Ziberindarkeria atzemateko zaila izaten da maiz, eta agerikoak ez diren biolentzien antzera ikustatzeko denbora gehiago behar izaten da.
Ziberindarkeria, hitzak berak dioen bezala, indarkeria mota bat da, espazio digitalen bitartez egiten dena. Ez dira kasualak edo momentu jakin baten gertatzen direnak eta ez zaie garrantzia kendu behar. Gehienetan, talde batek eraginda izaten dira, eta pertsona horiek ezagunak edo ezezagunak izan daitezke. Indarkeria mota hori espazio publikoetatik pribatuetara mugitzen da, eta egoerak eta kasuak askotarikoak izaten dira; alegia, indarkeria horrek modu eta forma ugari ditu, eta garrantzitsua da haiek identifikatzea, aztertzea eta izena jartzea.
Gaur egun, Interneten bidez informazio asko daukagu, eta ezizen edo soslai ezezagun baten atzean pertsona bat egoten da. Badirudi askotan foko hori galdu egiten dugula edo enpatiaren esanahia ahazten dela. Aspaldi jaioak dira hater direlakoak, eta badirudi onartutzat ematen direla zenbait jarrera. Gainera, jarrera horiek berak ikusten ditugu askotan aurrez aurre ere.
Pertsona bat epaitzen dugunean agertzen dira. Alde horretatik, edozein momentutan plantea diezaiokegu hiru segundoen legea geure buruari. Iritzia eman aurretik, komenigarria izango da itxoitea beste pertsonak hiru segundotan aldatu edo konpondu dezakeen edozer gauza bada. Horra hor espazio digitaletan eta analogikoetan erraz aplika dezakegun planteamendu bat.