Sukaldean aritzea gustuko duzu? Nola sentitzen zara zure sukaldean? Esango nuke sukaldean aritzea atsegin ez duen jende asko gizartearen erritmo frenetikoak baldintzatuta dagoela baita espazio hori antolatzeko izaten dituen zailtasunek edo mugek ere.
Horregatik, ordenak gure ongizatean nola eragiten duen gogoetatu, eta zenbait aholku eman nahi dizkizut KonMari® metodoaren bidez sukaldea antolatzeko.
Hasteko, sukaldearen tamainak ez du garrantzirik. Sukalde handi bat hobea eta praktikoagoa dela pentsatzen dute askok, baina ez du zertan. Imajina ezazu sukalde handi bat, behin ederra izandakoa, baina gaur egun lanabesez, janariz eta produktuz gainezka dagoena. Eta beste bat askoz txikiagoa, non beharrezkoa eta benetan gustuko duzuna bakarrik dagoen eta gauza bakoitzak bere lekua duen. Zein iruditzen zaizu sukaldean aritzeko atseginagoa? Nolako janaria prestatuko zenuke bertan?
Uste hori berresten duen ebidentzia zientifiko fidagarririk aurkitu ez badut ere, ziur nago sukalde garbi eta ordenatu batek zure osasuna eta familiarena zaintzen lagundu diezazukeela.
LEHENENGO, AUKERATU
Zoriontsu egiten zaituena aukeratzea da metodo horren lehen printzipioa. Pentsa dezakezu oinarri hori lausoa edo eraginkortasun gutxikoa izan daitekeela, eta, hala ere, praktikan jartzen duzunean, koherentea dela ikusiko duzu. Horretarako, prozesu osoa egitea gomendatzen dizut, Marie Kondok proposatzen dituen kategoriak errespetatuz: arropa, liburuak, paperak, komono edo bestelakoak – hemen sartuko litzateke sukaldea– eta objektu sentimentalak. Kategorien ordenak prozesua modu arin eta eraginkorrean egiten laguntzen du, eta zure zoriontasun-detektagailua garatzeko aukera emango dizu.
Zuzenean sukaldetik hastea erabakitzen baduzu, agian pentsatuko duzu hemen praktikotasuna eta logika besterik ez dela garrantzitsua. Baina zoriontasunak beti da garrantzitsua. Izan ere, ez da gauza bera da kafea nolanahi prestatzea edo goxotasunez egin eta maite duzun katilu eder batean hartzea, ezta? Zoriona edertasunetik harago doa; esentziarekin du zerikusia, nola sentiarazten duen, pizten dituen oroitzapenak, proiektatzen dituen ametsak… Dena hartzen du kontuan. Bakoitzak zoriontasunaren definizio bat izan dezake. Zein da zurea?
GORDE GUSTUKOA, UTZI JOATEN GAINONTZEKOA
Beste printzipio garrantzitsua honako hau da: lehenik bota eta gero ordenatu. Hau da, sukaldean eduki nahi duzuna aukeratu, eta gainerakoak kendu egin behar dituzu. Dena berrikusten amaitu ondoren, objektu bakoitza non kokatu erabaki ahal izango duzu.
Horretarako, tresna eta janari guztiak atera beharko dituzu armairuetatik. Objektuez gaindituta sentitu ez zaitezen, gomendatzen dizut sukaldean duzun guztia azpikategorietan banatzea. Azpikategoria horiek banaka kudea ditzakezu, bat amaitzean hurrengoarekin jarraitu besterik ez duzu. Gutxinaka baina jarraikortasunez lan egiten baduzu, lana egingarriagoa irudituko zaizu.
