Arrazoi batengatik edo bestearengatik KonMari metodoa erakargarria iruditzen zaizu baina ez zara pausoa ematera ausartu? Beharbada, ordenaren prozesua hasi duzu baina edozein arrazoi dela-eta erdibidean geratu zara? Kategoria bakoitza sakon aztertzen hasi aurretik, metodoaren gakorik garrantzitsuenak azaldu nahi dizkizut, ibilbide hau hasteko asmoa baduzu gidoi labur bat izan dezazun urratsez urrats jarraitzeko.
HASI ZEURE BURUARENGANDIK
Badakit etxea ordenatzen jartzen zarenean oso tentagarria dela gainerakoen objektuak edo espazioak ere jasotzea. Beharbada, pentsatzen ariko zara dena antolatzen ez baduzu ez duzula etxea zuk nahi bezala ikusiko. Baina ziurtatzen dizut jarrera horrek onura baino kalte handiagoa egiten duela. Bakoitzak bere beharrak, erritmoa eta gauzak egiteko modua ditu. Zure beharretik abiatuta ordena jakin bat inposatzea (munduko asmorik onenarekin, badakit) inbaditzailea izan daiteke edo kontrako efektua sortu.
Beraz, jarri arreta zugan, zure espazio pertsonaletan, zure gauzetan, eta fidatu zure inguruko pertsonengan. Benetan enpatiazko eta errespetuzko jarrera bati eusten badiozu, ziurtatzen dizut denborarekin nahi duzun ordena edo egoera iritsiko dela (inoiz ez da pentsatu bezala izango).
Hastear zauden prozesua ez da nolanahikoa, eta ahalegin eta inplikazio handia beharko dituzu. Horregatik, ezinbestekoa da zeure buruarekin konprometitzea. Bilatu zeure baitan blokeoei, segurtasun gabeziei edo gorabeherei aurre egiten lagunduko dizun motibazioa, eta ospatu garaipen txiki-handi bakoitza. Benetan lagungarria da gaian aditua den norbaitekin prozesua gauzatzea.
ZEHAZTU ZURE ESPAZIO PERTSONALAK
Ez naiz puntu honetan asko luzatuko, aurreko artikuluan gai horren inguruan sakondu baitut. Laburbiltzearren: espazio pertsonalak inorekin partekatzen ez dituzun espazioak dira, benetan inongo mugarik gabe zeu izan zaitezkeen espazioak.
Beharbada ideia hori berekoia dela edo indibidualismoa sustatzen duela pentsatuko duzu, baina guztiz kontrakoa da. Espazio pertsonalak zure beharrak errespetatzen ditu, baina betiere gainerakoak kontuan hartuta.
Etxea ordenatzen hasten zarenean, hasi zurea den horretatik. Agian, txundituta sentituko zara ideia horrekin edo era honetako ideiak pasatuko zaizkizu burutik: “Baina nik ia ez dut neurea den ezer; dena nire bikotekidearekin partekatzen dut”; “nire haurrek behar dutenean erabiltzen dute nirea den guztia”; “dena partekatzen dut etxekide, lankide, familia, adiskide eta abarrekin”. Identifikatuta sentitzen zara? Pasatu zaizu burutik bestelako pentsamenduren bat? Zer dago ideia horien atzean? Jarri arreta zeure burutik pasatzen den guztiari, zure behar, desio eta beldurrei buruzko gako ugarri topatuko dituzu eta.
IRUDIKATU ZURE BIZITZA IDEALA
Aurreko puntuarekin batera, urrats hau ezinbestekoa da KonMari metodoan arrakasta izateko. Bizitza ideala imajinatzea, jolas dibertigarria izateaz gain, oso tresna baliagarria da zeure buruarekin konektatu eta dituzun nahi eta behar intimoenak ezagutzeko. Beste behin, informazio ugari emango dizu zure beharren inguruan eta desio duzun bizitza horretara iristeko eraldatu beharreko arloen inguruan.
