Iragarki LaburrakIragarki Laburrak

Hemen eta online saldu, erosi, trukatu, oparitu... euskaraz!

Landare olioa egiteko errezeta

Landare olioak etxean egitea erraza eta dibertigarria da. Gure haurrekin egin ditzakegu, eta natura ezagutzeko aukera ematen digute: basoan, baratzean zein parkean bil ditzakegu landareak. Bestalde, botika naturalak dira, eta norbere burua zaintzeko erabil ditzakegu.

Loreak eta belarrak oliotan infusionatzea modu zoragarria da larruazaleko arazo asko gainditzeko. Gainera, eskuz egiten den produktu ona da, hondakinik sorrarazten ez duena eta erabilgarria: opariak egiteko oso aproposa baita, gauza praktikoak oparitzea gustuko baduzu.

Olioek landarearen usain apur bat gordetzen dute; beraz, ideia bikaina da usain leuneko produktu bat egin nahi baduzu eta olio esentzialik erabili nahi ez baduzu.

Duela gutxi, olio bat prestatu nuen izpilikuarekin. Izpilikuak duen propietate lasaigarri eta antiinflamatorioari esker, larruazal estresatuari lagundu nion.

 

Zein landare olio egin ditzaket?

Ohikoenak: ilenarena, izpilikuarena eta kamamilarena dira.

 

Zertarako erabil ditzaket?

Ilena (Calendula officinalis) larruazaleko arazoetarako erabiliko dugu. Izpilikuaren (Lavandula sp.) olioa xaboiak egiteko, baita arnas aparatuko gaitzetarako ere (eztula dugunean, adibidez). Kamamila, berriz (Chamomilla sp.), zaurietarako.

 

Nola egin olio infusioa?

Horretarako, beharko duzu:

– Aukeratzen duzunaren lore edo belar lehorrak.

– Zure potoa betetzeko aukeratuko duzun olioa (oliba olioa, almendra gozoarena eta ekilore olioa gustatzen zaizkit, azido oleikotan aberatsak direlako, aproposak azal lehor eta sentikorrentzat).

– Aukerakoa: E bitamina (koilaratxo bat marmelada poto baterako).

– Pare bat beirazko poto garbi: bata olio infusioa egiteko eta bestea infusioa iragazteko.

– Muselinazko oihal bat edo poltsa edo galtzerdi garbi bat!

 

Prozedura

– Bete poto bat belarrez. Ez bete inoiz goialderaino; estalkia ixteko leku pixka bat egon dadila. Hoberena potoaren herena jartzea landarearekin.

– Gehitu olioa eta aukerako E bitamina, eta itxi tapa ondo.

– Utzi potoa 2 eta 6 astez infusiotan. Horretarako, armairu ilun batean sartuko dugu, eguzki izpirik ez dezan jaso zuzenean.

– Denbora hori pasatu ondoren, ireki potoa eta irabiatu belarrak. Horretarako, egurrezko koilara bat erabil dezakezu.

– Jarri oihala irekitako potoaren inguruan.

– Hartu zure beste beirazko poto garbia, eta bota bestean dagoen infusioa.

– Itxi estalkia, eta ez ahaztu potoa etiketatzea.

 

Prest duzu olioa. Olio horiek larruazalean erabil ditzakegu, eta ukendua ere egin dezakegu.

Ukendua egiteko, olioa berotuko dugu, eta bertan argizaria urtu. Nahaste guztiaren %10 jarriko dugu argizaritik. Hau da, 90 g landare olio +10 g argizari = 100 g ukendu. Ukendu hori, sendagarria ez ezik —zauriak eta larruazaleko gaitzak sendatzeko balio du—, krema hidratatzaile gisa erabil dezakegu.

 

Argazkia

Eman izena eta izan iragarkien berri beste inork baino lehen


    Txata ireki
    💬 Laguntza edo argibiderik behar?
    Kaixo! 👋
    Laguntzea nahi?