Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Lehen aldien garrantzia: menarkiari lagun egiten

Lehen aldiak oso garrantzitsuak dira denontzat. Ziurrenik, denak gogoratuko gara gure txikitako gelako kideez, edota lehen aldiz sexu harremanak izan genituen aldiaz. Eta denok ditugu oroitzapenak lehen aldiz hilekoaz jakin genuen unearenak. Uteroarekin jaio garenak, gainera, biziki gogoratuko dugu lehen hilekoa izan genuenekoa.

Hilekoaren lehen aldiari menarkia deritzo, eta momentu garrantzitsua izan ohi da, prozesu horrekin harreman era bat edo beste bat izateko. 8, 9, 10, 11 edo 15 urterekin izandako une hark, askotan, gure ondorengo bizipenak markatzen ditu. Baliteke azalpen gutxi (edo batere ez) jaso izana gertatzen zitzaizunaz. Izan daiteke, ordea, inguruak informazio oparoa eman izana.

Pentsa dezakegu gaur egun gauzak aldatu direla. Jada hilekoa ez dela tabu bat. Gure txikiek, modu “magiko” batean, beste jakintza batzuk izango dituztela. Baina gure eskoletako azken urteetako esperientziak ikusita ez dirudi horrela denik. Haurren burutxoetan, hilekoa nazkarekin, beldurrarekin eta lotsarekin erlazionatzen da. Kezka zein galdera potoloak izaten dituzte prozesu horren inguruan.

Gure apustua menarkia prozesuetan gertu eta samur lagun egitea da. Eskoletan, lagun artean, bizikidetzan, enpleguetan… Denok daukagu ardura (mezuen transmisore eta zaintzaile garen aldetik) gizarteko eremu guztietan ikuspuntu zikliko hori txertatzen joateko.

Zu zeu abiapuntu

Oso zaila da norberaren prozesu propioari behatu gabe lagun egitea. Zure zikloarekin duzun harremana kaskarra bada edo ez baduzu harremanik, ia ezinezkoa izango da “beste istorio” bat kontatzea.

Abiapuntua, beraz, zu zeu izango zara. Zuretzako denbora tarte bat hartzea gomendatzen dizugu, leku atsegin batean, infusio bero edo ardo goxo batekin. Prest zaudenean, galdetu zeure buruari:

• Zein da hilekoaren inguruan dudan lehen oroitzapena?
• Nolako sentsazioa sorrarazten dit oroitzapen horrek?
• Nolako mezuak jaso izan ditut etxean, eskolan, lagun artean, komunikabideen bidez eta abar hilekoaren inguruan?
• Haurrekin hilekoaz hitz egin izan dut? Eta nola sentitu naiz?

Menarkiaren prozesuan, zenbait gako

Hemen behean, menarkia prozesuan lagun egiteko gako batzuk dakartzagu:

– Lehen hilekoa 8 urtetatik 16 urtetara izan daiteke. Zenbait ikerketak diotenez, hiperrestrogenismoaren ondorioz, bestela esanda, hormonetan izaten den kutsaduraren ondorioz, hilekoa gero eta goizago etortzen ari zaie oro har gaur egungo gazteei.

– Ohikoa da lehen bi urteak ez-ziklikoak izatea. Horren adibide izan daiteke fluxu apur bat askatzea egun batean, hurrengo hilabeteetan ez, ondoren bi astez bi fluxu garai izatea. Ongi dago horrela, gorputza bizi-ziklikorako prestatzen dabil.

– Hilekoak ez gaitu ez heldu eta ez emakume bilakatzen. Umeei hori esateak presioa sor dezake haien bizipenean.

– Material askotarikoa dago bai sarean eta bai liburutegietan; erreferentziak izatea garrantzitsua da. Haurrari eman aurretik, aztertu eta erabaki egokia ote den.

– Adi egon egiten dituen galderei. Hortik abiatu zaitezke informazioa (gutxinaka eta bere erritmoak errespetatuz) ematen joateko.

– Gogoratu hilekoa prozesu oso bat balitz bezala aurkezteaz, ez soilik “fluxu gorria jariatzen den egun sorta bat” balitz bezala.

– Hilekoa, sexualitatea, anatomia eta ugalketa gai potoloak dira. Denak elkarrekin, nahasturik eta laburrean azaldu nahi izateak nahasmena eragin ohi du.

– Ezinbestekoa da hilekoa izango ez duten haurrekin ere gaia lantzea, menarkian igarotzen ari diren kideen bidaide izango direlako haiek.

– Azkenik, hilekoak berez ez du minik eman behar. Ematen badu (fisikoa edo emozionala) kasu egin behar zaio, eta ez normaltzat jo.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?