Egin al duzu gogoetarik inoiz zure material digitalaren inguruan? Ba al dakizu zer, zenbat eta non duzun gordeta urteetan formatu jakin batean gordetzen joan zaren guztia? Saiatu al zara inoiz material hori guztia antolatzen eta eguneratuta izaten?
Ez da batere arraroa, horretan pentsatzeko momentu bat hartu eta bat-batean sekulako larritasuna, nagia eta ardura sentitzen badituzu. Ni neu ere horrela sentitzen naiz askotan, material digitalak berekin dakarren lanketa titanikoa dela ohartzen bainaiz. Izan ere, gero eta gehiago bizi gara online (zer esanik ez pandemiaren ondotik), eta badirudi formatu digitalean duguna oharkabean pilatzen joaten dela. Arreta jarraitua eskaintzen ez badiozu… BAM! Aste edo hilabete gutxiren bueltan berriro kaosa gailentzen da.
ZURE ONDASUN DIGITALA, ZER DA?
Baina zehazki zertaz ari gara material edo ondasun digitalaz ari garenean? Bada, formatu honetan gordetzen duzun guztiaz:
–Etxean, lanean eta ekintza askotarikoetarako erabiltzen dituzun gailu elektroniko guztiak.
-Baita gailu horietan dituzun aplikazioak ere.
-Eta amaitzeko aplikazio edo gailu horietan gordetzen dituzun dokumentu edo fitxategi guztiak.
Pentsa, gutako bakoitzak gutxienez ordenagailu pertsonala eta sakelakoa erabiltzen ditugu. Horietan, besterik ezean, gutxienez 30 aplikazio inguru izaten ditugu, eta, horrez gain, bai aplikazioetan (adibidez, Instagrameko edo Pinteresteko karpetetan) eta bai gailuaren unitateetan gordetzen ditugun fitxategiak, argazkiak, dokumentuak eta musika. Horri gehitu posta elektronikoan, hodeian, kanpoko memorietan eta USBetan gordeta duzun guztia… Izugarria da, ezta?
NOIZ ANTOLATU BEHARKO ZENUKE HORI GUZTIA
Lehenbailehen, noski! Baina, halere, nire gomendioa zure ondasun materialarekin –fisikoki duzunarekin– hastea izango litzateke. Hau da, lehenengo zure etxean edo espazio pertsonalean dituzun ondasun material guztiak KonMari® metodoaren bidez berrikusi, aukeratu eta antolatzea. Prozesu horren barruan, zure ondasun digital guztia ere berrikusi beharko zenuke, zalantzarik gabe, baina aurretik uki ditzakezun objektuekin hasteak asko erraztuko dizu ibilbidea.
Ondasun fisikoak antolatuta dituzunean, bi modu izango zenituzke material digitala antolatzeko:
1// Kategoria bakoitzaren barruan sartzen diren ondasunak berrikusi eta antolatu ondoren, kategoria horri dagokion material digitala ordenatzea.
2// KonMari® prozesu osoa egin ondoren, bigarren prozesu bat egitea. Kasu horretan, kategoria bakoitzean digitalki duzun guztia berrikusi eta antolatu.
Niretzat, bigarren aukera egingarriagoa da arrazoi hauek direla eta:
1. Ondasun materiala ordenatzeak eman dizun esperientzia baliagarria izango delako.
2. Behintzat ondasun fisiko guztia antolatuta izateak izugarrizko poza emango dizu, eta motibazio horrek material digitala lantzeko indarra emango dizu.
3. Prozesua berdin-berdin luzea izango bada ere, behintzat emaitzak eta eraginak ikusten hasiko zarelako. Bestela, iruditzen zait momenturen batean gaindituta sentitu eta erdibidean gelditzeko arrisku handiagoa izango duzula.
NOLA ANTOLATU MATERIAL DIGITALA
Gainontzeko ondasunekin egiten dugun moduan, material digitala kategoriaka berrikusi eta antolatzea gomendatzen dizut, ia ziur KonMari® metodoaren bost kategorietan sartzen diren objektuak izango dituzu eta:
ARROPA: Hau izan daiteke salbuespena; beharbada ez duzu izango kategoria honetako ezer. Baina, adibidez, modari edo zure estilo pertsonalari garrantzia ematen badiozu, hemen sartuko lirateke horri lotutako irudi ezberdinak, denden edo artisauen erreferentziak edo aurrekontuen dokumentuak eta abar.
LIBURUAK: Liburu digitalak eta formakuntzetan jaso dituzun ohar, dokumentu eta ariketa liburuxkak sartuko genituzke hemen.
