Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Ondo jateko eskubidea

Gero eta jende gehiago hasi gara jaten dugunaz jabetzen, eta asko gara dagoeneko elikagai bat ahora eraman aurretik edo erosketa saskian sartu aurretik ohartzen hasi garenak nola eta nork landu duen edo nola ekoitzia izan den eta jatorria zein duen. Eta horrek esan nahi du gure kontsumoaz jabetzen ari garela, eta, nahiz eta konturatu ere egin ez, gaur egun herritar gisa ditugun arma handienetako bat da, nekazaritza eta elikadura eredu globalaren ordezko aukerak bilatzen ari garelako.

 

Mundu osoan, eredu nagusi horrek, agrobusiness-ak, gero eta gosete handiagoa sorrarazten du ugaritasunaren munduan; aldi berean, gero eta elikagai tona gehiago alferrik galarazten ditu; gainera, nekazari txikiak beren lurrak eta bizimodua uztera behartzen ditu; horren ondorioz, errentagarritasun gutxiko labore tradizionalak desagertzen ari dira, lurra pozoitzen ari da eta kalitate gutxiko elikagai eta prozesatuekin elikatzen ari gara.

 

Elikadura burujabetza. Elikadura eta kontsumo ohiturak aldatzen hasi garen gehienoi asko kostatuko litzaiguke Elikadura Burujabetza zer den galdetzen digutenean hori bera azaltzea, definitzea edo erantzun zuzena ematea. Kontua, ordea, nahiko sinplea da: herritarrei jaten dugunari buruz erabakitzeko gaitasuna itzultzea. Egia da inork ez gaituela behartzen non erosi edo nolako produktuak hartu supermerkatuko apalategitik, baina beharrezkoa da pixka bat harago begiratzea, gaur egun gertatzen dena egiaztatzeko. Ez gara ohartzen nolako elikagaiak jaten ditugun; izan ere, enpresa multinazionalen talde txiki batek kontrolatzen du elikagai prozesu osoa eta hark erabakitzen du elikagaiak merkatuan nola banatu eta eraldatu. Jakina, hori ez du inork zalantzan jartzen; enpresa horiek beren negozioak, interes partikularrak eta onura aberatsak lehenesten dituzte, herritarren elikadura beharren aurretik, eta merkantzia huts bihurtzen dute janaria, negozio handi, gure osasunaren eta planetaren iraunkortasunaren kalterako.

 

Egoera ilun hori ikusita, pentsa dezakegu ezin dugula ezer egin ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredu suntsitzaile horretan parte hartzea saihesteko, baina, zorionez, gure inguruan, tokian-tokian, badira eredu horretatik ihes egiteko aukera ematen digutenak, eta bidea irekitzen digute kontzientzia hartzeko eta beste eredu bidezkoago, solidarioago eta iraunkorrago baterako aldaketaren partaide izateko.

 

Erraza da elikagai kilometrikoak ekiditea, gure eskuetara ehundaka kilometrotatik —baita milaka kilometrotatik ere— iristen diren horien ordez hurbilekoak kontsumitzea, nekazari eta ekoizle txikiek ekoizten dutena kontsumitzea, baita elikadura ekologikoaren alde egitea ere, gure osasuna zaintzen baitu, osagai kimikoak eta gehigarriak erabili gabe, gaixotzen gaituzten intentsiboaren eta industrialaren kaltetan. Baina, gainera, gure inguruan, gero eta gehiago dira egungo nekazaritzako elikagaien eredua zalantzan jartzen duten praktikak eta kontsumo sare alternatiboak; esaterako, ekoizle txikiek antolatutako merkatuak, zuzenean erosteko; kontsumo ekologikoko taldeak eta kooperatibak, kontsumitzaileak ekoizleekin, hiri-baratzeekin edo saltzen dutenaz arduratzen diren denda txikiekin lotzen dituztenak.

 

Kontsumitzaile gisa dugun eragin-gaitasunari, gainera, herritar gisa dugun indarra gehitu diezaiokegu, eta agintariei egiturazko politika ausartak eskatu, hala nola elikagai transgenikoak eragozteko, nazioarteko merkataritzako itun handiak galarazteko eta nekazaritzako politika erkidearen aurka egiteko; eta, aldiz, nekazaritzako elikagaien sistema iraunkor, zuzen, arduratsu eta osasuntsu baterako trantsizio agroekologikoa bultzatu. Azken batean, herritar guztiek ongi jateko dugun eskubidea bezain oinarrizkoa den zerbait lortzeko borrokatu.

 

 

 

Argazkia: Unsplash

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?