eta etxea guztiz txukun izango duzu.

• Maleta desegiterakoan oso praktikoa da kategorien arabera pentsatzea: lehenik eta behin arropa, jaso zapatak eta osagarriak. Ondoren, liburu eta dokumentu guztiak. Jarraian, komono osoa (nezeserra, gailu elektronikoak eta bestelako objektuak). Azkenik, beti bezala, bilatu leku egoki bat zure objektu sentimentalentzat (ziur bidaiatik bueltan baten bat ekarriko duzula).

• Arropa atera bezain laster, aprobetxatu lehenengo garbigailua jartzeko. Aurretik zereginen zerrenda egin baduzu eta lehentasunak zehaztu badituzu, garbigailuen arteko denborari probetxu handiagoa aterako diozu. Garbigailuak kontsumo-ordu baxuenetan jarri nahi badituzu, berriz, banatu arropa piloak, kalkulatu zenbat aldiz jarri beharko duzun eta noiz.

• Dena bere lekuan dagoenean, garbitu maleta, eta gorde, behar duzun hurrengo aldian prest egon dadin.

• Bidaia ixteko azken zeregina argazkiak ordenatzea da. Denbora dezente beharko duzu argazki eta bideo guztiak patxadaz errepasatu, zoriontsu egiten zaituztenak aukeratu, agian editatu eta karpetetan gordetzeko. Ziur aski, itzultzen zaren egunean ez duzu astirik izango horretarako, baina zeregin horri noiz helduko diozun planifikatzea gomendatzen dizut, bestela ahaztuta geratuko baitira sakelakoan edo kameraren txartelean.

Espero dut ohitura horiek guztiek zure bidaia eta etxeko itzulera atseginagoak egitea. Bidaien inguruko informazioa osatzeko, maletak egin eta bidaia antolatzeko bi artikulu ere topatuko dituzu Kokoro Tailerreko blogean.

Besarkada bat,

Sara

Lotura *1: https://kokorotailerra.com/organizar-maleta-metodo-konmari/

Lotura*2: https://kokorotailerra.com/5-pasos-preparar-viajes-metodo-konmari/

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?