Hiria definitzen duen zerbait badago, bertako biztanleria da. Azken batean, hiria pertsonek egiten dute, eta bertan jende kopuru handia bizitzeak, biztanleria-dentsitateak, ematen dio hiriari bere izana. Hala ere, kapitalaren munduak, momenturen batean, berez oinarrizkoa izan behar zuena bazterrean utzi zuen, eta pertsonak alde batera utzita birdefinitu du hiria erabat. Gaur egun, hiria autoek lo egiten duten lekua da, ostalaritzako terrazak pilatzen diren lekua, enpresa multinazionalen lehiarako lekua, Airbnb-ren hazitegi perfektua; laburbilduz, negozioa egiteko espazio fisikoa. Kapitalaren lekua, eta pertsonen ez-lekua, izan ere, hiria bera bilakatu da negozioa. Halako batean, bertako biztanleak atrezzoaren parte izatera pasatu ginen. Haurrek parke hesituetan jolasten duten bitartean, autoak kalearen jaun eta jabe dira. Abiadura bizian doan trena bat eraikiko dugu hiriak komunikatzeko, baina bitartean gure zaharrak etxetik irten ezinda bizi dira, igogailu gabeko etxeetan gatibu, hiritarren eta hiriaren arteko komunikazioa etenda. Glovoko langile prekarizatuek afaria ekartzen digute auzoko azken jatetxea desagertzen ari den bitartean, kapitalaren legea, handiak txikia zapaldu.
Esan beharrik ez dago, krisi garaietan gizartean dauden arrakalak eta ezberdintasunak are gehiago nabarmentzen direla, eta hiriko egoera ez da horretan salbuespena. Krisi garaiek, ordea, kritikarako eta aldaketarako bideak eta aukerak ere zabaltzen dituzte era batean. Beraz, esan ahalko genuke, krisialdi edo sindemia garai hau aukera ezin hobea dela hirigintza birpentsatzeko.
Konfinamenduak espazioaren eta denboraren kontzientzia hartzera behartu gintuen, eta espazioa sumatzeko genuen modua erabat aldatu zuen. Pandemiak mundua gelditu zuenean, kaleak hustu ziren. Lehenengo konfinamendua amaitzean baldintzarik edo oztoporik gabe okupatu genituen kaleak. Ibilgailurik gabe, terrazarik gabe, turismorik gabe… Pertsonak nagusitu ginen kale eta plazetan. Are gehiago, ordu batzuetan adinekoak bakarrik nagusitu ziren.
Kaleetan eta hirietan ordu arte irudikatzeko zailak egiten zitzaizkigun irudiak ikusi genituen, oinezkoentzako espazioak jendez lepo eta normalean autoek hartzen dituzten espazioak hutsik; arlo askotan ikusi ahal izan genuen eguneroko argazkiaren negatiboa. Ezohiko argazki horiek ikustean, klik egin zigun garunak, eta geure buruari esan genion bazela garaia pertsonok hirian protagonista izateko. Hiritarrek espazioak berriz hartzean arrakala bat zabaldu zen kapitalaren hirian. Denboran hurbil badugu ere, memoria laburra dugu, eta ia ahaztu zaigu orduan jazotakoa. Aldaketarako aukera zabaldu zitzaigun, baina zirrikitua behar beste baliatu ote dugu?
Hiriaren birjabetzeaz ari garenean, ezin dugu ahaztu 8-80 esan izan zaion hirigintza kontzeptua. Kontzeptuaren ideia zera da, hiri bat 8 urteko neskato batek eta 80 urteko adineko emakume batek modu autonomoan bizitzeko prestatuta baldin badago, hiri hori biztanle gehienentzat bizitzeko modukoa dela. Eta, bai, neskek eta adineko emakumeek izan behar dute, femeninoan, eta, are gehiago, migratzaileak, txiroak eta dibertsitate funtzionala dutenak. Izan ere, gure hiriek gero eta jende gehiago uzten dute kanpoan, arlo ekonomikoan, bizitokiaren arloan, lan munduan eta zerbitzuen eskuragarritasunean. Aldiz, hiria kolektibo zaurgarrienentzat pentsatzen badugu, hiri inklusiboan pentsatzen ariko gara. “Hiriek jende guztiari zerbait emateko gaitasuna dute guztientzat sortzen direnean, Jane Jacobsek 60ko hamarkadan esan zuen bezala. Hiria bere konplexutasun osoan irakurri behar dugu, eta, hortaz, hiri inklusibo bat izan dadin, komunitatean, zerbitzuetan, ekonomian, hezkuntzan eta kulturan erreparatu beharko genuke.
Hiria jendearentzat egiteaz ari garenean, praktikan zertaz ari garen jakiteko Bartzelonan garatzen ari diren proiektua ekarri nahi dugu adibide bezala, Super Illes izenekoa hain zuzen. Proiektu horren helburua da etxe irlak elkartuz hiri-ordena berrezartzea. Etxe irlak batzeak espazio publiko berriak irabazteko aukera ematen du, lehen hiri-autobideak ziren kaleetan hurbileko plazak eta bide berdeak sortuz. Leku Studiok garatutako San Antoni auzoko Super Illa proiektua dakargu, adibide gisa. Lehen autoak zeuden lekuan, orain plaza berri bat dago, bizitzaz betea eta naturaz inguratua. Ibilgailuen zarata haurren jolasek eta bizilagunen arteko elkarrizketek ordezkatzen dute. Modelo-aldaketa eraginkorra da, baina eraldaketarekin batera, diseinu malgua eta moldagarria proposatzen da, beharrak aldatu ahala moldatzeko modukoa.
Beraz, bide horretan, herritar bezala defenda dezagun kalea, gutxienez, erresistentziarako espazio gisa, herri lur gisa. Eta, hirigile eta arkitekto izaeratik, pentsa dezagun eta diseinatu dezagun kalea espazio demokratiko gisa. Berdinen arteko bizitzak garatzeko aukera ematen duten kale eta plazak behar ditugu, haietaz birjabetuz eta gure eginez.