ORDENATU KATEGORIEN ARABERA
Zenbatetan saiatu zara etxea gelaka ordenatzen? Eta zenbat aldiz lortu duzu? Ziur aski, behin ere ez. Etxeko eremu bat amaitzen duzunerako, bestea hasieran bezala dago. Inoiz amaitzen ez den kontua da.
Kategorien arabera ordenatzen duzunean, aldiz, etxean duzun guztiaz jabetuko zara, eta objektu bakoitzetik zenbat duzun jakingo duzu. Behin baino gehiagotan, harritu egingo zaitu topatuko dituzun objektu errepikatu, alferrikako eta ahaztuen kopuruak. Beste batzuetan, berriz, poz handiak hartuko dituzu, denbora luzean ahaztuta edo alboratuta zenituen baina benetan maiteak dituzun ondasunak ere aurkituko baitituzu.
Kategoriak hauek dira: arropa, liburuak, paperak, komono edo bestelakoak –gainerako kategorietan sartzen ez den guztia– eta objektu sentimentalak.
Oso garrantzitsua da kategorien ordenari eustea. Egiaztatuta dago ordena hori erabat eraginkorra dela eta egin beharreko lana izugarri arinduko dizu. Kategoriak errazenetik zailenera doaz, zure zorion-detektagailua entrenatu ahal dezazun. Pentsa, zer da errazagoa, bi kamisetaren edo bi familiako argazkiren artean aukeratzea? Argi dago, ezta?
AUKERATU ZORIONTSU EGITEN ZAITUENA
Beste ordena-metodo batzuek ez bezala, KonMari metodoan ez da hain garrantzitsua objektu kopurua edo ematen diezun erabilera. Inportanteena objetu horiek nola sentiarazten zaituzten da. Badakit hasieran zoriontasunetik aukeratzea arraro samarra, abstraktua edo ulergaitza dirudiela. Bereziki oso arrazionalak diren pertsonentzat. Baina, egia esan, hautatzeko modu hori eraginkorra da, eta funtzionatzen du. Une bakoitzean zuretzat zoriontasuna zer den definitu eta praktikan jarri behar duzu.
Zaila da hitzen bidez azaltzea, baina, nire esperientziaren arabera, zoriontasuna poztasun moduko bat izan daiteke, gorputzean sentitzen den irrika, samurtasun eta onarpenarekin nahastuta. Zoriontasuna, maitasuna sentitzen duzunean da (bai, objektuak maitatu egin daiteke; argi dago ez dela pertsonenganako maitasuna bezalakoa, baina badu horretatik zer edo zer), konfiantza, ongizatea, ahalduntzea… Bidelaguntzen ditudan pertsonengan gorputz-jarrera, aurpegiaren keinua, begirada eta abar aldatzen direlako antzematen dut. Bakea, poza eta irekitasuna transmititzen du. Ikusten duzu nondik noan?
Jakina, aukeratzeko orduan beste faktore batzuk ere hartu beharko dituzu kontuan, hala nola funtzionaltasuna eta praktikotasuna. Baina, horren gainetik, egin kasu zure emozioei eta gorputzak esaten duenari. Buruak tranpak jartzen dizkigu etengabe, baina gorputza jakintsua da.
Jarrera hori, niretzat bizi-jarrera bihurtu dena, landu egiten da eta zure bizitzako beste alor batzuetarako erabilgarria izan daiteke, batez ere erabaki garrantzitsuak hartzeko orduan.
ESKERTU JOATEN UTZI AURRETIK
Eskertzea oso tresna baliotsua da, objetuekiko atxikimendua askatzen laguntzen duelako. Etxea antolatzen hasten direnen zailtasun handienetakoa da maite ez dituzten arren objektuak kentzeko orduan sortzen den erresistentzia. Izan balio sentimentalagatik, balio ekonomikoagatik edo funtzionaltasunagatik, batzuetan ez da erraza izaten joaten uztea.
Horregatik, ezer bota aurretik, eskerrak ematea agurtzeko erritual txiki bat egitea bezalakoa da; objektu horrek zuregatik egin duen guztiari balioa eman eta joaten uzteko prestatzen zaitu.
Eskertzak zure barruan dagoen oparotasunarekin eta konfiantzarekin konektatzeko aukera emango dizu gainera. Zoriontsu egiten ez zaituena baztertzen laguntzeaz gain, zure bizitzan mantentzea erabakitzen duzuna sakonki estimatzen lagunduko dizu.
BERRIKUSI ETA AUKERATU LEHENENGO, ORDENATU GERO
Hau da KonMari metodoaren beste puntu garrantzitsuenetako bat. Badakit berrikusten hasten zarenean gauza bakoitza bere lekuan jartzeko izugarrizko gogoa izango duzula. Nahi horri eusteko eskatzen dizut. Gorde ilusio hori guztia hautatzez amaitzen duzunerako. Zure etxeak eta egoerak aukera ematen badute, egokiena da lehenbizi kategoria guztiak aukeratzea eta gero dena antolatzea. Imajinatzen duzu? Ene! Erabateko kaosa da, hasieran, kar-kar. Baina gero hartuko du zentzua guztiak, egon lasai.
Beste aukera da kategoria bat berrikusi eta gero ordenatzea. Amaitutakoan, ekin hurrengo kategoriari, eta, horrela, guztiak amaitu arte.
Lehenik eta behin, aukeratu zoriontsu egiten zaituen guztia; utzi joaten betetzen ez zaituena, eta, azkenik, ordenatu.
TOPATU OBJETU BAKOITZARENTZAT LEKU ZEHATZ BAT
Ia amaitu duzu. Azken-aurreko urratsa da objektu bakoitzari leku bat ematea. Horrek markatuko du aldea etxe ordenatu bat izan edo desordenatu bat. Objektu bakoitzak leku jakin bat badu, prozesua amaitzen duzunean, gauza bakoitza bere tokira itzultzea izango da zure lan bakarra.
Ikusiko duzu, ordenaren maratoia amaitzen duzunean, hegan egingo duzu. Nik ordubete baino gutxiago behar dut etxea erabat antolatzeko; izan ere, badakit non aurki dezakedan gauza bakoitza eta non jarri behar dudan. Imajinatzen duzu egunean zenbat denbora aurreztu dezakezun?
Horri buruz eman dezakedan aholku garrantzitsuena zera da, antolatzerako garaian ahal den neurrian kategorien ordenari eustea. Gorde elkarren gertuan kategoria bereko objektuak edo antzeko materiala dutenak. Adibidez, arropak, zapatak eta osagarriak armairu berean edo gutxienez gela berean, liburu guztiak apal berean, eta abar.
BETE ETXEA ZORIONEZ
Prozesua amaitzen duzunean, baliteke zure etxea hutsik edo arimarik gabe geratu dela sentitzea. Normala da, niri ere gertatu zitzaidan. Hori ez gertatzeko, ohorezko lekua eman behar diezu zure objektu maiteenei. Hau da, etxean zaudela objetu horiek ikusten dituzunean (ez dute zertan ikusgarri egon), jar itzazu poza emateko moduan. Ez gutxietsi edertasunaren garrantzia.
Bestalde, amaitu berri duzu prozesu eraldatzaile eta sakona. Maiz ohartuko zara zeneukana ez zetorrela bat zure esentziarekin, eta beharbada, hutsik sentituko zara hasieran. Baina ikusiko duzu nola benetan nahi eta behar duzuna identifikatzeko ohitura barneratuta izango duzun. Denbora-kontua besterik ez da hori lortzea.
Izan kontuan izaki aldakorrak garela eta beraz hau ez dela prozesu itxia. Honaino iristea lortu baduzu, ikasi dituzun ohiturei eutsi besterik ez duzu egin beharko eta zure bizitzako fase ezberdinetan zure ondasunak eguneratu.
Espero dut gida hau zure prozesuan erabilgarria izatea. Zalantzarik baduzu, informazio gehiago behar baduzu edo zure esperientzia partekatu nahi baduzu, mesedez, jarri nirekin harremanetan. Pozez zoratzen jartzen naiz zuen mezuak jaso eta laguntzeko aukera dudanean.
Besarkada bat
Argazkia