Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Nowhere, ‘now here’. Euskararen irla ttipia

Barka izenburuan munduko hizkuntza hegemonikoenean egindako hitz jokoa, gauzak zer diren; Tomas Moro ingelesak Utopia latinez idatzi zuen, ez bere ama hizkuntzan. Utopia irla bat da (Nowhere) inon ez dagoena, edo beharbada, egon badago, baina haren bila abiatu eta inoiz ez gara iristen. Distopian zehar, Utopia irlarantz goazela, hala ere, badira bestelako irlatxoak, irisgarriak, eder askoak, baina iristeko ez kruzeroan ez helikopteroan ez yatean ezin zarena joan. Ezinbestean arraun pixka bat egin behar da.
 
Euskaraz bizitzea, euskara kultur hizkuntza izan dadin ahalegintzea bera irlatxo horietako bat da, lurralde libre ttipi bat, arraun egite etengabe bat baina irlatxo ederretara eramango zaituena, Berriara, esaterako, liburu, musika eta filmetara, bertsoetara… Euskarak komunikatu ahal zaitu Erriberako nekazariekin, adibidez, eta zainzuri bat janez euskarari puzka egin Errigoraren bidez. Euskararen bidez heldu ahal zara EHZ festibalera, mendi magal eder batean Euskal Herriko eta beste hainbat herritako musikariekin gozatuz, “L’Eurock des peuples contre la World Company”, zergatik ez Euskal Laborantza Ganberako kideek hornituriko zikiroa janez ‒edo barazki ederrak beganoa bazara‒. Begira zer-nolako irla ederra zabaldu zaizun han, munduan laborantza intentsiboa nagusitzen ari den aspaldi honetan, non lurra eta abereak bizirik ez balute bezala esplotatzen diren, laborari ttipi batzuek osatu zuten bestelako laborantza bat bultzatzeko ganbera bat Frantziako Estatu handiari desobedituz, irla errebelde bat.
 
Gure irlatxoak, ordea, urbanizazio pribatu, resort turistiko edo, besterik gabe, parke hesidun bihurtu ez daitezen denonak eta denontzat izan behar dute; ezberdintasunek batzuk bazterkeriara eraman ez ditzaten, han daude paterak, des bateaux de fortune; gure ontzitik ere ikusten dira, batek zioen gisan “enbata beraren pean gabiltza baina ez ontzi berean”, ados, baina itsasoaren legeek diote ontzi baten betebeharra dela beste ontziei laguntzea, Arrigorriagako Gaztetxean, BATUn eta Artea Sarean erakusten duten gisan. Inor ez da ilegala, euskara wolof-a da, amazight-a da, errumaniera da, jantz gaitezen ganoraz; sor dezagun denon artean txalupa-talde bat, Goianeko komunitate sarearen esperientziak aintzat harturik, non hizkuntzak, generoak, azalaren koloreak eta maila sozioekonomikoak ez gaituzten elkarrengandik apartatuko.
 
Posible da txikiek handia garaitzea “asmoz eta jakitez”, amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi: taberna, denda eta enpresa txikiak bizikletazaleekin elkarturik edozein Glovo zulatu dezakete, handiaren baldintzetara makurtu gabe produktuak eraman. Nola bestela aurre egin mundu birtualeko enpresa erraldoien nagusikeriari? Benetan hizkuntza txiki batek lor lezake erraldoi hegemonikoak makurtzea? Zenbat diru eta menderakuntza truke? Ez ahal litzateke hobeto eskoletatik hasi eta .eus komunitate sendo eta sortzaile bat elikatzea, zilegitasun osoz pirata eta librea dena?
 
Beharbada, dirua desagerraraztea utopia handi samarra da gaur-gaurkoz, baina baliatu dezagun diru-trukea komunitatearen lagungarri ahal den heinean, gure arteko harremanak sendotuz: lehen sektoretik hirugarrenera, zerbait ordaintzean begi-keinu bat egiteko, eusko bakoitzarekin elkarte bat, egitasmo bat, euskaltzale sare bat lagunduz.
 
Eta okupatu dezagun, bai: Zenbat etxe gehiagok egon behar dute hutsik? Zenbat lagunek etxerik gabe? Noiz arte porlanezko espekulazio hau pertsonen bizitzak muturreraino hipotekatzen dituena? Zenbat denbora irabaziko genuke elkarrekin hobeto bizitzeko, auzolanean elkarri laguntzeko, elkar zaintzeko ekuaziotik hipoteka eta alokairu abusiboak ezabatuz gero? Beharbada bat, bi, hiru ehunka Errekaleor eraikiz gero, higiezinen nagusien inperioak dar-dar egingo luke.
 
Ameskeriak? Tira, artikuluan jasotako denak eta beste hamaika gehiago existitu existitzen dira; beharbada, irlatxoen arteko txalupa-zerbitzu gehiago jarri beharko ditugu martxan. Gauza bat ziurra da: Behin probatu duenari Hertzainak-en kanta ahoratzen zaio inon baino alaiagoa izanen da. Bai, dantza hori gustatu zaizu, barrenean sartu zaizu, jada ezin duzu bera gabe, egia da ez dela mainstream, ez duela dirurik emanen, ez dela hain lehiakorra, baina hobeki sentiarazten zaitu.
 
Hemen da, hemen dira, inongo irlara bidean.
 
 
 
Argazkia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude