Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Lurreratzen

Edozein proposamen eraldatzailek, balekoa izan dadin, ezinbestekoa du lurreratzea. Eraldaketa ez baita hitzez adierazten den jarrera bat soilik. Egunerokoan, gure ekimenez, egiten dugun jarrera aldaketa baizik. Eraldatzeak, beraz, aldatzea esan nahi du. Aldaketak gauzatzea norabide batean. Errealitate berriak sortzea. Etorkizuna bestelakoa izan daitekeela barneratzeko, gaurdanik bestelako etorkizun eta egunerokoak eraikitzea.

Dena den, errealitate berriak ez dira ezerezaren gainean sortzen. Lurraldea dute oinarri, eta lurralde hori osatzen duten bizitzak oparoago egitea helburu. Lurraldea ez baita soilik zapaltzen dugun lurra. Jaten, arnasten eta bizitzarako ezinbestekoak diren baliabideak eskaintzen dizkigun hori. Lurraldea, haren gainean gabiltzan pertsonek ere osatzen dugu. Edo, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek esango luketen gisan, lurraldea ez da bertan gurutzatzen diren gorputzek egiten duten hura besterik. Gorputzen elkargunea da bizi dugun lurraldea.

Beraz, gure lurraldeak pentsatzen ditugunean, gure bizitzak ere pentsatzen ditugu, baldintzatzen ditugu. Horregatik, lurralde garapenerako estrategiek bizitzak izan behar dituzte erdigunean. β€œEta zer esan nahi du horrek?”, galdetuko du baten batek. Lurraldeak osatzen ditugun pertsonen eta komunitateen beharrak asetzea izan behar dugula helburu. Beharrak asetzea, horretarako demokratikoak diren tresna ekonomikoak sortuz (demokraziarik ezean, ez baita lurralde bizigarririk). Eta behar horiek asetzeko moduak, zapaltzen dugun lurrarekin bateragarri eginez. Laburbilduz, lurralde burujabeak sortzea da erronka, komunitateak berriz ere ahaldunduz, eta merkatuaren logika zikoitzetatik harago gure bizitzak oparotasunez betetzeko baliabide eta zerbitzuak elkarrekin sortuz.

Lurralde burujabeak sortzeko, ordea, ekonomia plural bateranzko ibilbidea egin behar dugu. Ez helburua hori delako. Helbururantz eramango gaituzten pausoak irudikatzeko ezinbestekoa dugulako helburura gerturatzea. Beharretan oinarritu behar dugu gure ehun ekonomikoa. Ez eskasiaren kudeaketan, denontzako oparotasunaren sorkuntzan baizik. Ekonomia beste modu batera egin daitekeela sinistetik harago, bizi egin behar dugu. Sentitu, parte hartu eta zabaldu. Bide horretan, funtsezkoa da ekonomia egoiliarreko zein kooperatibismo klasikoko eragileekin aliantzak eraikitzea. Aurrean daukagun oldarraldi neoliberal digitalari aurre egiteko, guztion indarra ezinbestekoa izango baita. Gure lurraldeak kapitalaren eta bizitzaren arteko gudu zelai dira egunerokoan. Hasi HAPOetatik eta Glovoren azken banatzaileraino. Eta, eremu horietan denetan, dagokigu eragitea.

Horregatik josten ari gara Biziola sarea Goierrin. Eskualdean bestelako norabide bat marraztu nahi dugulako. Abiatzen garen errealitateaz jakitun bestelako etorkizun bat nahi dugulako. Ate joka ditugun erronkei etxeko sukaldera sartu aurretik hasi nahi dugulako erantzuten. Eta erantzun horietan eskualdeko herritar denek kabida izan dezaten nahi dugulako. Bide horretan badugu zer ikasia, azken hamarkadetan eskualdean izandako prozesu komunitario, sozial, ekonomiko zein politiko askotarikoetatik. Izan ere, identitate kolektiboa hamarkada luzeetan ongarritu duen eskualdea da gurea. Bada garaia esku, buru eta bihotz ugari zeharkatzen dituen lur ongarritua fruituak eman has dadin.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    πŸ’¬ Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! πŸ‘‹
    Laguntzea nahi?