Bizimodu “slow” edo iraunkorrago bat praktikatzeak zera esan nahi du, gure inguruko zurrunbiloa moteltzea eta erabaki kontzienteagoak, lasaiagoak eta iraunkorragoak hartzea. Bizimodu lasaia edo “slow mugimendua” arlo askotan aplika dezakegu, gure janarian, modan, bidaietan, bizimoduan, etxean eta beste.
Gure inguru ezagunean gauden bitartean, erraza da iraunkorra izatea. Hasteko, etxean edo gure inguruan behar dugun ia guztia daukagu; gure inguruko saltokiak ezagutzen ditugu; bigarren eskuko dendak ezagutzen ditugu; eta jakiten dugu zein tokitan datozen bat gure filosofiarekin.
Artikulu honetan bidaien arloan zentratuko naiz, eta 5 gomendio azalduko dizkizut, bidaiatzeko eta opor lasaiagoak eta iraunkorragoak egiteko balio dutenak.
1) Aukeratu ostatu alternatiboa.
Etxe trukea eskaintzen duten hainbat plataforma dago. Pentsatu al duzu inoiz hori egitea? Badira horrelako plataformak, etxea trukatzeko aukera ematen dutenak. Horrela, lehendik dagoen baliabide bat berrerabil dezakezu; hau da, uda sasoian hutsik geratzen den etxea aprobetxatu eta zeurea eskaini.
Beste alternatiba bat da lagunekin edo familiarekin adostea eta haien etxean geratzea: etxea, animaliak eta landareak zaintzen dituzun bitartean.
Furgonetan edo autoz bidaiatu dezakezu, eta zure inguruko nekazaritza eremuak ezagutu edo parke nazionalak bisitatu, eta aterpetxeetan egon zaitezke hegazkinean bidaiatzeko beharrik gabe.
Oporrak aprobetxa ditzakezu zure laguntza eskaintzeko permakultura edo kultura ekologikoa ikasten duzun bitartean. Hiritik baserri agroekologikora egiteko, Workaway eta Wwoof plataformak dituzu, esaterako, non zure laguntza eskain dezakezun ostatu, janari, esperientzia eta ikaskuntza truk.
Jendez gainezka dauden guneetatik kanpo, zero zabor nekazaritza turismoak edo ekoapartamenduak daude, eta zure arima aberasten duten jarduerak eskaintzen dituzte. Horien artean nire gogokoena, The Cantabrian.
2) km0 produktuak kontsumitzea slow mugimenduaren oinarrietako bat da.
Janaria denda txikietan eros dezakezu, zure hirian egiten duzun moduan, saltoki handiak saihestuz. Etxetik irten aurretik, antolatu eduki ditzakezun janari beharrak, kalkulatu zure hiritik zer produktu hartu behar dituzun. Normalean oinarrizko hornidura beharko duzu, ontziratutako produktuak (lekaleak, zerealak eta fruitu lehorrak); produktu freskoa, berriz, toki guztietan aurki daiteke (frutak, barazkiak, gazta, ogia…).
Artikulu honetan aholku ugari dituzu bidaietan zure hondakinak gutxitzen lagunduko dizutenak. Ikertu inguruko produktu autoktonoak, janariak edo artisauak direnak. Ikertu tokian tokiko ekimen ekologikoak eta ekonomia sozial eta solidarioa bultzatzen dituztenak.
3) Naturarekin konektatzea oporretan egin dezakegun zerbait da.
Oporrak une aproposa izan daitezke naturan familian jarduerak egiteko, hala nola hegaztiak behatzeko eta inguratzen gaituen natura ezagutzeko. Uda denboraldia aproposa da zaletasun berriak hasteko: baliabide basatiak ezagutzea, belar eta lore jangarriak biltzea, sendabelarrak ezagutzea eta zure kosmetika botanikoak egitea. Basa-baliabideen mundua aztertzeko, duela urte batzuk baliabide basati, jangarri eta sortzaileei buruz idatzi nuen liburu hau gomendatzen dizuet: Silvestre, comestible y creativo.
Eskuak lurrean sartzeko eta etxeko konpostajea aztertzeko une egokia ere izan daiteke uda. Gure etxean, auzoan edo inguruetan konpostagailua jartzeko modua ikertu eta planifika dezakegu. Bizi baratzea blogean gaiari buruzko informazio ugari dago.
4) Sormenak eta eskuz egindako jarduerek pertsona gisa indartzen gaituzte.
Gauzak konpontzen ikastea norberaren buruaren konfiantzaren oinarrietako bat da, eta slow modaren edo moda iraunkorraren elementu garrantzitsua da. Aisialdian eskuz egindako proiektu berriak ikas edo har ditzakezu: jostea, puntuzko lana egitea, bizikletak konpontzea, etxeko brikolajea, eskulanak egitea…
Denbora har dezakezu eskuz egindako lanak ikasteko eta egiteko: kakorratz lana egitea eta ehuntzea, esaterako, edo makramearen bitartez eta zure arropa edo etxerako gauzak egitea. Silento studio webgunean eta blogan inspirazioa aurkituko duzu.
5) Ezer egiten ikastea da slow mugimenduaren benetako gakoa.
Geure burua behatzeko denbora da, bizitzatik benetan nahi duguna gogoetatzeko. Bidaia edo oporrak momentu ona dira ordu luzeak ezer egin gabe igarotzeko, bizitza kontenplatiboa eta lasaitasunari eskainia. Mindfulness, meditazioa edo yin-yoga lantzea aliatu onak dira gorputzarentzat, buruarentzat eta atsedena hartzeko.
Argazkia