Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zergatik hasi zarete horretan?

Orain ere bazabiltzate zeozertan. Ez zarete gero geldi egoteko onak. Bakean dagoena bakean utzi. Askotan entzun izan ditugu aurreko esaldiak. Antza, mugitzea, gauzak aldatzen saiatzea, ez da bide zuzena batzuentzat. Akaso dauden lekuan eroso daudelako. Guk ere ez dakigu gure bideak norantz egingo duen. Dakigun bakarra da elkartu, elkarrekin hausnartu eta orain arte esploratu gabeko bideak arakatzeari ekin diogula. Inora iristeko asmo handiekin baino gehiago, bidean gozatzeko, jende berria ezagutzeko, ikasteko eta desikasteko asmoarekin. Helburu handien mendetik bide lausoen mendera pasatu gara akaso. Ez gaur helburu handirik ez dugulako, denok bizitza duina izatea ez baita helburu makala. Helburura iristeko bideak helburua bera berrikusten laguntzen digula ikasi dugulako baizik.

Martxoaren 12an goierritarroi erronka botako diegu. Bi urteko bidearen ostean, mugarri bat jarriko dugu. Esku askoren artean eraiki beharreko mugarria. Eta hortik aurrera ez dakigu norantz joango garen. Plangintzak, asmoak eta helburuak beteko ote diren. Dena ez baitago gure esku. Umetan esan ohi ziguten parte hartzea zela garrantzitsuena. Nik uste galtzailearen begiradatik erakusten zigutela hori. Galtzera ohitu garen sentsazioa baitut. Beste batzuen menpeko izatera ohitu garela. Eta galtzeak gutxi du eraldatzailetik.

Horregatik, irabaztera atera nahi dugu. Irabaztera, ez inor menperatzeko, hamarkadetan desitxuratu duten markagailua berdintzeko baizik. Bizitzeko moduak daude jomugan. Bizitzak daude jomugan. Eta gudu zelaiak deskribatu ditugu aurreko artikuluetan. Sekula aurrez ikusi gabeko aldaketak ditugu ate joka. Eta azkenaldian, esango nuke, gero eta gehiago hitz egiten da aldaketaz, eraldaketaz; dena den, sentsazioa dut, asko hitz egiten dutela horri buruz eta sakonean guztiak berdin jarrai dezan nahi dutela, ez dadila ezer aldatu. Badugu garaia ordea onartzeko aldaketak ezinbestean etorriko direla. Leuntzen saia gaitezkeela baina orain arteko bizimoduak ez duela bere horretan jarraituko.

Aldaketa horren izatean eta ezaugarritzean dago, ordea, funtsezko gatazka. Eta, gatazka horretan irabaziko badugu, ahalduntze ariketa kolektibo erraldoi bat egin behar dugu. Lehen aipatutako berdinketara iritsi nahi badugu, behintzat, egitura eta sare sendoak behar ditugu. Lurraldearekin elkarrekintzan eta lurraldetuta jardungo dutenak. Gaitasunak antolatu behar ditugu, eta beharrizanei erantzuteko tresnak sortu.

Haserreaz harago iraupen luzeagoko erregaiak behar ditugu. Eta, akaso, ilusioaren bidez eta sinesgarritasuna eskainiz lortu beharko dugu eraldaketarako energia. Bide korapilatsua dugu aurretik, nekeza eta konplexua. Inork ez zigun esan erraza izango zenik, baina ba al dago ongizate komunaren alde lan kolektiboa egitea baino ezer ederragorik?

“Zergatik hasi zarete horretan?”, behin eta berriz errepikatu izan digute. Ez pentsa, sarritan egin diogu galdera bera geure buruari ere. Ez baita erraza izaten bakartuta nahi gaituen mundu honetan elkarrekin ekitea. Baina, aizu, bizitzea zerbaiten alde egitea omen da.

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?