Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zero zabor ideia batzuk

Modu asko daude eguneroko bizitzan sortzen dituzun hondakinak murrizteko. Gaurko artikulu honetan, bederatzi ideia erraz uzten dizkizut jarraitzeko. Etxean zaborra gutxitzeko asmoa baduzu eta ohitura ekologikoagoak sortzen hasi nahi baduzu, ideia hauek lagungarriak izan daitezke.

1- Erosi ontziratu gabeko produktuak. Edukiontzia eraman dezakezu dendara, izan metala, izan beira eta izan material berrerabilgarriren bat. Horrela, soilik erabiliko duzuna hartuko duzu, eta plastikozko edo paperezko zaborra eta edukiontziak saihestuko dituzu. Aukera bikaina da xahuketa eta zaborra saihesteko. Eta ez bakarrik janari kontuetan, saiatu harago joaten: higiene produktuetan, garbitzeko materialetan, josteko edo eskulanak egiteko produktuetan… Imajinazio eta ikerketa pixka batekin, gero eta produktu gehiago lortuko dituzu ontziratu gabe.

2- Saihestu plastikozko ur botilak. Inbertsio merkea egin dezakezu ur botila berrerabilgarri batekin eta ur iragazki batekin. Luzera begira diru asko aurreztuko duzu, eta ingurumenari lagunduko diozu. Nahiz eta Euskal Herrian iturriko ura ona izan, lagungarriak izan daitezke ur irazkiak (binchotan makila, adibidez, merkea eta erosoa), bidaiatzen dugunean plastikozko botilak ekiditeko.

3- Izan beti eskura erosketa poltsa berrerabilgarriak. Horrela, janari dendara edo supermerkatura zoazen bakoitzean prest izango dituzu. Saihestu dendetan eman ohi dituzten plastikozko edo paperezko poltsak. Horiek kotoizko edo beste edozein material iraunkorrez egin daitezke. Etxean ere jos ditzakezu trapu zaharrekin, edo ekodendetan erosi.

4- Saihestu erabilera bakarreko mahai tresnak (goilara, sardeska eta labana). Nahiz eta etxean metalezkoak erabili, batzuetan, kanpora bazkaltzera ateratzen garenean, erabili eta botatzeko tresnak jartzen dizkigute. Eraman zeureak eta egin boikot erabilera bakarreko mahai tresnak zerbitzatzen dituzten jatetxeei.

5- Eman edo saldu gehiago erabiltzen ez dituzun arropak, bota beharrean. Ehungintza zein kaltegarria den gero eta gehiago entzuten dugu, baina kaltegarriena dena erabiltzen ez dugun arropa horren kudeaketa da. Ia herri guztietan arropa kontainerrak daude. Bestela milaka aukera daude behar duen norbaiti saldu edo oparitzeko. Iragarki Laburren webgunean aukera duzu erabili ez duzun hori guztia saltzeko.

6- Ordezkatu komuneko xaboiak xaboi barrekin. Irtenbide bikaina da, alferrikako plastikozko bilgarriak guztiz kenduko dituzu eta; gainera, xaboiak kontzentratuagoak eta iraunkorrak izaten dira barra formatuan.

7- Sortu zure garbiketa produktuak. Aspergarria dirudien arren, nahiko sinplea da: ozpinarekin, zitrikoen azalarekin, bikarbonatoarekin eta olio esentzialekin, garbiketa produktu ugari egin ditzakezu zure etxean. Interneten garbigarriak sortzeko errezeta ugari aurkituko dituzu. Iragarki Laburren blogeko artikulu honetan (esteka), ideia eta errezeta batzuk topatuko dituzu.

8- Erabili aukera digitala korrespondentziarako, inprimatutakoaren ordez. Paperak toxikoz beteta izaten dira, eta ez da bakarrik ikusten duzun zaborra, garraioaren karbono aztarna ere hor baitago. Aukera digitala erabiliz, karbono aztarna txikiagoa izango da.

9- Gutxitu alferrikako arropa. Arropa markek probetxua ateratzen diete beherapenei eta urteko momentu puntualei (San Valentin, adibidez) jendeak behar ez duen arropak saltzeko. Garrantzitsua da kontsumitzaile gisa zer enpresa mota sustatu nahi duzun aztertzea eta iraunkorrak diren prozedurak ote dituzten jakitea.

Laburbilduz, ezin duzu espero aldaketa guztiak egun berean egitea; ikasketa prozesu bat da, baina, pazientziarekin, ziurtatzen dizut zure kontsumoa gutxitu dezakezula eta ohitura osasuntsuagoak har ditzakezula.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?