Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Lurraren aro, LURTARO

Izango dira jada hiru urte, akaso lau ere bai, lehen aldiz biltzen hasi ginenetik. Gauza asko pasatu da geroztik; gora egin dugu, behera ere bai, baina ekinean jarraitzen dugu. Kezka batek elkartu gintuen, edo, akaso, kezka askoren lotura izan zen: zer jaten dugu? Nondik dator? Nork ekoizten dute? Nola? Nolako lan baldintzatan? Eta bizi baldintzak? Nor aberasten da eta nor pobretzen du?… Nahi beste luza genezake zerrenda.

Akaso, bizi garen garai hauetan, gehiago dira zalantzak ziurtasunak baino. Ez da arrazoirik falta ezkortasunerako, ezta asko behar sistemaren inertzietan erortzeko ere. Baina, hortik atera eta askorentzat utopia izango bada ere, bestelako bideak urratu eta proiektu berritzaileak sortzeko garaia ere bada. Zer esanik ez Euskal Herrian zehar ere utopia beraren alde denetariko proiektuak sortzen ari direnean.

Hasieran esan bezala, galdera askok elkartu gintuen, baina bazen hari bat galdera guztiak elkartzen zituena: ELIKADURA. Hori da Lurtarok landu nahi duen lurra. Lur horretatik iritsi gara Tolosalderako proiektu bat ereitera eta ernaltze prozesu horretan jarraituko dugu 2023. urte honetan ere. Datozen lerro eta artikuluetan bildu ditugu proiektuaren nondik norakoak.

Dena den, zergatia azaltzea proiektua bera aurkeztea bezain garrantzitsua dela uste dut. Zergatik heldu diogu elikadurari? Batetik, gure eskualdean hainbeste borroka, lanketa eta proiektu baldin badaude ere ez dagoelako elikadurari lotutakorik. Eta, bestetik, ez dut uste gauzak kasualitatez egoten direnik itzalean; dena ez da gizartearen interesik eza edo utzikeria; itzaleko errealitateak propio zokoratzen dira, inor gutxi ohartu gabe kapitalak nahi duen eran erabil dezakeelako. Eta horixe da elikadurarekin gertatzen dena.

Egunero presente daukagu; jan gabe ez gara, jan gabe hilko ginateke. Gainera, euskaldunok mahaiaren bueltan bizi garela esatea ere ez da halako astekaria, ezta? Bada, mahai bueltan biltzen gara ahoratzen dugun horren atzean dagoena ezagutu ere egin gabe. Horregatik hartu dugu ELIKADURA eragiteko esparru bezala; ohart gaitezen etxeko intimitateko gosarian bezala herri afarietan ahoratzen dugun horretan ere badaudela lurraldea, kultura, paisaia, ekologia, ekonomia, pertsonak, lan baldintzak eta beste herrien zapalkuntzak ere. Horregatik jarri genion izena ere, itzaletik argitarako jauzia egin eta lurraren garaia dela aldarrikatzeko: lurraren aro, LURTARO.

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?