DOKUMENTUAK: Hau izaten da digitalean gordetzen dugun guztiaren barruan beharbada sail zailena edo kaotikoena. Kategoria honen barruan askotariko dokumentuak topa ditzakezu:
Pertsonalak
Etxeko kontuekin, osasun kontuekin, ekonomia eta finantzekin edo interes pertsonalekin zerikusia duten fitxategiak dira.
Ikasketa/Laneko dokumentuak
Zure lanarekin zuzenean zerikusia duen guztia aparte landuko nuke. Hau da, fisikoki etxearen eta lantokiaren arteko banaketa egiten dugun moduan, digitalki ere aparteko bi toki edo prozesu bezala baloratuko nituzke.
Sail honetan, ikasketetako edo laneko dokumentuak aipatzen ditudanean, zurekin zuzenean zerikusia duten dokumentuez ari naiz: formakuntza titulu edo agiriak, kontratuak, nominak, bestelako agiriak…
Proiektu pertsonala/militantzia
Azpisail hori ere bere horretan aipatu nahi izan dut, ziur bainago blog hau irakurtzen ari zareten askok badituzuela horrelako proiektu edo interesak. Gai potoloak izan ohi direnez eta aurreko bi azpisailen erdibidean gelditzen direnez, maiz, bere horretan landu zenitzakete.
KOMONO-AK: hemen aurreko sailetan sartzen ez den guztia bil dezakezu. Gerta daiteke sail honetan sartzeko moduko ezer ez duzula sentitzea. Nire kasuan, adibidez, sail hau erabiltzen dut ordenagailuan edo sakelakoan ditudan dokumentuak baino gehiago (gehienak dokumentuak eta objektu pertsonalak sailetan banatzen baititut) mezu elektronikoetan eta sare sozialetan gordetzen ditudan karpetak antolatzeko.
OBJEKTU SENTIMENTALAK: Hemen bihotzetik gertuen ditugun fitxategiak sartuko lirateke, karga emozional handia dutenak. Hau da, argazki, bideo eta audioak eta bestelako oroitzapenak.
Ea ba, honaino iritsi bazara, material digitalaren lanketaren lehen zatia ulertuta izango duzu. Oraindik zenbait puntu ditut azaltzeko, baina, gai luzea eta sakona denez, bigarren artikulu baterako utziko dugu. Datorren astean, eskura izango duzu artikuluaren bigarren zatia.
MATERIAL DIGITALA ORDENATZEKO ERAK
-Erabileraren arabera: jarri gehien erabiltzen dituzun aplikazioak sakelako lehenengo pantailan edo ordenagailuko mahai gainean, gainontzekoak bigarren edo hirugarren maila batean.
–Lehentasunaren edo erabileraren arabera: hau da, paper edo dokumentu fisikoen kasuan egiten egiten dugun modu berean:
1// KUDEATZEKOAK: gorde karpeta batean eskura momentuan edo luze gabe kudeatzeko diren dokumentuak.
2// BEHIN-BEHINEKOAK: bigarren karpeta batean, maiz begiratu edo kontsultatu behar dituzun dokumentu garrantzitsuak.
3// BEHIN BETIKOAK: betirako gorde behar dituzun dokumentu garrantzitsua dira, baina aurrekoekin duten desberdintasun nagusia zera da, ia inoiz ez dituzula kontsultatu behar.
-Kategoriaka: KonMari® kategorien arabera bil ditzakezu dokumentu edo aplikazioak, eta elkarren ondoan jarri.
-Arloka: pertsonala eta etxea, lana/ikasketak, proiektu pertsonala/militantzia eta horrelako sail nagusiak sortu, eta barruan dokumentuak antola ditzakezu.
-Motaka: antzekoak diren aplikazioak eta fitxategiak elkarren ondoan jar ditzakezu.
–Koloreka: batzuei zoriontasun handia ematen die aplikazioak kromatikoki antolatzeak.
Nire ustez, ez dago sistema bakar eta perfektu bat; bakoitzaren beharretara ondoena egokitzen dena bilatu behar da, ziur aski proposatutako sistema askotarikoak konbinatuz. Gai horretan sakondu nahiko zenuke? Kokoro Tailerra blogean gai honetan sakontzen duten bi artikulu topatuko dituzu.
Besarkada bat
*1 Lotura: https://kokorotailerra.com/ordenar-documentos-konmari/
*2 Lotura: https://kokorotailerra.com/blog/
*3 Lotura: https://kokorotailerra.com/konmari-aholkuak-kaos-digitala-antolatzeko/