Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Egokitu etxeko ordena zure maskoten eta etxeko guztien ongizaterako

Ba al duzu etxeko animaliarik? Nola eragiten dute elkarbizitzan eta etxeko ordenan? Animaliazalea bazara eta maskotak badituzu, KonMari® metodoaren oinarriak lagungarriak izango zaizkizu etxeko oreka eta guztien ongizatea hobetzeko.

ANIMALIEN ONDASUNAK, ‘KOMONO’-REN BARRUAN

Animaliekin zerikusia duten objektu guztiak KonMari® metodoaren laugarren kategorian sartuko genituzke: komono barruan. Baina, nolako animalia duzun eta nola hezten duzun, haiekin zerikusia duten ia kategoria guztietako objektuak topa zenitzake.

Edonola ere, objektu asko izan eta gutxi izan, lan egiteko modua antzekoa da; behar duzun denbora aldatuko da. Lehenengo pausoa, zure maskotarekin zerikusia duten objektu guztiak elkartzea. Kategoriaka banatuta, hauek izan daitezke objektu horietatik batzuk:

Arropa: ohikoak dira, adibidez, txakurren/katuen jertseak, euritako kapak, osagarriak, apaingarriak… Txakurren eta bestelako animalien uhalak ere hemen sar genitzake.

Dokumentuak: ziurtagiriak, osasunarekin eta txertoekin zerikusia duten dokumentuak…

Komonoak:

    • Lotarako koltxonetak, tapakiak, oihalak…
    • Dortoka, arrain, narrasti, txori eta abarren kasuan: ontziak, akuarioak, terrarioak, kaiolak…
    • Garraiatzeko kutxak.
    • Garbiketarako produktuak eta sendagaiak.
    • Janaria eta jateko tresneria.
    • Jostailuak…
    • Altzariak. Esaterako, katuek eskalatu dezaten jarri ohi diren altzariak etorri zaizkit burura.

Objektu sentimentalak: animalien objektu kuttunak. Batzuek beti izaten dute objektu kuttunen bat: peluxezko panpinaren bat, etxeko zapatila zahar bat… Dena delakoa.

Ikusten duzun moduan, liburuen kategorian izan ezik, gainontzeko guztietan topa ditzakezu objektuak. Hortaz, hasteko, proposamena hau da: objektu guztiak bildu, sailkatu eta banaka-banaka berrikusi eta aukeraketa bat egitea.

ZORIONTSU EGITEN ZAITU?

Aukeraketa egiteko orduan, galdera hau izango da oinarria: zoriontsu egiten zaitu? Edo, beste modu batera esanda: zure esentziarekin bat egiten du? Zure bizi estiloarekin koherentea da? Alai, pozik edo lasai bizitzen laguntzen dizu?

Printzipioz, galdera horiek animalien objektu ezberdinen inguruan planteatzeko dira. Beste galdera lagungarri batzuk ere uzten dizkizut badaezpada:

    • Onuragarria al da zure animaliarentzat?
    • Zein materialetakoa da objektu hori? Gustuko duzu? Atsegina da zure maskotarentzat?
    • Zure balioekin bat egiten al du? Adibidez, zeure buruarentzat janari ekologikoa aukeratzen baduzu, beharbada zure animalientzat ere antzeko zerbait nahiko zenuke? Ala ez?
    • Estetikoki gustuko duzu? Bat egiten du zure etxeko estiloarekin?
    • Benetan horrelako zenbat objektu behar ditu zure animaliak zoriontsu izan dadin?
    • Nola dago zainduta?
    • Zer falta zaio? Zer duzu gustuko? Nolabait eralda dezakezu oraindik egokiagoa izan dadin?

PROZESUA EGITEKO GARAIAN, ZAINDU ZURE MASKOTAK

KonMari® prozesua egiteko orduan oro har, batik bat etxeko animaliaren objektuak aukeratu eta ordenatu behar dituzunean, zaindu non eta nola egongo den zure maskota. Izan ere, animaliak, haurren antzera, bereziki sentiberak dira, eta segituan nabaritzen dute zeure barnean edo etxean egon daitezkeen aldaketak.

Animalia batzuk urduri jartzen dira horrelako prozesuak izaten direnean. Eta, pentsatzen jarrita, guztiz logikoa iruditzen zait. Prozesu hori sakona eta bizia izan ohi da norberarentzat, eta zuzenean edo zeharka, inguruko guztiei eragiten die (onerako beti). Aukera baduzu, lan saioan ari zaren orduetan, oso lagungarria izan daiteke animaliak etxetik atera edo haien ardura beste norbaiten esku uztea.

BILATU ANIMALIENTZAT ESPAZIO PROPIOA

Nire lan egiteko moduan, espazio pertsonalaren eta komunaren arteko oreka topatzea oinarri garrantzitsuenetako bat da. Blogeko beste artikulu batzuetan luze hitz egin izan dut gai honen inguruan; beraz, ez dut gehiago sakonduko hemen. Baina aipamen txiki bat egin nahi dut animaliek beren espazio propioa izatearen garrantziaren inguruan.

Pertsona guztiok gure espazio pertsonala behar dugun moduan, oso interesgarria iruditzen zait animaliek ere beraiena izatea. Horrek, maitatuak eta garrantzitsuak direla sentiarazteaz gain, oreka ekarriko dizue etxeko gainontzeko partaideei ere.

Etxe guztietan, txikienetan ere, bila daiteke animalientzat egokia den txoko bat. Ez baduzu tokirik topatzen, ziur aski, behar baino objektu gehiago izango dituzu. Bestalde, animaliek inork baino lehen topatzen dute gustuko txoko hori. Bada, egokitu toki hori haientzat aproposa izan dadin. Horrela, etxe guztia hankaz gora animalien trasteez baldintzaturik eta ilez, hatz markez eta abarrez beterik izan beharrean, txoko horretan izango dute behar duten guztia.

Horrek ez du esan nahi ez direnik etxe guztitik ibiliko. Baina, behintzat, ez da guztia haien beharrengatik bakarrik baldintzatuta egongo. Noski, horrek, ohitura edo ikaste prozesu bat ekarriko du guztientzat.

KOKATU ANIMALIEN TXOKOA

Aurreko puntuari eta KonMari® metodoaren beste oinarri garrantzitsu bati lotuta, gomendatzen dizut zure animaliarekin zerikusia duten objektu guztiak armairu berean gordetzea.

KonMari® prozesuko gainontzeko kategoriekin egin dugun moduan, kategoria berekoak edo material berdina/antzekoa duten ondasunak batera kokatzeak asko laguntzen du gordetzeko eta bilatzeko orduan. Armairuan edo apalategian eta kaxatan banatuta jar ditzakezu zure maskotaren arropatxoak, produktuak, jostailuak eta abar. Bi salbuespen egingo nituzke bakarrik: batetik, dokumentuak eta, bestetik, janaria eta jateko tresnak.

Zer iruditu zaizu? Zerbait sumatzen duzu faltan? Kontuan hartu beharreko beste aipamenik baduzu?

Besarkada bat

Sara

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?