Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zertaz ari gara “ekoizpen kolektiboa” diogunean?

Lurtaro proiektu kolektiboa da. Kolektibotasunetik eraiki nahi dugu etorkizuneko elikadura sistema; horretarako, hiru zutabe dituen proiektua landu dugu: ekoizpena, denda eta biltokia.

Proiektuaren sorreran, garbi genuen elikaduraren ahalik eta ikuspegirik zabalenarekin egin nahi genuela lan. Horrek, halabeharrez, elikadura katean parte hartzen duten katebegien elkarlanera eraman gintuen, baina baita katebegi bakoitzeko eragile eta norbanakoen elkarlanera ere.

Ez naiz lerro hauetan tokiko elikadura sistema hankaz gora jarri duten politikak eta gertaerak azaltzen hasiko, luzeegi joko luke: industrializazioa, Europako Batasuneko politikak –zehazki, NPB eta nekazaritza politikak–, iraultza berdea, merkatu liberala, patriarkatua, kolonialismoa… Baina badakigu zein den panorama: Euskal Herrian jaten dugunaren %95 kanpotik dator; gaur egun dauden ekoizpenetako asko egoera prekarioan daude, lurrik emankorrenak artifizializatu ditugu, ez dago erreleborik… Horixe argazkia. Ezkortasunean erortzeko bada nahiko arrazoi, baina, osasuntsu jateari eutsi nahi badiogu eta jaten dugun horretatik gizarte hobea eraiki nahi badugu eta gainera klima larrialdiari aurre egingo dioten ekoizpen ereduak nahi baditugu, elkartu beste aukerarik ez zaigu geratzen. Herri bezala dugun erronkari kolektiboki erantzun beharko diogu.

Hala ere, argazki ilun horretan, bada ekoizpenean hasteko eta eusteko apustua egiten duenik ere. Baina, gaur egun, bokazioz aritzea eskatzen da, bizibidea bizimodu bihurtzea eta horretarako bizitzea. Beste askotan gertatzen den bezala, hemen ere, diskurtso erromantikoekin estaltzen dugu prekarietatea. Bultzatu diren elikadura politikek agroindustria indartu dute eta zail da antolaketarik gabe indar horiei aurre egitea. Beraz, zergatik ez dugu ekoizle, kontsumitzaile eta gainerako eragileek elkarrekin urratzen bidea?

Martxan jarri nahi den denda eta biltegia hornitzeko tokiko ekoizpena behar dela gauza jakina da. Horrek eskualdeko argazkia berritzea eskatu digu, nor ari garen, nola… Elkar ezagutzeko bidea ari da izaten. Elkarren ezagutza horretatik eta kolektibotik ekoizpenaren antolaketa diseinatzen ari gara. Zenbat behar dugun, zenbat daukagun eta nork ekoitziko duen eta noiz. Baina, horrez gain, ekoizpen berriak behar ditugula ere badakigu, eta hor ere kolektiboki aritzea ezinbesteko ikusten dugu. Izan ere, lehen esan bezala, gaur egun dauden baldintzatan, bokazioz hastea al da aukera bakarra? Inolako sostengurik gabe hasi behar dugu ala kooperatiba batean antolatuta dauden ekoizle, kontsumitzaile eta eragileen sarearekin hastea errazagoa da? Guk argi dugu azken hori dela gure hautua eta horretan ari gara. Familiaren gain erortzen diren ekoizpen ereduak ote dira ba aukera bakarra? Ez ote dugu harreman berrietan oinarritutako ereduak probatzen hasteko garaia?

Honez gain, agroekologiaren nondik norakoak azaldu nahian aritu naiz aurreko artikulu batean. Esan bezala, agroekologia da Lurtaroren itsasargietako bat; horrelakoa nahi genuke etorkizuneko elikadura eredua. Gaur egun, gutxiengoa da ekoizpen eredu hori. Baina ikusten ari gara ekoizpen industrialen eta banaketa sareen eta industriaren menpe dauden ekoizpenen egoera ez dela ona, eta gero eta gehiago direla eredua zalantzan jarri eta agroekologiaren oinarrietara gerturatzen ari direnak.

Horrelako proiektuek eredu talkak gainditzeko balio dutela uste dugu. Nola lor genezake etorkizun agroekologiko hori, ez bada elkarrekin trantsizioa eginez? Trantsizio hori lortzeko, lehenik sinetsi egin beharra dugu eredu aldaketa behar dugula. Ea, bigarrenik, ekoizpenetan eraldaketak egiteko baliabide materialak behar dira. Erakunde publikoei etorkizuneko elikadura osasuntsu baterako oinarriak jar ditzaten eskatzea ere kolektiboki egin beharreko zerbait da. Bitartean, kooperatibaren bidez landuko dugu trantsizioaren lurra, ea nahi baino lehen hasten den uzta ematen.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?