Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zero zabor hazkuntza: nola ekidin erabilera bakarreko elementuak

Haurtxo berria zure familiara iristeak ez du esan nahi astero zakarrontzi poltsa gehigarriak kalera eraman behar dituzunik. Izan ere, jaioberri bat nahiko erraz molda daiteke hondakinik gabeko bizimodu batean, edo gutxienez etxeko hondakinak gutxitzen saiatzen den batean.

 

“Haurtxo berdea” nola hazi aholkuak ematen dituzten webgune askok guraso berriei gomendatzen diete zuntz naturalez egindako arropak eta pixoihalak erosteko, esklusiboki formula eta elikagai organikoak erabiltzeko, toxikoak ez diren larruazala zaintzeko produktuak, plastikozkoak ez diren jostailuak… Horiek guztiak baliotsuak dira. Gomendio bezala, baina, oso garestiak suerta daitezke. Benetan “berdea” den haurra, ordea, bizimodu kontsumista txikiena duena eta minimalistena dena izango da, non gurasoek ez duten kalea alferrikako produktu berriez beteko haren bizitzako lehen urtean.

 

  1. Erabili oihalezko pardelak

 Oihalezko pardelak garrantzizkoak dira hondakinak murriztu nahi direnean. Bilatu bigarren eskuko pixoihalak, merkeak eta eskuraerrazak diren sareetan edo tokian-tokian gurasoek egin ohi dituzten truke salmentetan. Sartu forru garbigarriak eta berrerabilgarriak xurgapena areagotzeko. Beti garbitu izan ditut pardelak ur berotan eta detergente naturalarekin, garbiketa-ziklo bakarrean, eta eguzkitan zintzilikatu.

 

  1. Erabili oihalak edo kotoizko zapiak ipurdia garbitzeko

 Ez dira beharrezkoak haurtxoentzako erabilera bakarreko zapiak. Bai, erosoak dira, baina kimikoz betetako hondakin asko sortzen dituzte. Haurraren behealdea garbitzeko, haurtxoen kotoizko oihalak edo zapiak; hori da behar duzun guztia. Erabili ur epela eta xaboia, edo nahastu xaboi organikoaren soluzio natural bat eta gorde ezazu poto batean erabiltzeko prest dauden zapi hezeekin. Garbitzeko, bota pixoihalen ontzira amaitzen duzunean, eta elkarrekin garbitu garbigailu ziklo berean.

 

  1. Bilatu azala zaintzeko zero zabor erako produktuak

 Haurtxoentzako produktu natural zoragarriak daude eskuragarri, baina gehienak plastikozko ontzietan datoz. Berri on bat dakarkizut: ez duzu ezer berezirik behar zure haurra garbi edukitzeko. Izan ere, produktu gutxiago erabiltzea osasungarriagoa da zure haurraren larruazalerako. Xaboi leun batekin, oliba olioarekin eta kamamilarekin nahikoa duzu; plastikorik gabe eros ditzakezu zure herriko osasun-elikagaien dendan. Eta, ez badituzu erosi nahi, landare olio bat egiten erakusten dizut Iragarkilaburrak.eus-eko blog sarrera batean.

 

  1. Erosi bigarren eskuko arropa

Haurtxoentzako bigarren eskuko arropa asko dago eskuragarri. Egia esan, zentzu gutxi du berria erosteak. Gehienak ia ezin hobeto egoten dira, eta normalean merkeak izaten dira; hau da, euro bat edo bi pieza bakoitzeko, ni bizi naizen tokiko bigarren eskuko dendan. Eta, ez baduzu erosi nahi, bilatu zure inguruan ia nork izan duen haurrik zure aurretik eta eskatuizkiozu erabiltzen ez dituen arropak, lotsarik gabe!

 

  1. Edoskiarazi, nahi baduzu.

Edoskitzea da zure haurrak elikatzeko duen modurik onena, ez baitu hondakinik sortzen. Osasun aldetik ere bera onena: bai haurrarentzat, bai amarentzat. Titia emanda, hondakin eta denbora asko saihestu dezakezu: formulak, botilak, poltsak, esterilizazio tresna, ontziak… Diru asko aurreztuko duzu; lehen urte horretan, 1.200 eta 3.500 euro artean.

 

  1. Prestatu zure haurtxoentzako janaria

 Fruta eta barazki pure organiko poto bakoitza erosten hainbat euro gastatu beharrean, hobe duzu zuk zeuk egitea. Sortu lote handiak, gorde ontzi berrerabilgarrietan edo izoztu izotz kuboen molde batean ontzi batera eraman aurretik. Bestalde, gomendatzen dizut baby led weaning edo haurrak gidatutako elikadurari buruz ikertzea. Kasu horretan, pureak edo irabiatuak beharrean haurrei janari piezak eskaintzen zaizkio: marrubi bat, platano puska bat, brokoli lore bat… Beren kabuz txupatu eta dastatu dezaten.

 

  1. Aukeratu jostailuak arretaz

 Merkatuan plastikozko jostailu asko dago ia berehala apurtzen direnak, eta orduan ez dute nora joan zaborretara baino. Haurtxoek ez dute hainbeste jostailu behar; beraz, lehenetsi kalitatea kantitatea baino gehiago, ahal izanez gero. Badaude egurrezko, oihalezko eta bertan egindako jostailu bikainak, umeak hazteko askoz seguruagoak direnak inportatutako plastikozkoak baino. Adibide bezala, hor dituzu Zura Tree eta Zizka Mizka euskal jostailu markak.

 

  1. Eskatu familiari eta lagunei opari praktikoak

Jendeari gustatzen zaio haurrei opariak ematea. Haien eskuzabaltasuna gauza zoragarria den arren, benetan behar ez dituzun arropa, jostailu eta tramankulu ugari sor ditzake horrek. Gomendatu opari praktikoagoak; esate baterako, izozkailuko otorduak, zure gustuko dendetan erosteko kreditua zein ekarpen ekonomikoak; edo behar dituzun gauzen zerrenda bat sor dezakezu, eta eskatu aldez aurretik adostea zer erosiko dizuten.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntzea nahi duzu?
    Kaixo! 👋
    Arreta-ordutegia 8:00-16:00 da. Zertan lagundu zaitzakegu?