Hori izan daiteke azpikategorien banaketa posible bat:
-Platerak
-Katiluak, kopak eta edalontziak
-Mahai tresneria
-Kazolak, eltzeak eta zartaginak
-Etxetresna elektriko txikiak
-Janari lehorra (lekaleak, zerealak, kontserbak, haziak, espezieak)
-Likidoak (esnea, olioa, ardoa)
-Janari freskoa/janari izoztua (ez da beharrezkoa izozkailutik ateratzea)
-Ezpainzapiak eta mahai-zapiak
-Poltsak eta biltegiratzeko materiala (tuperrak eta abar)
-Garbiketa-produktuak
Izan zaitez zintzoa zeure buruarekin. Min ematen du zenbait gauza botatzeak, bereziki janaria, baina zertarako behar dituzu iraungitako edo inoiz jaten ez dituzun elikagaiak? Benetan behar dituzu 10 kazola, 30 plater eta plastikozko 200 poltsa? Horrela bada, bikain, kontziente izatea besterik ez dut nahi. Bestela, badakizu, utzi joaten ahalik eta azkarrena.
BIRKOKATU
Aukeraketa egin duzu jada; orain, objektu bakoitzari leku jakin bat aurkitu behar diozu. Sukaldea garbi eta txukun edukitzeko gakoa da gainazalak ahal den hutsenak uztea, horiek baitira sukaldean hezetasun, zikinkeria eta koipe gehien biltzen duten lekuak. Aprobetxatu armairuak ahal den guztia haietan gordetzeko. Irisgarrienak diren apalak egunero maiz erabiltzen dituzun produktu eta tresnak gordetzeko erabili beharko zenituzke, eta armairurik altuenak, berriz, noizean behin erabiltzen diren objektuetarako.
Bestalde, azpikategoria berekoak edo antzekoak diren produktuak hurbil gordetzea oso praktikoa da. Zalantzarik baduzu, begiratu zein materialez eginak dauden. Adibidez:
– Kristalezko, portzelanazko eta buztinezko objektuak eremu berean gorde ditzakezu.
– Metalezko tresnak beste batean.
– Janariarekin, gomendio berari jarrai zeniezaioke: produktu lehorrak (hala nola zerealak eta lekaleak) armairu batean jarri. Eta kontserbak edo antzeko produktuak gertu. Espezieak eta haziak batera jar zenitzake kutxa batean.
– Zenbait produktu fresko armairu barruan gorde daitezke, material naturaleko kutxetan (zura, zumea, oihala, eta abar).
Ez dago formula jakinik ordena egokiena zein den jakiteko, etxe bakoitzeko ohiturak, objektuak eta konfigurazioa nolakoak halakoa baita. Baina bada inoiz huts egiten ez duen irizpide bat: zure senari jarraitzea.
Hura izaten da prozesuaren unerik dibertigarriena, sortzeko eta jolasteko duzun gaitasunarekin konektatzen baitu. Egin eta desegin, probatu eta aldatu behar duzun bestetan. Inork ez du lortzen ordena perfektua lehenengo saialdian; eginaren eginez topatzen da.
ORDENA ETA ZORIONTASUNA HANDITZEN LAGUNDUKO DIZUTEN AHOLKUAK
1. Bizimodu osasungarria izan nahi baduzu, erraztu lana zeure buruari. Kendu tentagarriak izan daitezkeen produktu ultraprozesatu ez osasungarriak.
2. Atera produktuak jatorrizko bilgarritik eta gorde forma erregularreko kristalezko ontzietan. Kristalezko poteen bidez, produktuak epe luzera kontserbatzea lortuko duzu, dena garbiago eta politago ikusiko da, eta, gainera, lekua aurreztuko duzu.
3. Ez erosi antolatzeko edo biltegiratzeko osagarririk prozesu osoa amaitu arte, dirua alperrik botako duzu bestela. Erabili sormena biltegiratze sistema egokiak topatzeko eta, bestela, prozesua bukatuta erosiko duzu behar dituzun kaxak edo sistemak.
Espero dut artikulu honek sukaldea berrantolatzera edo KonMari® prozesuarekin hastera animatuko zaituela. Informazio gehigarria eta sukaldeko ordenari buruzko artikulu gehiago topa ditzakezu blogean.
Besarkada bat.
Loturak: https://kokorotailerra.com/categoria-komono-cocina/