Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Zer da agroekologia?

Lurtaro proiektu kolektiboa da. Kolektibotasunetik eraiki nahi dugu etorkizuneko elikadura sistema; horretarako hiru zutabe dituen proiektua landu dugu: ekoizpen, denda eta biltoki kolektibo eta kooperatiboa.

Proiektu kooperatibo horrek bi itsasargi ditu: ekonomia sozial eraldatzailea eta agroekologia. Azken urteetan gero eta gehiagotan entzuten badugu ere, zer da zehazki AGROEKOLOGIA? Ea inguruan ohikoenak diren lau galdera hauei erantzunez dimentsio horiei tripak atera eta argirik ikusten dugun:

    1. Zer da Agroekologia?

Agroekologia elikagaiak sortzeko teknikatik harago doan sistema da. Honako dimentsio hauek hartzen ditu kontuan: dimentsio ekologikoa, sozioekonomikoa, soziopolitikoa eta kulturala. Dimentsio horien orekatik eta txirikordetatik eraikitzen da. Tokiko lurraldera egokitua dago; tokiko baliabide material eta naturalak aintzat hartzen ditu, tokian-tokian ekonomia sortzen du, merkaturatze sare hurbilak garatzen ditu, tokiko hazi barietateak eta arrazak erabiltzen ditu, lan baldintza duinak bultzatzen ditu —nahiz eta, sektorea nola dagoen ikusita, zaila den hori bermatzea—, biodibertsitatea aberasten du, giza neurrikoak diren baserri eta proiektuak sortzen ditu, lurraldearen elikadura burujabetza aldarrikatu eta praktikara eramaten du… Horixe da agroekologia.

    1. Ekologia eta agroekologikoa gauza bera al dira?

Ekoizpen ekologikoa produktu kimiko sintetiko eta genetikoki eraldatutako organismorik erabiltzen ez duen ekoizpen modua da. Horixe da zigilu ekologikoek ziurtatzen digutena ere: ekoizpen teknika. Beraz, ekoizpen bat agroekologikoa bada ekologikoa ere izango da. Baina, ekologikoa soilik bada, ez da agroekologikoa izango.

Hau da, ekoizpen ekologikoak dimentsio ekologikoaren zati bat betetzen du. Baina, zigilu ekologikoa izanagatik, ez du zertan bertakoa izan: kalabaza hori Argentinatik ekarria izan liteke, edo Indiatik arroza. Edo ez du zertan giza neurrira egindako ekoizpenetik etorria izan. Gero eta gehiago dira agroindustriak eskaintzen dizkigun produktu ekologikoak. Esaterako, tokiko komunitateen lurretan giza eta natur baliabideen esplotaziotik eratorriak.

    1. KM0 eta agroekologia gauza bera al dira?

Tokiko produktu batek ez du zertan agroekologikoa izan, baina agroekologikoa bada tokikoa eta ingurukoa. KM0 izena duen haragia bertakoa dela esaten da, nahiz eta pentsua Amazoniatik ekarria izan eta animalia ukuilutik atera gabe hazi. Tokikoa da hidroponikoan (lurrik gabe eta energia kontsumo handiarekin) hazitako letxuga ere. Baina ez dira agroekologikoak izango hasieran aipatutako dimentsio horiek kontuan hartzen ez dituztelako.

    1. Elikadura burujabetza eta agroekologia gauza bera al dira?

Definizioz ez dira gauza bera, baina txanpon beraren bi alde direla esango nuke. Elikadura burujabetza herri bakoitzak bere elikadura sistema erabakitzeko duen eskubidea da. Beraz, bakoitza bere elikadura sistema definitzen hasten bada, nola defini dezakezu halakorik gureak beste herrien eskubidea urratzen badu?

Eskubide horretan egiten dute bat elikadura burujabetzak eta agroekologiak. Tokiko baliabideak erabiliz, industriaren dependentzia ahalik eta txikiena, merkaturatze bide ahalik eta gertukoena eta zuzenena aldarrikatzen dugu. Elikadura katean parte hartzen dutenen lan baldintza duinak bultzatzen dira eta horrek ere gure herrikoen lan baldintzez gain beste herrialdeetakoenak ere aldarrikatu behar ditu.

Beraz, nola lor genezake elikadura burujabetza ez bada agroekologiatik? Nola lor daiteke elikadura burujabetza gure abereak elikatuko dituen bazka itsasontzietan ekartzen badugu? Edo lurrak ongarritzeko produktu kimikoak erabiltzen baditugu eta horiek Ukrainia bezalako herrialdeetatik ekartzen baditugu? Nola kinoa bezalako lehengaiak gure dietaren egunerokotasunean sartzen baditugu eta horretarako beste herrialdeei kentzen badizkiegu?

Elikadura burujabetza helburu duenak agroekologiatik egin beharko du bidea; bestela, aldarri hutsa izango da. Eta barka, baina ez gaude aldarrikapen hutsetan geratzeko garaietan.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?