Gabonak iritsi dira, eta sinesmenak edo gustuak kontuan hartu gabe, denok parte hartzen dugun garai bat da. Neurri handiagoan edo txikiagoan, “ospatzearen” izenean, kontsumismo eta hondakin olatu batean sartuta topatzen gara noizbait.
Edozein ospakizunetan, ez bakarrik Gabonetan, momentuak elkarrekin partekatzen ditugu, opariak eman eta jaki bereziagoekin gozatu. Eta, bikaina izateaz gain, ezinbestekoa da hori guztia ospatzea; batez ere, garai hauetan. Baina zenbateraino justifikatzen du horrek urtetik urtera gero eta gehiago erokeria kontsumista bilakatzea? Zer ari gara benetan ospatzen? Ospatzen al dugu bizirik egotea eta elkarrekin egotea gurea bezain zoragarria den planeta batean? Edo ospakizuna kontsumorako aitzakia bat besterik ez da bihurtzen ari?
Gabon hauek aurrekoak baino desberdinagoak izango dira, zalantzarik gabe, eta planetak laguntza oihua bidali, eta moteltzeko eskatzen digu.
? Ausartzen al zara hondakinik gabeko Gabonak ospatzera?
Garai ezin hobea dela uste dut; horregatik, edozein ospakizunetarako eta zehazki Gabon hauetarako, ospakizun ekologikorik eta zero zabor ildoko aholkurik onenak partekatu nahi ditut zurekin.
? Errituala:
Gabonak direla edo urtebetetzea dela, beti on da zer ospatzen ari garen eta zer ekartzen duen gure bizitzari buruz gogoetatzea. Ospatzea energiaz betetzen gaituen ekintza bat da: jendeari, naturari eta unibertsoari gure esker ona edo gure nahiak erakusteko era bat. Saia gaitezen ez erortzen gaur egungo tranpan: ospakizunak gauza materialekin lotuta daude gaur egun. Aitona-amonei galdetzen badiegu ospakizunei buruz: jaiaz, festaz, elkartzeaz eta auzolanaz hitz egingo digute.
Eliza Katolikoak bereganatu dituen “maileguetako” beste bat dira Gabonak. Horrek ez du zerikusirik jai pagano horren benetako jatorriarekin: neguaren etorrera ospatzea, ziklo bat ixtea eta irekitzeko prestatzea pozez jarraituz udaberria ahalik eta baldintzarik onenetan jasotzeko. Gaur egun San Tomas deitzen diote garai batean Euskal Herrian ospatzen zen neguburuari edo negu solstizioari. Hori bai, ziur nago euskaldunon neguburuak Elizaren San Tomasek baino urte gehiago dituela (baita esangura gehiago ere). Adibidez, nik solstizioa ospatzen dut; azakiak eta sasoiko beste produktu batzuk kontsumitzen ditut, eta denbora gozatzen dut maite dudan jendearekin. Ez dut gehiegikeria ospatzen, ez gastua, ezta kapitalismoa ere.
? Dekorazioa:
Normalean, elementu deigarriak erabiltzen ditugu “apaindu behar dugulako” (plastikozko zuhaitza, argiak, poliesterrezko Olentzeroa…), eta ez diogu arretarik jartzen askoz pertsonalagoa eta originalagoa izan daitekeen dekorazio bati.
Zuhaitza ez da moztu behar, eta plastikozkoa ere ez dugu behar. Zalantzarik gabe, zure etxeari kutsu sortzaile bat emango dion ideiaren bat nahi al duzu? Nola egiten dudan esango dizut: inausketa eta hondakin organikoak erabiltzen ditut: baratzetik edo lorategiko lurretik zuhaitz adarrak jaso ditzakezu zuhaitza osatzeko. Laranja azalek, adibidez, lehortuta, kolorea emateaz gain usain freskoa eta goxoa ematen diote gure etxeari. Bestalde, udazken partean jasotako baratzeko fruituak edo balkoiko belarrak eskegitzen ditut etxean zehar, lehortzeko, eta neguburuko dekoraziotzat hartzen dugu. Gero, urte bukaeran, fruitu eta belar horiek guztiak txikitu, aletu eta ontziratu egingo ditugu (belarrak, artoa, Ezpeletako piperrak…).
? Janaria:
Ziurtatu menuak planifikatzen dituzula, azkenean janari xahuketa bihurtuko diren erosketetan ez erortzeko. Gogoan izan supermerkatuak eta dendak eskaintza distiratsuz beteta egongo direla ahal duzun guztia eta gehiago erosteko. Zer nahi eta behar duzun argi baduzu, Gabonetako otorduak naturarekin errespetuan joango dira. Hona hemen aholku batzuk: planifikatu menua, erosi behar duzuna besterik ez, izan dadila bertakoa eta sasoikoa (otarrainxka edo langostinoa Marokotik badator, akaso ez diogu lehentasuna eman behar); soberakinekin, errezetak egin, edo izoztu, beste momentu batean jateko, eta, hala eta guztiz ere soberakin asko badaude, konpostatu, bosgarren edukiontziaz baliatuta.
? Opariak:
Opariak ia edozein ospakizunen parte dira, eta modu polita da ingurumenari errespetua erakusteko ere. Gogoratu gomendio hauek erosi aurretik:
1.- Ez oparitu ezer konpromisoagatik.
2.- Eskaini esperientzia bat (mendi ibilaldi bat, paseo bat, kultura sustatzeko aukera bat izan daiteke: kontzertu bat, antzerki baterako sarrera…).
3.- Oparitu eskuz egindako zerbait (eskuz jositako, marraztutako, argazki pertsonal bat, etxean egindako marmelada…).
4.- Oparitu bertako produktuak eta artisauenak (artisau azokak, herriko azoka, sare sozialen bitartez ezagutzen ditugun artisauak… Ezagutzen al duzu Dinagu emakume kolektibo artisaua?).
Gabon hauek aldaketa iraunkor bihur daitezke ekonomia iraunkorrago baterantz, baina, aldaketa handi guztietan bezala, pertsona bakoitzak du zeresana, eta ospakizunek ez lukete izan behar aitzakia bat planeta hobe baten alde borrokatzea ahazteko.