Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zaintza ekosistemak, elkar zaintzeko hiriak

Azken deboran, urte luzeetan ez bezala, asko entzun dugu zaintzaren inguruan hitz egiten. Pandemiaren hasieran, egoerak berak ezinbestean ekarri zuen gaia lehen lerrora, eta oraindik ere presente dugu. COVID-19aren krisiak azalera ekarri zuen aspalditik zetorren eta egiturazkoa zen krisi bat, zaintzarena, baina arazo zaharretarako irtenbide berririk ez zen planteatu orokorrean, eta pandemia garaiak ez zuen aldaketarik ekarri zaintzaren ereduan. Hori horrela, beharra biderkatzearekin, berriz ere familien eta eremu pribatuaren gain erori zen zaintzaren arloa, eta nabarmen gelditu zen ordura arte sostengaezina zen eredu bat oraindik sostengagaitzagoa bihurtu zela.

Baina, suertez, bada beti egoerak eskatzen duen ardurarekin jokatzen duenik eta arazoei irtenbide berriak bilatzen saiatzen denik; herri eta hirietan sortutako zaintza sare komunitarioak dira horren adibide. Herri eta auzoetan antolatutako norbanakoek martxan jarri zituzten zaintza lan horiek era komunitarioan kudeatzeko egitasmoak: adinekoei erosketak egiteko laguntza eskainiz, haurren zaintzaz arduratuz… Beharrezko lana izan zen sare horiek egin zutena, eta komunitatearen bat-bateko aktibazioan horrelako indarra lortzea azterketarako gaia da gutxienez. Bilbon, Elkartasun Sareak koordinakundea osatu zuten hamalau sarerekin, eta 500 boluntario inguru batu zituen.

IRUDIA 1: Bilboko Otxarkoaga auzoko zaintza sarearen kartela_ ITURRIA: twiter_@otxargorri

Baina argi dago ere boluntarioz osatutako zaintza sare komunitarioekin bakarrik ezin direla denon bizitzetan beharrezkoak diren zaintza lanak ase. Beraz, zaintza bizitzak sostengatzeko elementu nagusia dela badiogu, politika publikoen erdigunean etengabe egon behar duen gaia izan behar du. Ulertzen dugu pertsona orok dituela zaintza beharrak aseta izateko eta zaindua izateko eskubidea, eta administrazio publikoak horren bermatzaile izan behar du. Bestelako sistema publikoek –hezkuntzak edo ogasunak esaterako— duten aintzatespena eduki behar luke zaintzak ere. Osasun sistema publikoa badugu, zergatik zaigu hain zaila zaintza sistema publiko bat imajinatzea? Ez dela beharrezko esango du norbaitek, gaur egun zaintza lanak egiten direla, eta hala jarraitzea besterik ez dagoela esango dute, baina nork sostengatzen dituzte lan horiek? Zaintza lanak batik bat emakumeek egiten dituzte egiturazkoa den desberdintasunaren ondorioz, eta egiturazko desberdintasunak areagotzen jarraitzen dugu etengabe. Beraz, zaintza lanak errekonozitzea, komunitate zaintzaileak sustatzea eta zaintzaileen bizi baldintza duinak ziurtatzea izan beharko lirateke besteak beste zaintza sistema publikoak bete beharreko helburuak.

Aipatutako helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da komunitatea eta ehun ekonomikoa politika publikoen diseinuan eta inplementazioan inplikatzea eta erakunde publikoekin batera gobernantza eta parte hartze eredu berritzaileak sortzea. Zaintza ekosistema eredu hori garatzeko eskala egokiena udalerria da. Izan ere, hor dugu gaitasuna, zaintzak duen konplexutasuna eta aniztasuna identifikatu eta lantzeko. Gertutasunean ehuntzen dira harreman komunitarioak, eta konfiantzazko harreman horien barnean estrategia publikoak edo herri estrategiak eraiki daitezke. Zaintza modu zabalean ulertua, beraz, honela defini genezake: kalitatezko bizitza sostengatzeko egiten den lan multzo eta kate konplexua. Teorian, kate horretan, askotariko eragileak daude inplikatuta: 1) arlo publikoa, 2) merkatua (eta tartean hirugarren sektorea), eta 3) komunitatea (norbanakoak, familiak eta elkarteak).

IRUDIA 2: Zaintza publiko-komunitarioaren eskema orokorra _ ITURRIA: Hiritik At

Zaintza ekosistema horiek garatu nahian, eta, COVID-19aren krisialdian loratutako esperientzietatik abiatuz, Parean elkartearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin batera, zaintza sareen fenomenoaren azterketa abiatu genuen 2020an. Lan horretan, Gipuzkoako lau udalerrietan elkarlan publiko-komunitarioaren iniziatibak aztertu genituen: praktika onak identifikatu, partekatu, ebaluazioa egin eta sistematizatu. Informazioan sakondu nahi izanez gero, lotura honetan bila dezakezue: https://hiritik-at.eus/project/zaintza-ekosistemak.

Bestalde, espazioaren gaiari erreparatuz gero, bizitza komunitarioa sendotzeko espazioak eskaintzen dituzten hiri, auzo eta herriak behar ditugu, publiko-pribatu dikotomiarekin hautsi, komunitatea sendotu eta zaintzaren auziari era kolektiboan erantzutea erraztuko digutenak. Zaintza espazioen inguruan eta konkretuki zahartzaroaren gaia erdigunean jarrita, Irati Mogollon Garcia soziologoak eta Ana Fernandez Cubero arkitekto eta hirigileak idatzitako Arquitecturas del cuidado. Hacia un envejecimiento activista liburua aukera ezin hobea da gaiari perspektiba batetik baino gehiagotatik erreparatzeko. Alderdi arkitektoniko eta soziologikotik abiatuta, eta ikuspegi feminista sistemiko batekin, eztabaidan gai konplexuak kokatzen dituzte, hala nola zaintzak, komunitatea eta desioa. Mogollonek berak bere diskurtsoan aipatzen du eredu produktibo eta heterosexualetik ateratzen den guztiak zainketen arkitektura bat behar duela. Istripuren bat izan duen jendea izan daiteke, edo haurrak dituen jendea, edo bakarrik dagoen jendea, sarerik ez duena… Espazioa zeharkatzen duten premia asko daude.

Laburbilduz, gaurko hiri ereduak ez daude lan erreproduktiboak eta zaintza lanak aurrera eramateko diseinatuak; lan produktiboaren perspektibatik diseinatuta daude. Hortaz, balio horietan eraikitako hirietan nekez eman ahalko zaio erantzuna era errazean zaintzaren krisiari. Zaintzaren krisiari ekiteko, ezinbestekoa da, beraz, zaintza erdigunean jartzea eta hirigintza arloan espazioak eta hiriak begirada horrekin diseinatzea.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?